Nola jakin dezaket zein potentzia behar dudan?

[També en: català] [También en: castellano] [Tamén en galego]

Kontratatutako potentziak, oro har, aldi berean aparatu elektriko gehiago edo gutxiago erabiltzea ahalbidetzen du. Aparatu bakoitzak potentzia jakin bat (1, 2, 3, 4 kW…) behar du. Hala, adibidez, etxean kW 1eko, 3 kW-ko eta 0,5 kW-ko aparatu bana martxan jarri nahi baditugu aldi berean, gutxienez, 4,5 kW-ko potentzia beharko dugu.

Kontratatutako potentziak eragin handia du fakturaren azken kostuan, faktura guztietan kontratatutako kW-en araberako prezio bat ordaintzen delako. Horregatik, garrantzitsua da kontratatutako potentzia eguneko beharretara ondo egokituta egotea.

Kontratatutako potentzia handiegia baduzu, erabiltzen ez duzunagatik ordainduko duzu. Kontratatutako potentzia txikiegia baduzu, berriz, potentzia kontrolatzeko etengailuak salto egingo du sarri eta, une batez, elektrizitate-hornidura eten egingo da PKE berriz ere aktibatu arte. Hori horrela izango da maximetro bat (2.0TD tarifa elementu ez etengarriekin, 3.0TD tarifak eta goi-tentsioa) duten etxeetan izan ezin.

Kontratatutako potentzia egokiena, zuretzat, aldi berean martxan jarri nahi dituzun aparatu elektrikoen eta etxetresna elektrikoen araberakoa izango da. Urtaroak kontuan hartu behar dira: neguan, agian, berokuntza elektrikoa beharko duzu eta, udan, aire girotua. Hortaz, aldi berean erabili nahi dituzun aparatuek behar duten potentzia aztertuta, behar duzun gehieneko potentzia kalkula dezakezu. Baina, badaude beste adierazle batzuk.

Potentzia kontrolatzeko etengailuak etengabe salto egiten badu, horrek esan nahi du potentzia handiagoa behar duzula. Eta alderantziz: potentzia kontrolatzeko etengailuak ez badu inoiz salto egiten, seguruenik behar baino potentzia handiagoa duzu eta, beraz, potentzia jaitsi dezakezu. Baina potentzia kontrolatzeko etengailuak urtean bi edo hiru aldiz bakarrik salto egiten badu eta horrek ez badizu traba egiten, seguruenik zuretzat potentzia egokiena duzu jada.

Enpresa banatzailearen informazioa erabilitako gehieneko potentziari buruz

2021eko hondarretik, fakturetan erabilitako gehieneko potentziaren datua agertzen da. Datu hori oso baliagarria da kontratatutako potentzia doitzeko, baina jarraian zehaztuko ditugun hainbat alderdi hartu behar ditugu kontuan beharrezkoak ez diren aldaketak edo potentzia egokienera ez iristea saihesteko.

Enpresa banatzaileak informazioa bidali badigu, fakturetan gehieneko potentziaren datua 2021eko ekainaz geroztik agertzen da, orduan aldatu baitziren bidesariak. Eta, 2022ko ekainetik aurrera, nahikoa datu daudenean, fakturetan azken 12 hilabeteetan erabilitako gehieneko potentziaren datua agertuko da. Halere, datu solte hori ez da oso erabilgarria izango, ez baitu hilabete bakoitzeko gehieneko potentzia adieraziko, baizik eta aldi osoko gehieneko potentzia, potentzia handiena erabili zen egunean. Horregatik ezingo dugu jakin gehieneko potentzia hori egun puntual batean (adibidez, aparatu asko aldi berean martxan jarri ditugun egun berezi batean) edo egunerokoan erabili izan dugun.

Potentzia benetako beharretara egokitzeko, urtebetez, gehieneko potentziak hilez hil aztertu beharko dituzu. Eta, datu horiek eskuratzeko, enpresa banatzailearen atarian sartu beharko duzu  (artikulu honen amaieran enpresa banatzaile nagusien ataritarako estekak aurkituko dituzu).

Behean hilero erabilitako gehieneko potentziaren adibide bat ikusiko duzu (enpresa banatzailearen atarian datuak horrela agertuko zaizkizu).

Adibidean, kontratatutako potentzia 5,5 kW da, eta fakturan ikusten dugu azken 12 hilabeteetan erabilitako gehieneko potentzia 4,8 kW (azaroan) izan dela. Beraz, kontratatutako potentzia ez da egokia: gehiago jaitsi daiteke.

Gainera, ikus daitekeenez, 4,8 kW-ko potentzia hilabete zehatz batean (agian egun zehatz batean) erabili zen, eta gainerako hilabeteetan potentzia 2-3,5 kW bitartekoa da. Beraz, kasu honetan, potentzia egokiena 3 kW izango da. Fakturako datu globalari begiratuta 4,8 kW dela esango genuke, baina ez da hori egokiena, ezta titularrak kontratatuta duen 5,5 kW-ko potentzia ere. Beraz, kontratuaren titularrak kontratatutako potentzia 5,5 kW-tik 3 kW-ra jaitsi dezake eta, ondorioz, dirua aurreztu.

