"Elementu ez etengarriak" dituzten hornidura-puntuak
[També en: català] | [También en: castellano] | [Tamén en galego] |
Elementu ez etengarri bat duten hornidura-puntuek kontuan hartu beharreko berezitasun batzuk dituzte.
"Elementu ez etengarriak" buletin edo ziurtagiri elektrikoa igortzen duen teknikariaren iritziz zerbitzu elektriko etengabea behar duten gailu elektrikoak dira, besteak beste:
- Igogailuak.
- Garajeetako aireztapen behartuko ekipoak.
- Edateko ura eta suteak itzaltzeko ura hornitzen duten presio-taldeak.
- Garajeetako ate elektrikoak.
Elementu ez etengarriak dituzten hornidura-puntutzat jo daitezke honako hauek ere:
- Ospitaleak, bereziki, ebakuntza-gelak eta zainketa intentsiboetako unitateak.
- Osasun-egoera bereziak dituzten pertsonen etxebizitzak: arnasketa lagundua edo dialisia behar denean.
2.0TD tarifarekin maximetroaren arabera fakturatzen hasteko aukera
Besterik adierazi ezean, 2.0TD tarifa duten kontratu guztiek (gehienez 15 kW-ko potentzia kontratatuta) potentzia kontrolatzeko etengailuaren (PKE) arabera fakturatzen dute. Horrek esan nahi du kontagailuak hornidura eteten duela inoiz kontratatutakoa baino potentzia handiagoa erabiltzen bada.
Alabaina, Legeak (1454/2005 Errege Dekretuak) maximetroaren arabera fakturatzen hasteko aukera ematen die 2.0TD tarifa (gehienez 15 kW-ko potentzia kontratatuta) duten eta elementu ez etengarri bat edo batzuk dituzten hornidura-puntuei, baldin eta kontratatutako potentzia elementu horien potentzia nominalen (potentzia nominala etengabe funtzionatzen ari den aparatuaren gehieneko potentzia da) batura edo hori baino handiagoa baldin bada.
Gogoan hartu behar dugu, maximetroaren arabera fakturatzen duten hornidura-puntuetan, potentzia ez dela mugatua, potentzia kontrolatzeko etengailua duten hornidura-puntuetan ez bezala. Beraz, maximetroarekin, kontrataturiko potentzia gainditu dezakegu etenik jasan gabe, baina orduan, zigorrak jaso ditzakegu, honako artikulu honetan azaltzen dugun moduan: Potentziaren eta potentzia-gehiegikerien kostua 2.0TD tarifan elementu ez etengarriekin.
Erabilitako potentzia erregistratzeko metodoa eta igogailuak
15 minutuero, maximetroak denbora-tarte horretan erabilitako batez besteko potentzia erregistratzen du. Horri “ erabilitako potentziaren ordu-laurdeneko irakurketa” esaten diogu.
Igogailuek segundo gutxi batzuk irauten duen abioan bakarrik erabiltzen dute puntako potentzia handi samara. Hortaz, nahiz eta igogailuen potentzia nominala askoz handiagoa izan, igogailuek 15 minutuero behar duten batez besteko potentzia ez da oso handia, eskuarki 0-3 kW (igogailu modeloaren eta tarte horretan zehar ematen zaion erabileraren arabera).
Kontratazio-baldintza onenak
Eskuarki, elementu ez etengarri bat edo gehiago dituzten instalazioen kasuan, hauek dira kontratazio-baldintza onenak:
- Potentzia maximetroaren arabera fakturatzen hastea: aukera hau bereziki gomendagarria da hornidura-puntuko elementu ez etengarria igogailu bat edo potentzia handiko beste elementu ez etengarri bat denean. Esan bezala, maximetroaren araberako fakturazioarekin, kontratatutako potentzia gainditu dezakezu argi-etenik jasan gabe. Maximetroarekin, auzo-komunitateek nabarmen aurreztu ohi dute potentziaren fakturazioan. Gogoan hartu behar dugu, esan bezala, momentu horretatik aurrera, potentzia artikulu honetan azaltzen dugun moduan fakturatuko dela:Potentziaren eta potentzia-gehiegikerien kostua 2.0TD tarifan elementu ez etengarriekin.
- Gutxienez, elementu ez etengarriaren potentzia bera kontratatzea: eskuarki, igogailuaren potentzia nominala. Datu hori gailuaren motorraren plakan aurkituko duzu; bestela, eskatu informazioa mantentze-lanak egiten dituen enpresari edo fabrikatzaileari. Elementu ez etengarri bat baino gehiago badago, kontratatu beharreko gutxieneko potentzia, legez, elementu horien guztien batura izan beharko da. Nolanahi ere, kontuan hartu behar dugu, kontratatu beharreko potentzia definitzeko, instalazioko aparatu guztiak aintzakotzat hartu behar ditugula, elementu etengarriak izan ala ez.
Nola eskatu maximetroaren araberako fakturazioa
Zure hornidura-puntuan elementu ez etengarri bat badago eta maximetroaren arabera fakturatzen hasi nahi baduzu, bidali mezu elektroniko bat modifica@somenergia.coop helbidera, eta zehaztu zure kontratu-zenbakia eta kontratazio-baldintza berriak.
Oso garrantzitsua da kontuan hartzea elektrizitatea banatzen duen enpresak, araudian xedatzen den legez, maximetroaren arabera fakturatzen hasteko eskaera jasotzen duenean, elementu ez etengarriak eta haien potentzia nominalak jasotzen dituen hornidura-puntuaren buletin elektriko berri bat igortzea eska dezakeela.
3.0TD tarifa duten hornidura-puntuak
3.0TD tarifa duten hornidura-puntuetan, igogailua bada instalazioko gailu guztien artean potentzia handiena behar duena, kontuan hartuta puntako potentzia handi samarra abioan bakarrik erabiltzen duela, potentzia txikiagoa kontrata daiteke fakturan aurrezteko. Besterik adierazi ezean, tarifa honekin, maximetroaren arabera fakturatzen da; hortaz, bost denboralditan potentzia txikiak eta 15 kW-tik gorako potentzia denboraldi bakarrean kontrata daitezke.