Goi-tentsioko 6.1TD, 6.2TD, 6.3TD eta 6.4TD tarifa indexatuak

[També en: català] [También en: castellano] [Tamén en galego]

Ordutegi-tarteen 6.1TD, 6.2TD, 6.3TD eta 6.4TD tarifak eta 6.1TD, 6.2TD, 6.3TD eta 6.4TD tarifa indexatuak goi-tentsioko hornidura-puntu guztien (hau da, 1 kV-tik gorako sarrera-tentsioa dutenak) tarifak dira.

Horiek dira tarifa ohikoenak industrialdeetan, baina baita behe-tentsioko banaketa-sareetatik urrun dauden hornidura-puntuetan ere, zeinak goi-tentsioko sareetara konektatzen baitira. Landa-eremuetan gertatu ohi da hori.

Tentsioaren arabera, honako sarrera-tarifa hauek izango ditugu:

  • 6.1TD tarifa: 1 kV-tik gorako baina 30 kV-tik beherako tentsioa.
  • 6.2TD tarifa: 30 kV-ko edo hortik gorako eta 72,5 kV-tik beherako tentsioa.
  • 6.3TD tarifa: 72,5 kV-ko edo hortik gorako eta 145 kV-tik beherako tentsioa.
  • 6.4TD tarifa: 145 kV-ko edo hortik gorako tentsioa.

Kasu hauetarako honako tarifa hauek daude eskuragarri eskualde bakoitzean (penintsula, Balearrak eta Kanariak):

  • Ordutegi-tarteen 6.1TD, 6.2TD, 6.3TD eta 6.4TD tarifak
  • 6.1TD, 6.2TD, 6.3TD eta 6.4TD tarifa indexatuak

Artikulu honetan 6.1TD, 6.2TD, 6.3TD eta 6.4TD tarifa indexatuen ezaugarriak azaltzen ditugu (ordutegi-tarteen 6.1TD, 6.2TD, 6.3TD eta 6.4TD tarifenak beste artikulu honetan aurkituko dituzu).

Goi-tentsioko tarifa indexatuetan, pertsona eta enpresa kontsumitzaileei energiak eguneko handizkako merkatuan duen kostua zuzenean aplikatzen zaie. Hortaz, prezio-bariazioak gertatu eta berehala egozten zaizkie erabiltzaileei. Merkatuan energiaren prezioa jaisten denean, tarifaren prezioak ere jaisten dira, eta merkatuan energiaren prezioa igotzen denean, tarifaren prezioak ere igotzen dira.

Honako gai hauek jorratuko ditugu:

Prezioaren osaera

Tarifa indexatuan eta ordutegi-tarteen tarifan prezioak kontzeptu berberak barne hartzen ditu:

  • Energiaren kostua.
  • Araudiak xedatzen dituen karguak eta bidesariak.
  • Energia kontsumitu ahal izateko ordaindu beharreko beste kontzeptu batzuk.
  • Energiaren jatorria % 100 berriztagarria dela bermatzen duten ziurtagiriak eskuratzeko kostua.
  • Desbideraketen kostua.
  • Kooperatibarentzako marjina. Ez da mozkin ekonomikoa lortzeko marjina bat, baizik eta gure jarduera egiteko (langileen soldatak, bulegoen alokairua, materialak eta beste ordaintzea) behar dugun marjina.

Nola ezartzen ditugu prezioak Som Energian? artikuluan horri buruzko informazio xehatua aurkituko duzu.

Energiaren prezioaz gain, potentziaren prezioa dago. Potentziaren prezioa berbera da tarifa indexatuan eta ordutegi-tarteen tarifan. Horrez gain, bi tarifek beste kontzeptu komun batzuk dituzte:

  • Kontagailuaren alokairua.
  • Bonu soziala.
  • Potentzia-gehiegikeriak (beharrezkoa izango balitz).
  • Energia erreaktiboa (beharrezkoa izango balitz).
  • Zergak (BEZa, IGIC eta elektrizitatearen gaineko zerga).
  • Beste kontzeptu batzuk agertu daitezke: sarbide-, luzapen- edo lotura-eskubideak…

Energiak prezio desberdina du orduero

Tarifa honen beste bereizgarri bat da ordu bakoitzakprezio desberdina duela, eta prezioa egunero aldatzen dela. Eguneko merkatuko prezioa aplikatzen denez, prezioa ezin da aurrez ezagutu. Egun bat lehenago gauza bakarra jakin daiteke: prezioak altuak edo baxuak izango diren, eta zeintzuk izango diren eguneko ordu garestienak eta merkeenak.

