Zer da GURB eta nola egin dezakezu bat proiektuarekin?
[També en: català] | [También en: castellano] | [Tamén en galego] |
GURB Som Energiaren zerbitzu berri bat da. Zerbitzu honen bidez, une honetan beren kontratuari lotutako autokontsumo-modalitaterik ez duten bazkideek Kooperatibak esplotatzen eta kudeatzen duen autokontsumo kolektiboko instalazio batek ekoiztutako energia erabili dezakete.
Som Energiak, GURB ( Hiri-sorkuntza elektrikoaren akronimoa gaztelaniaz) eta beste hainbat proiektuen bitartez, eredu energetiko berriztagarri, efiziente eta banatu bat sustatzen du.
GURB eguzki-jatorri fotovoltaikoko sorkuntza berriztagarrian datza, elektrizitate-kontratua Som Energiarekin duten lagun eta erakundeen arteko autokontsumo kolektiboan oinarrituta. Eredu honetan estalkiak aprobetxatzen dira hiri-inguruneetan sorkuntza banatua ahalbidetzeko. Sorkuntza kontsumora hurbiltzeko modu bat da.
Artikulu honetan gai hauei buruz hitz egingo dugu:
- Zertan datza GURB proiektua?
- GURB proiektuarekin bat egiteko irizpideak
- GURB proiektuarekin bat egiteko urratsak eta kostuak
- Zergatik egon behar dut instalazio fotovoltaikotik 2 km-ko erradioaren barruan?
- Zergatik ez da bateragarria GURB zerbitzua autokontsumo-modalitate bat duten kontratuekin?
- Nire kontratua Generation kWh proiektuari lotuta badago, GURB proiektuan sartu naiteke?
- Alokairuan banago, GURB zerbitzua kontratatu dezaket?
- Zein izango da instalazioaren jabea?
- GURB zerbitzuak iraupen-konpromisorik al du?
Zertan datza GURB proiektua?
Som Energiak estalki gaineko autokontsumo kolektiboko instalazio fotovoltaiko bat kudeatzen eta mantentzen du estalkiaren balio-bizitza osoan zehar.
Autokontsumo kolektiboko instalazioan sortutako energia proiektuarekin bat egin duten lagun eta erakundeen artean banatzen da, banaketa-koefiziente baten (β) arabera. GURB instalazio zehatz bati lotutako pertsona eta erakundeek parte hartzeko kuota bakar bat ordaintzen dute eta aldizkako zerbitzu-kuota bat (GURB kuota), instalazioan kontratatutako autoprodukzio-potentziaren arabera (GURB potentzia) eta instalazioaren autokontsumo kolektiboko modalitatearen arabera.
Hau da GURB proiektuaren eskema:
Hala, Kooperatibaren misioari eta helburuei jarraituz, GURB zerbitzua Som Energiarekin kontratu bat duten lagun eta erakundeek, bereziki, alokairuan bizi direlako, estalki egokirik ez dutelako edo instalazio fotovoltaiko oso bat jartzeko behar den inbertsioa egiteko baliabide nahikorik ez dutelako, autoprodukziorik ez duten lagun eta erakundeek autokontsumo kolektiboan parte hartzea sustatzeko pentsatu da.
GURB eredua autokontsumo kolektiboan oinarritzen denez, nahitaezkoa izango da, lehenik, Kooperatibak zure hornidura-puntutik hurbil proiektu bat martxan jartzeko aukera izatea. Beraz, kontuan hartu behar da ezinbestekoa dela sorkuntza-puntutik hurbil egotea.
GURB proiektuak sare bidezko autoprodukzio kolektiboko proiektuak dira. Laguntza Guneko artikulu honetan luze eta zabal azaltzen dugu zertan datzan autoprodukzio-modalitate hau.
GURB proiektuarekin bat egiteko irizpideak
Laburbilduz, GURB proiektuan parte hartzeko, irizpide hauek bete behar dituzu:
- Som Energiarekin instalazio fotovoltaiko ekoizlearen kokapenetik 2.000 metroko erradioaren barruan dagoen hornidura elektrikoko kontratu aktibo bat izatea.
- Hornidura-kontratuan autokontsumo-modalitate aktiborik ez izatea.
Bestetik, kontuan hartu behar duzu, arrazoi teknikoak direla eta, GURB proiektuarekin bat egitea eskatzen duzunean, ezin duzula aldi berean aldaketarik (potentzia-, tentsio- edo tarifa-aldaketarik) izapidetu. Aldaketaren bat izapidetzen ari bazara, amaitu arte itxaron beharko duzu GURB proiektuarekin bat egiteko.
GURB proiektuarekin bat egiteko urratsak eta kostuak
GURB proiektuan parte hartzeko, zure eskualdeko GURB proiektuan izena emateko formularioa bete behar duzu. GURB berri bat irekitzen denean, formularioa GURB proiektuan parte hartzeko irizpideak betetzen dituzten Kooperatibako kontratu aktibo guztiei bidaltzen zaie.
Une horretan, zure eskualdeko GURB instalazioaren gaineko informazioa bidaliko dizugu, autokontsumo-modalitatea (soberakinekin eta konpentsazio sinplifikatuarekin edo, soilik, soberakinekin) zehaztuta, eta kontratatu nahi duzun autoprodukzio-potentzia (GURB potentzia) aukeratu ahalko duzu eskaintzen diren aukeren artean.
Formularioan jaso behar duzun kontratu-dokumentazioari eta hori formalizatzeko urratsei buruzko informazio xehatua aurkituko duzu.
Bestetik, tarifak GURB webgunean daude ikusgai.
GURB zerbitzuan parte hartzeko, enpresa banatzaileak hornidura-kontratua aldatu behar du autokontsumo-modalitatea aplikatzearren.
Zergatik egon behar dut instalazio fotovoltaikotik 2 km-ko erradioaren barruan?
Autokontsumo kolektiboa arautzen duen legeak (244/2019 Errege Dekretuak), sorkuntzaren eta kontsumitzailearen hornidura-puntuaren arteko distantzia ezartzen duena, hala jasotzen duelako.
Zergatik ez da bateragarria GURB zerbitzua autokontsumo-modalitate bat duten kontratuekin?
GURB zerbitzuaren helburua, alokairuan bizi direlako, estalki egokirik ez dutelako edo instalazio fotovoltaiko oso bat jartzeko behar den inbertsioa egiteko baliabide nahikorik ez dutelako, autokontsumorako aukerarik ez duten pertsonei autokontsumo-proiektu batean parte hartzeko aukera eskaintzea da.
Badaude ere muga tekniko batzuk, artikulu honetan zehatz-mehatz azaltzen dugun bezala.
Nire kontratua Generation kWh proiektuari lotuta badago, GURB proiektuan sartu naiteke?
Bai, zure kontratua Generation kWh proiektuari lotuta badago, GURB proiektuan parte hartu dezakezu.
Generation kWh proiektuak interesa duen bazkideari energia berriztagarria Som Energiaren instalazioen sorkuntza-kostuen prezioan jasotzeko aukera eskaintzen dio. Neurri batean, Generation kWh “autokontsumo birtualeko” proiektu bat da, baina ez da, GURB bezala, autokontsumo partekatuko proiektu bat: elektrizitatea ekoizten den lekua eta erabiltzen den lekuak ez dute zertan hurbilekoak izan eta autokontsumitutako energia ez da orduz ordu neurtzen, autokontsumo partekatuan gertatzen den moduan.
Zerbitzu desberdinak dira, baina bi proiektuek Kooperatibaren helburu berbera, hau da, herritarren esku dagoen sorkuntza berriztagarri eta banatua sustatzea, betetzen laguntzen dute. Eta biek ala biek, edozein arrazoi dela eta, banakako autokontsumorako aukerarik ez duten pertsona eta erakundeei laguntzen diete.
Alokairuan banago, GURB zerbitzua kontratatu dezaket?
Bai, alokairuan bazaude ere, GURB zerbitzua kontratatu dezakezu. Izan ere, zerbitzua, besteak beste, alokairuan egoteagatik banakako autokontsumorako aukerarik ez duten hornidura-kontratuen titularrentzat pentsatuta dago.
Zeinena izango da instalazioa?
Instalazioaren jabea, oro har, Som Energia izango da, bere filial baten bitartez. Gerta daiteke baita ere instalazioaren jabea pabiloiaren jabea izatea, pertsona edo erakunde horrek jada instalazio fotovoltaiko bat badu eta Som Energiaren filialari, alokairu baten truke, lagatzen badio Som Energiak kudeatu dezan.
GURB zerbitzuak iraupen-konpromisorik al du?
Ez, GURB zerbitzuak ez du iraupen-konpromisorik.
Baina, autokontsumo kolektiboa aktibatzen denean, aplikatzekoa den araudiak ez du onartzen autokontsumo kolektiboan baja eskatzea, ezta banaketa-koefizientek aldatzea ere, aktibazio-datatik lau (4) hilabete igaro arte.
Baja eskatu nahi baduzu, baja-data baino hiru (3) hilabete lehenago jakinarazi beharko duzu gurb@somenergia.coop helbidera mezu bat bidalita. Eta GURB kuota ordaindu beharko duzu enpresa banatzaileak zure kontratuari lotutako autokontsumo-modalitatearen baja gauzatu arte.
Bestetik, kontuan izan GURB proiektuan parte hartzeko kuota ez dela itzultzen.