Gasa doitzeko mekanismoa

[També en: català] [También en: castellano] [Tamén en galego]

Gasa doitzeko mekanismoaren helburua da gasaren prezioak elektrizitatearen prezioan duen eragina mugatzea. Artikulu honetan mekanismoaren inguruko hainbat gauza azaltzen ditugu:

Zergatik eragiten du gasaren prezioak elektrizitatearen prezioan energia berriztagarria bakarrik merkaturatzen badugu?

Gaur egun diseinatuta dagoen moduan, parte hartzen duten parke eta instalazio guztiek, edozer teknologia erabilita ere, ekoizten duten elektrizitatea iristen da merkatu elektrikora, elektrizitatearen jatorria berriztagarria den ala ez kontuan hartu gabe.

Merkatuaren funtzionamendu horren arabera, energia berriztagarria ezin da energia fosil edo nuklearretik banandu elektrizitatea garraiatzeko eta banatzeko sarearen barruan.

Gogoan izan, halaber, merkaturatzen dugun elektrizitateak jatorri berriztagarria duela bermatzen duten jatorriaren berme-ziurtagiriak ditugula. Hori beste artikulu honetan aurkituko duzu zehatz-mehatz azalduta: Elektrizitatearen jatorria Som Energian.

Hortaz, merkatu berdinean aritzen direnez, azkenean, teknologia berriztaezinen prezioek eta kostuek iturri berriztagarrietatik datozen energien prezioan eragiten dute.

Merkatu elektrikoaren funtzionamendu marjinalista

Merkatu guztietan bezala, prezioa ezartzeko garaian, eskaintzaren eta eskariaren legeak arautzen du merkatu elektrikoa.

Baina, beste merkatu batzuetan ez bezala, energiaren azken prezioa edo kasazio-prezioa, non eskaintza eta eskaria gurutzatzen baitira, teknologia guztiei aplikatzen zaie, eskaintza egitean prezio txikiagoa proposatu badute ere. Alegia, prezio jakin bat ezartzen bada, prezio hori ordaindu beharko da energia-mota guztien truke, irteerako prezioa (eta ekoizpen-prezioa) txikiagoa izan arren.

Prezioa ezartzeko forma horri, ekonomian, merkatuaren funtzionamendu marjinalista esaten zaio.

Maiz, sistemaren funtzionamenduaren arabera, kasazio-prezioa elektrizitatea sortzeko gasa erabiltzen duten teknologiek markatzen dute, eta haiek dira, une honetan, prezio handienak proposatzen dituztenak.

Hala, prezioa ezartzeko sistema horren eraginez, prezioek goranzko bidea hartzen dutenean, eskaintza eta kostu ekonomikoagoak dituzten teknologiek irabazi handiak lortzen dituzte, eta merkatuan energia erosi behar duenak (eta, ondorioz, azken kontsumitzaileek), aldiz, prezio askoz handiagoa ordaindu behar dute. Izan ere, sektorean, irabazi horiek "zerutik eroriak" direla esan ohi da.

Nola laguntzen du doikuntza-mekanismoak elektrizitatearen kostua murrizten?

Gasa doitzeko mekanismoak elektrizitatearen kostua murrizten laguntzen du ohiz kanpoko mozkin ("zerutik eroritako" irabazi) horiek mugatzen dituelako. Horretarako, gas bidezko teknologiek erabiltzen duten gasaren kostaprezioa mugatu egiten du. Eta, ondorioz, enpresa horiek eguneko merkatuan aurkezten duten eskaintzaren azken prezioa txikiagoa da.

Hortaz, kasazio-prezioa erabakitzen duen teknologia gasarena denean, handizkako merkatuko prezioa murriztu egiten da, azken prezioa mekanismorik gabe izango zitekeena baino txikiagoa delako. Mekanismo hori ezarriko ez balitz, gasa oinarri hartuta sortutako elektrizitatearen prezioa beste teknologiek ekoiztutako energia guztiari aplikatuko litzaioke, eta aipatutako "zerutik eroritako" irabaziak are handiagoak izango lirateke.

Gasa finantzatzeko kostua

Gasa doitzeko mekanismoaren onura da merkatuko prezioa jaisten duela.