Energiaren orduko prezioa kalkulatzeko formula bat erabiltzen da, non energiak ordu horretan duen kostua eta energia eskuratzeko gainerako kostuak sartzen baitira. Hau da, orduko prezioak handizkako merkatuak ezartzen duen prezioa eta energia erostearen ondoriozko gainerako kostuak barne hartzen ditu. Formula Laguntza Guneko beste artikulu honetan ikusi dezakezu.

Sei potentzia kontratatzeko aukera

Tarifa honek sei potentzia-tarte ditu (P1, P2, P3, P4, P5 eta P6), eta tarte bakoitzak prezio desberdina du.Tarifa indexatuan eta ordutegi-tarteen tarifan potentziaren prezioak berberak dira.

Potentzia desberdin bat kontrata daiteke sei ordutegi-tarteetako bakoitzerako. Baina, potentzia gorakorren irizpideari jarraitu behar diote, hau da, tarte jakin baterako kontratatutako potentziak aurreko tarterako kontratatutako berbera edo handiagoa izan behar du. Horrek zera esan nahi du: P1 ≤ P2 ≤ P3 ≤ P4 ≤ P5 ≤ P6.

Eskualdearen (penintsula, Balear uharteak eta Kanaria uharteak) arabera eta urteko hilabetearen arabera, tarte bat edo beste aplikatuko da. Informazio gehiago aurkituko duzu esteka honetan.

Kontratatutako potentzia gainditzeko aukera

Hornidura ez da etengo kontratatutakoa baino handiagoa den potentzia bat erabiltzeagatik. Baina, fakturari buruzko azalpenetan ohartarazten dugun bezala, kontratatutakoa baino handiagoa den potentzia bat erabiltzeak kostu ekonomiko bat izan dezake.

Tarifa honek iraupen-konpromisoa du?

Tarifa honek ez du iraupen-konpromisorik. Noizbait tarifa aldatu nahi baduzu, ordutegi-tarteen goi-tentsioko tarifa bat, baldin eta eskuragarri badago, kontratatu ahalko duzu; eta zigorrik jaso gabe merkaturatzailez aldatzeko aukera duzu ere.

Ordutegi-tarteen goi-tentsioko tarifarekin energiaren erosketa dezente lehenago adosten dugunez, bat-batean, lagun askok ordutegi-tarteen tarifa aldi berean eskatuko balute, ez genuke izango behar adina energia adostuta, eta energia gehiago erosi beharko bagenu ezarritako prezioek ez lukete energiaren kostu osoa ordainduko.  Horregatik esaten dugu ordutegi-tarteen goi-tentsioko tarifa bat kontratatu ahalko duzula, baldin eta eskuragarri badago.

Aurrez kalkulatu dezaket zenbat kostatuko den?

Tarifa hau, neurri handi batean, energiak handizkako eguneko merkatuan duen prezioaren (aurreko egunean jakinarazten dena) mende eta energia erabiltzen den orduen mende dagoenez, ezin da modu fidagarrian aurrez kalkulatu kontratu bakoitzarentzat izango duen kostua. Ez du zentzurik ezta ere tarifa hau egungo ordutegi-tarteen tarifekin konparatzeak. Konparazioak bakarrik balio du jakiteko faktura merkeagoa edo garestiagoa izango zatekeen; emaitzak ezin zaizkie aplikatu etorkizuneko fakturei.

Autoprodukzio-soberakinen konpentsazio-prezioa

Konpentsazio sinplifikatua aktibatuta duten kontratuetan, autoprodukzio-soberakinen konpentsazio-balioa ezartzeko, orain arteko irizpide berbera aplikatzen jarraitzen dugu: energia Kooperatibak energia handizkako merkatuan erosten duen prezio berean konpentsatzen da. Horrek, goi-tentsioko tarifa indexatu bati aplikatuta, esan nahi du ordu zehatz batean sortutako soberakinak energiak handizkako merkatuan ordu horretan duen prezioan konpentsatuko direla.

Baina energiaren konpentsazio-prezioa eta salmenta-prezioa desberdinak dira, azaldu dugun bezala, energiaren salmenta-prezioak soberakinen konpentsazioan aplikatzen ez diren beste kontzeptu batzuk (bidesariak, karguak, sistemako gainkostuak eta abar) barne hartzen dituelako. Xehetasun gehiago aurkituko dituzu beste artikulu honetan.

Nola aldatu goi-tentsio tarifa indexatu batera

6.1TD tarifa indexatura aldatu nahi baduzu, sartu Bulego Birtualean. Bulego Birtualaren barruan, jo "Kontratuak" atalera eta, gero, egin klik "Aldatu tarifa" aukeran. Ondoren, bete aurkitzen dituzun jarraibideak. Zalantzarik baduzu, beste artikulu honetan azaltzen dugu nola eskatu behar den aldaketa.

Bestetik, 6.2TD, 6.3TD edo 6.4TD tarifa baduzu eta aldatu nahi baduzu, bidali mezu bat modifica@somenergia.coop helbidera.

