Ordutegi-tarteen 3.0TD tarifa
[També en: català] | [También en: castellano] | [Tamén en galego] |
Ordutegi-tarteen 3.0TD tarifa eta 3.0TD tarifa indexatua 15 kW-tik gorako potentzia kontratatuta duten behe-tentsioko hornidura-puntu guztien tarifak dira: enpresa txiki eta ertainak, ostalaritza-zerbitzuak, jatetxeak, hotelak, okindegiak, eskolak, bulegoak, auzo-komunitateak, eta abar.
Kasu hauetarako bi tarifa daude eskuragarri eskualde bakoitzean (penintsula, Balearrak eta Kanariak):
- Ordutegi-tarteen 3.0TD tarifa
- 3.0TD tarifa indexatua
Artikulu honetan ordutegi-tarteen 3.0TD tarifaren ezaugarriak azaltzen ditugu (3.0TD tarifa indexatuarenak beste artikulu honetan aurkituko dituzu).
Jarraian, ordutegi-tarteen 3.0TD tarifaren inguruko puntu hauek jorratuko ditugu:
- Ordutegi-tarteen 3.0TD tarifaren ezaugarriak
- Ordutegi-tarteen 3.0TD tarifaren ordutegiak
- Sei potentzia kontratatzeko aukera
- Kontratatutako potentzia gainditzeko aukera
- Nola fakturatzen da ordutegi-tarteen 3.0TD tarifarekin?
Ordutegi-tarteen 3.0TD tarifaren ezaugarriak
Ordutegi-tarteen 3.0TD tarifarekin, Som Energiak aurreikuspenak egiten ditu eta energia hainbat hilabete lehenago erosten du futuroen merkatuetan. Horregatik, prezioak aurrez ezarri daitezke. Energiaren eguneko merkatuak izan ditzakeen goranzko zein beheranzko fluktuazioek ez diete zuzenean eragiten pertsona eta erakunde erabiltzaileei.
Ordutegi-tarteen 3.0TD tarifaren ordutegiak
3.0TD tarifak 6 energia- eta potentzia-une ditu (P1, P2, P3, P4, P5 eta P6), eta une bakoitzean energiaren eta potentziaren prezioa desberdina da.
Eskualdearen (penintsula, Balearrak eta Kanariak) arabera eta urteko hilabetearen arabera, une bat edo beste aplikatuko da. Informazio gehiago aurkituko duzu artikulu honetan: 3.0TD tarifaren eta goi-tentsioko 6.1TD, 6.2TD, 6.3TD eta 6.4TD tarifen ordutegiak eta uneak.
Sei potentzia kontratatzeko aukera
Potentzia desberdin bat kontrata daiteke sei uneetako bakoitzerako, eta potentzia-uneak energia-uneekin bat datoz. Baina potentzia gorakorren irizpideari jarraitu behar diote, hau da, denboraldi jakin baterako kontratatutako potentzia aurreko denboraldirako kontratatutakoaren berbera edo handiagoa izango da. Horrek zera esan nahi du: P1 ≤ P2 ≤ P3 ≤ P4 ≤ P5 ≤ P6.
Kontratatutako potentzia gainditzeko aukera
Hornidura ez da inola ere etengo kontratatutakoa baino handiagoa den potentzia bat erabiltzeagatik. Haatik, jarraian azaltzen den bezala, kontratatutakoa baino handiagoa den potentzia bat erabiltzeak kostu ekonomiko bat izan dezake.
Nola fakturatzen da ordutegi-tarteen 3.0TD tarifarekin?
Potentziaren fakturazioa
Potentzia-terminoa bi kontzeptutan fakturatzen da: alde batetik, sei uneetako bakoitzerako kontratatutako potentzia fakturatzen da eta, bestetik, potentzia-gehiegikeriak edo zigorrak, une bakoitzerako kontratatutako potentzia gainditzen denean.
Zigorren kostua zehazteko, kontratatutako potentzia hartu behar da kontuan.
