Zer da maximetroa?
[També en: català] | [También en: castellano] | [Tamén en galego] |
Maximetroa instalazio elektrikoan erabilitako gehienezko potentzia erregistratzen duen neurketa-tresna da.
Maximetroa duten hornidura-puntuetan, potentzia ez da mugatua, Potentzia Kontrolatzeko Etengailua (PKE) duten etxeko instalazioetan ez bezala. Beraz, maximetroarekin, kontrataturiko potentzia gainditu daiteke etenik jasan gabe.
Kontratatutako potentzia gainditzen denean, zigorrak esteka honetan azaltzen dugun bezala fakturatuko dira: Nola kalkulatzen da potentziaren kostua maximetroarekin?
Ze instalazio daukate maximetroa?
- 15 kW-tik gorako potentzia kontratatuta duten instalazio guztiek, hau da, 3.0A tarifa edo handiagoa kontratatuta duten instalazioek, besterik adierazi ezean, potentzia maximetroaren arabera fakturatuko dute.
- Etxeko tarifak (2.0 eta 2.1) dituzten hornidura-puntuek ere maximetroa izan dezakete, "ez etengarritzat" jotzen den elementuren bat badute.
"Elementu ez etengarriak" hornidura elektriko etengabea behar duten gailuak dira, buletin edo ziurtagiri elektrikoa igortzen duen teknikariaren arabera, adibidez:
- Igogailuak.
- Garajeetako aireztapen behartuko ekipoak.
- Edateko ura eta suteak itzaltzeko ura hornitzen duten presio-taldeak.
- Garajeetako ate elektrikoak.
Halaber, honako kasu hauetan PKE maximetroarekin ordezkatzea eska daiteke:
- Ospitaleak, bereziki zainketa intentsiboetako unitateak eta ebakuntza-gelak.
- Ohiz kanpoko osasun-egoerak dituzten pertsonen kontratuak: arnasketa lagundua edo dialisia behar denean.
Nola erregistratzen da erabilitako gehienezko potentzia?
Maximetroak, 15 minutuz, erabilitako potentziaren batezbestekoa kalkulatzen du. Fakturan fakturazio-aldiko batez besteko potentzia handiena ageriko da.
Datu hori garrantzitsua da, igogailuen kasuan esaterako. Izan ere, igogailuak puntako potentzia erabiltzen du abioan, denbora labur batez, baina maximetroan ez da potentzia hori agertzen.
Elementu ez etengarriak dituzten 2.0TD tarifen eta 15-50 kW (biak barne) bitarteko potentzia duten tarifen kasuan, ordu-laurdeneko gehieneko potentzien erregistroa potentzia-gehiegikerien kostua kalkulatzeko erabiltzen da, erabilitako potentziaren arabera. Esteka hauetan informazio gehiago aurkituko duzu:
- Potentziaren eta potentzia-gehiegikerien kostua 2.0TD tarifan elementu ez etengarriekin
- Potentzia-gehiegikerien kostua 15 eta 50 kW bitarteko tarifetan
50 kW-tik gorako potentzia duten 3.0TD tarifen eta goi-tentsioko 6.1TD, 6.2TD, 6.3TD eta 6.4TD tarifen kasuan, ordu-laurdeneko erregistro guztiak hartzen dira kontuan, eta ordu-laurden horretan erabilitako potentziaren batezbestekoa kontratatutakoa baino handiagoa bada bakarrik aplikatuko da zigorra. Artikulu honetan azaltzen dugu hori: