Kontratatutako potentzia aldatzea
[També en: català] | [También en: castellano] | [Tamén en galego] |
Bulego Birtualean eska daiteke kontratu elektrikoaren potentzia aldatzeko. Artikulu honen amaieran azaltzen dugu zer egin behar den Bulego Birtualean potentzia-aldaketa eskatzeko.
Behin eskaera bidalita, astebete eta hiru aste bitartean behar dira aldaketa gauzatzeko. Mezu elektroniko bidez jakinaraziko dizugu aldaketa egin dela.
Potentziaz aldatzearen kostua hornidura-puntuko tentsioaren araberakoa izango da. Etxeetan, enpresa txikietan, bulegoetan... behe-tentsioa edukitzea da ohikoena. Aldiz, zure hornidura-puntuan goi-tentsioa (industrialdeetan eta zona isolatuetan ohikoa den legez) badago, artikulu hau irakur dezakezu: Enpresa banatzaileek aplikatzen dituzten kostuak.
Egin daitezkeen potentzia-aldaketak hobeto ulertzeko, arauzko potentzia kontuan hartu behar da; hau da: zure kontratuko aldietan duzun potentzien artetik handiena. Adibidez, 2.0TD tarifa baduzu eta puntako aldian 5 kW eta aldi arruntean 6 kW kontratatu badituzu, zure arauzko potentzia 6 kW-koa izango da.
Behe-tentsioko hornidura-puntuak
Potentzia jaistea edo aldatzea
Hornidura-puntua behe-tentsiokoa bada, legeak ezartzen du 10,94 euro (BEZ barne) ordaindu behar direla potentzia jaisteagatik eta enpresa banatzaileak fakturaren bidez kobratuko duela.
Aldietako baten potentzia aldatzen baduzu baina ez duzu arauzko potentzia (hau da, kontratatu duzun potentziarik handiena) aldatzen, enpresa banatzaileak aipatutako zenbateko hori bera kobratuko dizu
Potentzia igotzea
Kontratatu duzun arauzko potentzia (kontratatu duzun potentziarik handiena) areagotzen baduzu, potentzia igo duzula iritziko zaio.
Behe-tentsioko hornidura-puntuen kasuan, legeak ezarritako 10,94 euroez gain, beste 44,86 euro ordaindu behar dituzu igotzen duzunkW bakoitzeko, potentzia areagotu ahal izateko. Enpresa banatzaileak fakturaren bidez kobratuko dizu zenbateko horiek. Salbuespenez, zenbait enpresa banatzailek berme-gordailuaren zati proportzionala kobratzen dute (hornidura-puntuaren alta egitean ordaintzen duzun bermea).
Elektrizitate-merkatuaren araudiari jarraikiz, kontratatutako potentzia murriztu baduzu, hurrengo hiru urteetan potentzia igo dezakezu aurretiaz kontratatuta zenuen balioraino. Horretarako, 23,84 euro beharko zenituzke kW bakoitzeko (eta ez lehen aipatutako 44,86 euroak).
Gogoan hartu beharreko eskakizunak eta baldintzak
Kontuan hartu behar da 1955/2000 Errege Dekretuak ezarritakoaren arabera, elektrizitatearen enpresa banatzaileek 12 hilez behin baino ez dutela potentzia-aldaketa onartzeko obligazioa. Ziurrenik, potentzia aldatzeko eskaera atzera botako dute, azkeneko eskaera egin zenetik urtebete igaro ez bada.
Elektrizitatearen enpresa banatzaile gehienek kontratatutako potentzia jaitsi nahi denean baino ez dute aplikatzen Errege Dekretua, eta azken 12 hilabeteetan potentzia aldatu bada (erabiltzaileak jaisteko edo igotzeko eskatu badu), uko egiten diote potentzia murrizteari. Batzuetan, enpresa banatzaile txikiak askoz ere zorrotzagoak dira araudiarekin, aldaketak gehiago mugatzen dituzte eta kasu guztietan aplikatzen dute Errege Dekretua.
Enpresa banatzaileak behe-tentsioko instalazioa aztertu izanaren buletina berriz egiteko eska dezakete, baldin eta iraungita badago (20 urteko indarraldia dute) edo indarreko buletinak eskatutakoa baino potentzia txikiagoa zehazten badu. Horrela balitz, mezu elektroniko bidez jakinaraziko dizugu.
Potentzia igo nahi baduzu eta zure instalazioak ICP (potentzia kontrolatzeko gailua) badauka, ziurrenik aldatu edo kendu egin beharko duzu, kontratatutako potentzia berria guztiz lortzeko.
Argi ez badaukazu zenbateko potentzia behar duzun, ondoko artikulua irakurtzea gomendatzen dizugu: Nola jakin dezaket zein potentzia behar dudan?
Potentzia aldatzea eskatzeko pausoak
Edozein argindar-kontratutako potentzia aldatzeko, nahikoa da Bulego Birtualean saioa hastea, zure erabiltzailea eta pasahitza erabiliz. Behin sartuta, “Kontratuak” atalera jo:
Ondoren, hautatu potentzia-aldaketa.
Eta zehaztu zenbateko potentzia kontratatu nahi duzun.
Oraindik ere Bulego Birtuala aktibatuta ez baduzu, erraz eta azkar aktiba dezakezu. Esteka honetan azaldutako urratsei jarraitzea besterik ez duzu egin behar: Bulego Birtualean lehen aldiz sartzea.