- Hala, 50kW-ko edo hortik beherako potentzia bat kontratatzen dugunean, kontratatutako potentzia gainditzeagatik ezarritako zigorra honela kalkulatuko da: gainditutako potentziaren prezioa bider erabilitako potentziaren eta kontratatutako potentziaren arteko diferentziaren bikoitza. Informazio gehiago aurkituko duzu artikulu honetan: Potentzia-gehiegikerien kostua 50 kW bitarteko tarifetan
- 50 kW-tik gorakopotentzia (gutxienez une baterako) edo zerbitzu osagarrietarako kontratatzen dugunean, potentzia hori gainditzearen ondoriozko zigorra kontratatutako potentzia gainditzen duen ordu-laurden bakoitzeko ezarriko da. Informazio gehiago aurkituko duzu artikulu honetan: Potentzia-gehiegikerien kostua 50 kW-tik gorako tarifetan eta zerbitzu osagarrietan.
Ordutegi-tarteen 3.0TD tarifan, potentzia-terminoan, ez dugu aplikatzen Kooperatibaren bideragarritasuna bermatzeko marjina. Beraz, legez xedatutako prezioa aplikatzen dugu (gure webguneko tarifen atalean kontsulta dezakezu).
Erabilitako energiaren fakturazioa
Une bakoitzean erabilitako energiaren kostua da. Hala kalkulatzen da: une bakoitzean erabilitako kWh-ak bider une bakoitzean kWh-ak duen prezioa.
Energia aktiboaren prezioa (€ / kWh) desberdina da une bakoitzean: Som Energiaren prezioak gure webguneko tarifen atalean daude ikusgai.
Energia erreaktiboaren fakturazioa
Instalazio elektrikoetan energia erreaktiboa agertzen da funtzionatzeko eremu magnetiko eta elektrikoak sortu behar dituzten aparatuak erabiltzen direnean. Energia erreaktiboak banaketa oztopatzen du; horregatik, sarera energia gehiegi isurtzearen ondoriozko errekarguak sortu ziren. Termino honetan, Som Energiak ez du ezein marjina ekonomikorik aplikatzen.
Fakturako beste kontzeptu batzuk
Fakturan kostu osoa kalkulatzeko gehitu behar diren beste kontzeptu batzuk ikusiko dituzu:
- Bonu soziala: kontratu bakoitzak bonu soziala finantzatzeko egiten duen ekarpena. Kontzeptu honi elektrizitatearen gaineko zerga eta BEZa aplikatzen zaizkio.
- Elektrizitatearen gaineko zerga: Gobernuak araututako zerga bat da eta BEZa ezarri behar zaio. Legeak hobariak ezartzen ditu jarduera ekonomiko jakin batzuetarako. Esteka honetan azaltzen dugu hori:Elektrizitatearen gaineko zergaren hobaria.
- Kontagailuaren alokairua: gure fakturaren bidez banatzaileari ordaintzen diozun kostu bat da. Legez araututako balio bat da; beraz, ez da aldatuko enpresa merkaturatzaile batetik bestera.
- BEZa: gaur egun, % 21eko BEZa aplikatzen da ia zenbateko guztietan: kontratatutako potentzia, potentzia-gehiegikerien zigorrak, erabilitako elektrizitatea, energia erreaktiboa, bonu soziala, kontagailuaren alokairua, elektrizitatearen gaineko zerga, aldaketak eta altak egiteagatik edo beste kontzeptuengatik kobratutako kargu osagarriak, eta abar.Kanarietan, Kanarietako Zeharkako Zerga Orokorra (IGIC) aplikatzen da.
- Fakturan beste kontzeptu hauek ager daitezke:
- Sarbide-, luzapen- edo lotura-eskubideak: kontratu-aldaketak, hornidura-altak eta konexio-aldaketak egiten badituzu bakarrik agertuko dira. Enpresa banatzaileak errekargu arautu horiek gure fakturaren bidez kobratuko dizkizu.
- Som Energiari egindako borondatezko dohaina: borondatezko dohaina egiten duten pertsonek eta erakundeek (erabiltzen duten kWh bakoitzeko, zentimo bateko ekarpena Kooperatiba garatzen laguntzeko) atal honetan aurkituko dute kontzeptu hori. Zenbatekoa honela kalkulatzen da: zentimo bat bider erabilitako kWh kopurua.
Kontzeptu guztien (kontratatutako potentziaren fakturazioa, potentzia-gehiegikeriak, erabilitako elektrizitatearen fakturazioa, energia erreaktiboa, bonu soziala, zergak eta beste kostu batzuk) batura da fakturaren zenbateko osoa.