Baina gogoan hartu behar dugu, araudiaren arabera, prezio mugatuaren eta gasaren benetako kostaprezioaren arteko aldea, martxan jarri diren parkeentzat, elektrizitatearen erosketan parte hartzen duten merkatuko eragileek finantzatuko dutela.

Beraz, mekanismoa ordaindu beharreko kontzeptu gisa agertzen da, kontuan hartuta lehenago energia elektrikoaren azken prezioa beheratzen lagundu duela; izan ere, gasak erabilitako energia-bolumenagatik soilik ordaindu behar dira kostu gehigarriak.

Edo, beste era batera esanda: gasa doitzeko mekanismoa gabe, nahikoa da gasa oinarri hartuta 1 MWh elektrizitate, adibidez, 300 €/MWh-ko kasazio-prezioan sortzea, prezio hori elektrizitate guztiari ezartzeko. Mekanismoarekin, berriz, eskaintza-prezioa mugatuta egongo da (txikiagoa izango da) eta elektrizitate guztiaren prezioa markatuko du; ekoiztutako 1 MWh energiagatik eskainitako prezioaren eta benetako ekoizpen-prezioaren arteko aldea bakarrik ordaindu beharko da.

Nola eragiten dio gasa doitzeko mekanismoak Som Energiari?

En el 10/2022 Errege Lege-dekretuak xedatzen du, aldebiko kontratuen edo estalduren bidez, apirilaren 26a baino lehen prezioa ezarrita ez duen energia guztiaren doikuntza-mekanismoa ordaindu beharko dela. Ordurako, Kooperatibak udako hilabeteetarako energiaren zati handi bat erosia zuen, Europar Batasunak gasaren muga onartu baino lehen, eta, beraz, ez dugu ia ezer ordaindu behar izan gasa doitzeko mekanismoarengatik.

2022ko azken hiruhilekorako energia, ordea, baldintza berrietan erosi dugu, hau da, prezio txikiagoan, baina prezio horri gasa doitzeko mekanismoaren kostua gehitu behar zaio. Horren ondorioz, Kooperatibak bere tarifak aldatu behar ditu urriaren 1etik aurrera.

Mekanismoaren kostua eguneko gasaren kostuari lotuta dagoenez, ezin da aurrez ezagutu. Horregatik, ezin ditugu gure azken prezioak aurretik ezagutu. Baina, prezioen zati bat behintzat (gasa doitzeko mekanismoari ez dagokiona) jakin dezakegu. Ohi bezala, webguneko tarifen atalean dago ikusgai.

Nola agertuko da gasa doitzeko mekanismoa fakturan?

Fakturetan lerro berri bat agertuko da, Som Energiaren kalkuluen arabera, gasa doitzeko mekanismoaren prezioarekin. Lerro horretan mekanismoaren prezioa (€ kWh-ko), fakturazio-aldiko energia-erabilera (kWh), fakturazio-aldiko egun-kopurua eta kontzeptu horrengatik ordaindu beharreko azken zenbatekoa agertuko dira.

Gasa doitzeko mekanismoa ez bazaie fakturazio-aldiko egun guztiei aplikatu behar (esaterako, faktura irailaren erdialdean hasten bada), gasa doitzeko mekanismoa aplikatzekoa den denboraldiko (urriaren 1etik aurrea) datuak agertuko dira lerro horretan.

Nola kalkulatuko dugu gasa doitzeko mekanismoaren prezioa?

2.0TD tarifa, l(ohikoena etxebizitza eta enpresa txikien artean) duten kontratuen kasuan, fakturazio-aldi bakoitzerako OMIEk egunero argitaratzen duen gasa doitzeko mekanismoaren prezioa hartuko dugu erreferentzia gisa eta batezbestekoa egingo dugu, etxe estandar baten ordutegiaren araberako energia-kontsumoaren, kurba estandarra deitzen denaren, arabera haztatuta. Kurba hori Red Eléctrica de España sistemako operadoreak jakinarazten du, 2021/12/23ko ebazpenaren arabera. Eta ondoriozko prezioa kontratuak fakturazio-aldian egin duen kontsumo osoaz biderkatuko dugu.

Bestetik, 3.0TD tarifaren eta goi-tentsioko tarifen, kasuan, kalkulu-sistema antzekoa da: fakturazio-aldi bakoitzerako OMIEk argitaratutako prezioa hartuko dugu erreferentzia gisa eta batezbestekoa egingo dugu. Eta balio hori 3.0TD tarifaren kurba estandarraren (ez da 2.0TD tarifaren kurba estandarraren berdina) arabera haztatuko dugu. Era berean, ondoriozko prezioa kontratuak fakturazio-aldian egin duen kontsumoaz biderkatuko dugu.

Kontsumo handia eta tarifa indexatua dituzten erakunde eta enpresen kontratuen kasuan, hori ez da aplikatuko, formula indexatuak gasa doitzeko mekanismoaren prezioa barne hartzen baitu.

Nolanahi ere, zenbat eta energia gehiago erabili, orduan eta handiagoa izango da kontzeptu horren zenbatekoa.

Zer gertatuko da ordutegi-tarteekin? Noiz izango da merkeagoa garbigailua erabiltzea?

2.0TD tarifarekin, hiru ordutegi-tarteak (puntako unea, une arrunta eta sakonunea) mantenduko dira. Ezin dugu aurrez jakin zein izango den prezioa, baina badakigu sakonunek merkeena, une arruntak erdibidekoa eta puntako uneak garestiena izaten jarraituko dutela. Esteka honetan, hiru tarteak bisualki identifikatzeko erloju batzuk aurkituko dituzu.

3.0TD tarifaren eta goi-tentsioko tarifen kasuan ere indarreko ordutegiak eta tarteak, mantenduko dira; hortaz, P1 tarteak garestiena izaten jarraituko du eta pixkanaka txikiagotzen joango dira P6 tarte merkeenera iritsi arte.

Zergatik da aldakorra aplikatzen dugun gasa doitzeko mekanismoa?

OMIEk markatzen duen eta merkaturatzaile gisa ordaindu behar dugun gasa doitzeko mekanismoaren prezioa oso aldakorra da. Som Energiak, tarifa finkoak mantendu ahal izateko, urte-amaierara arteko prezioa aurreikusteko aukera zuen, baina gasaren prezioa hain aldakorra denez, seguruenik, edo bazkideek azken prezioa baino prezio dezente handiagoa ordainduko lukete, eta behar baino gehiago ordaindu, edo azken prezioa baino prezio dezente txikiagoa ordainduko lukete, eta Kooperatibaren bideragarritasuna arriskuan jarri.

Horregatik, Som Energiarekin prezio errealera gehien hurbiltzen den prezioa ordaindu dezazun, fakturak fakturazio-aldi bakoitzean gasa doitzeko mekanismoak izan duen benetako kostuaren arabera eguneratuko ditugu.

Gasa doitzeko mekanismoaren indarraldia eta eremua

Gasa doitzeko mekanismoa 2022ko ekainaren 15ean sartu zen indarrean ( 10/2022 Errege Lege-dekretua) eta 2023ko maiatzaren 31ra arteko indarraldia aurreikusi da.

Gasa doitzeko mekanismoa Merkatuko Operadoreak (OMIE) kudeatzen duen handizkako merkatuan merkaturatzen den elektrizitateari aplikatzen zaio. Baina Balearretako eta Kanarietako sistemek energiaren prezioa OMIEtik kanpo ezartzen dutenez, mekanismo horrek ez die eragiten; hortaz, erkidego horietako Som Energiaren kontratuei ez zaie mekanismoa aplikatuko.

Balearretan edo Kanarietan bizi bazara eta elektrizitatea merkatu arautuko merkaturatzaile batekin kontratatuta baduzu, kontsumitzaile txikiaren borondatezko prezioarekin (PVPC, gaztelaniaz), agian gasa doitzeko mekanismoaren zati bat ordainduko duzu, tarifak horrela funtzionatzen duelako. Gogoan izan Som Energia merkatu libreko merkaturatzaile bat dela eta, ondorioz, ezin duela eskaini PVPC tarifa arautua.

Informazio gehiago

Informazio gehiago aurkituko duzu esteka hauetan:

Honek erantzun al dizu zure galdera? Eskerrik asko iritziagatik Arazo bat izan da zure iritzia bidaltzean. Saiatu berriro geroago.

Ez al duzu bilatzen ari zarena aurkitzen? Harremanetan jarri Harremanetan jarri