Goi-tentsioko tarifa indexatuaren faktura

Potentziaren fakturazioa

Potentzia-terminoa bi kontzeptutan fakturatzen da: alde batetik, sei ordutegi-tarteetako bakoitzerako kontratatutako potentzia fakturatzen da eta, bestetik, potentzia-gehiegikeriak edo zigorrak, tarte bakoitzerako kontratatutako potentzia gainditzen denean.

Zigorren kostua zehazteko, kontratatutako potentzia hartu behar da kontuan.

  • Hala, 50 kW-ko edo hortik beherako potentzia bat kontratatzen dugunean, kontratatutako potentzia gainditzeagatik ezarritako zigorra honela kalkulatuko da: gainditutako potentziaren prezioa bider erabilitako potentziaren eta kontratatutako potentziaren arteko diferentziaren bikoitza. Informazio gehiago aurkituko duzu artikulu honetan:Potentzia-gehiegikerien kostua 50 kW-ra bitarteko tarifetan.

Goi-tentsioko tarifa indexatuetan, potentzia-terminoan, ez dugu aplikatzen Kooperatibaren bideragarritasuna bermatzeko marjina. Beraz, legez xedatutako prezioa aplikatzen dugu (gure webguneko tarifen atalean kontsulta dezakezu).

Erabilitako energiaren fakturazioa

Ordu bakoitzean erabilitako energiaren kostua da. Hala kalkulatzen da: ordu bakoitzean erabilitako kWh-ak bider ordu bakoitzean kWh-ak duen prezioa. Esan bezala, tarifa indexatuetan, egun bakoitzeko edo orduko bakoitzeko energiaren prezioa (€/kWh) desberdina da.

Energia erreaktiboaren fakturazioa

Instalazio elektrikoetan energia erreaktiboa agertzen da funtzionatzeko eremu magnetiko eta elektrikoak sortu behar dituzten aparatuak erabiltzen direnean. Energia erreaktiboak banaketa oztopatzen du; horregatik, sarera energia gehiegi isurtzearen ondoriozko errekarguak sortu ziren. Errekargu horiek araudiari jarraikiz aplikatzen dira. Termino honetan, Som Energiak ez du ezein marjina ekonomikorik aplikatzen.

Fakturako beste kontzeptu batzuk

Fakturan kostu osoa kalkulatzeko gehitu behar diren beste kontzeptu batzuk ikusiko dituzu:

  • Bonu soziala: kontratu bakoitzak bonu soziala finantzatzeko egiten duen ekarpena. Kontzeptu honi elektrizitatearen gaineko zerga eta BEZa aplikatzen zaizkio.
  • Elektrizitatearen gaineko zerga: Gobernuak araututako zerga bat da (BEZa ezarri behar zaio). Legeak hobariak ezartzen ditu jarduera ekonomiko jakin batzuetarako. Esteka honetan azaltzen dugu hori: Elektrizitatearen gaineko zergaren hobaria.
  • Kontagailuaren alokairua: gure fakturaren bidez banatzaileari ordaintzen zaion kostu bat da. Legez araututako balio bat da; beraz, ez da aldatuko enpresa merkaturatzaile batetik bestera.
  • BEZa: gaur egun, % 21eko BEZa aplikatzen da ia zenbateko guztietan: kontratatutako potentzia, potentzia-gehiegikerien zigorrak, erabilitako elektrizitatea, energia erreaktiboa, bonu soziala, kontagailuaren alokairua, elektrizitatearen gaineko zerga, aldaketak eta altak egiteagatik edo beste kontzeptuengatik kobratutako kargu osagarriak, eta abar. Kanarietan, Kanarietako Zeharkako Zerga Orokorra (IGIC) aplikatzen da.
  • Fakturan beste kontzeptu hauek ager daitezke:
    • Sarbide-, luzapen- edo lotura-eskubideak: kontratu-aldaketak, hornidura-altak eta konexio-aldaketak egiten badituzu bakarrik agertuko dira. Enpresa banatzaileak errekargu arautu horiek gure fakturaren bidez kobratzen ditu.

Kontzeptu guztien (kontratatutako potentziaren fakturazioa, potentzia-gehiegikeriak, erabilitako elektrizitatearen fakturazioa, energia erreaktiboa, bonu soziala, zergak eta beste kostu batzuk) batura da fakturaren zenbateko osoa.

Zure faktura zuzena ez dela iruditzen bazaizu, irakurri artikulu hau zalantzak argitzeko.

Honek erantzun al dizu zure galdera? Eskerrik asko iritziagatik Arazo bat izan da zure iritzia bidaltzean. Saiatu berriro geroago.

Ez al duzu bilatzen ari zarena aurkitzen? Harremanetan jarri Harremanetan jarri