Era berean, kontuan hartu behar dugu tolerantzia-majina bat dagoela. Hau da, kontratatutako potentzia % 50 gainditu daiteke, baldin eta ez bada 15 minutuz baino gehiagoz gainditzen. Adibidez, 4 kW-ko potentzia kontratatuta baduzu, hamar minutuz, 6 kW-ko potentziara irits zaitezke. 

Potentzia jaitsi dezakezula uste baduzu

Behar baino potentzia handiagoa duzula ondorioztatu baduzu, kontratatutako potentzia jaitsi dezakezu. Kasu honetan, puntako uneko potentzia bakarrik, eta ez sakonunekoa, jaistea gomendatzen dizugu, bi arrazoirengatik. Alde batetik, sakonuneko potentziaren prezioa oso baxua da (urteko 4 euro kW bakoitzeko) eta, ondorioz, oso gutxi aurreztuko zenuke. Bestetik, sakonuneko potentzia mantentzea komeni da sarbide- eta luzapen-eskubideak gordetzeko. Hortaz, aurrerago, puntako unean potentzia handiagoa behar baduzu (esaterako, aparatu elektriko gehiago badituzu), ez dituzu eskubide horiek ordaindu beharko, eta tramitea bakarrik ordaindu beharko duzu.

Kontuan hartu, lehen, kontratatu beharreko potentzian maila jakin batzuen artean aukeratu beharra zegoela, baina, gaur egun, 0,1en multiploa den edozein balio aukera dezakezu: 2,3, 2,4, 2,5 kW…, 4, 1, 4,2, 4,3 kW…, 7,4, 7,5, 7,6 kW…

Kontratatutako potentzia aldatzea

Laguntza Guneko beste artikulu honetan, kontratatutako potentzia aldatzeko kostuak eta modua azaltzen dizkizugu.

Beheko bideoan, kontratatutako potentzia zer den azaltzen dugu, eta zuretzat potentzia egokiena kalkulatzeko beste modu konplexuago bat ikusiko duzu ere.

Beste kasu batzuk 

3.0TD tarifa eta 15 kW-tik gorako kontratatutako potentzia badituzu, kontsultatu esteka hau.

Igogailu bat duten auzo-komunitateek beste esteka hau kontsulta dezakete.

Igogailu bat duten, maximetrorik ez duten eta potentzia puntual esanguratsua duten beste aparatuak dituzten kontratuak

Igogailu bat duten baina maximetrorik ez duten eta potentzia puntual esanguratsua duten kontratuen kasuan, kontuan hartu behar dugu aipatzen ari garen gehieneko potentzia, eta fakturetan, Infoenergian eta banatzaileen atarietan agertzen dena, ordu-laurdeneko potentzia dela. Hau da, 15 minutuz eskatutako potentzia guztien batez bestekoa, ez une zehatz bateko gehieneko potentzia. Horrek esan nahi du igogailuak martxan jartzean erabiltzen duen puntako potentzia ez dela jasotzen gehieneko potentzian. Beraz, kasu horietan, edo aldi labur batez potentzia handia eskatzen duen beste aparaturen bat badago, ez da baliagarria izango gehieneko potentziari (hots, ordu-laurdeneko potentziari) begiratzea, zeren, orduan, gerta litzateke igogailua erabiltzen den aldiro hornidura elektrikoa etetea.

Behean zuretzat potentzia egokiena zein den jakiten lagunduko dizuten beste esteka batzuk aurkituko dituzu:

Beste aukera bat da une jakin batean erabiltzen ari zaren potentzia pintza amperemetriko batekin neurtzea. Horretarako, elektrizitate-enpresa bati laguntza eska diezaiokezu.

Enpresa banatzaileen atariak

Hilabete bakoitzean erabili duzun potentzia ikusteko, sartu zure eskualdeko enpresa banatzailearen webgunean. Ez badakizu zein den, fakturan aurkituko duzu. Hauek dira enpresa banatzaile nagusien atariak: 

I-DE Distribución: https://www.i-de.es/consumidores/web/guest/login

Viesgo Distribución: https://www.viesgodistribucion.com/acceso

E-Redes Distribución: https://misconsumos.eredesdistribucion.es/#/

E-Distribución: https://zonaprivada.edistribucion.com/areaprivada/s/login/?language=es

UFD Distribución: https://areaprivada.ufd.es/login

Banatzaile guztien atari bateratua: https://datadis.es/nikola-auth/login

Honek erantzun al dizu zure galdera? Eskerrik asko iritziagatik Arazo bat izan da zure iritzia bidaltzean. Saiatu berriro geroago.

Ez al duzu bilatzen ari zarena aurkitzen? Harremanetan jarri Harremanetan jarri