Ordutegi-tarteen 6.1TD, 6.2TD, 6.3TD eta 6.4TD tarifak
[També en: català] | [También en: castellano] | [Tamén en galego] |
Ordutegi-tarteen 6.1TD, 6.2TD, 6.3TD eta 6.4TD tarifak eta 6.1TD, 6.2TD, 6.3TD eta 6.4TD tarifa indexatuak goi-tentsioko hornidura-puntu guztien (hau da, 1 kV-tik gorako sarrera-tentsioa dutenak) tarifak dira.Hortaz, goi-tentsioko tarifak dira.
Horiek dira tarifa ohikoenak industrialdeetan, baina baita behe-tentsioko banaketa-sareetatik urrun dauden hornidura-puntuetan ere, zeinak goi-tentsioko sareetara konektatzen baitira. Landa-eremuetan gertatu ohi da hori.
Tentsioaren arabera, honako sarrera-tarifa hauek izango ditugu:
- 6.1TD tarifa: 1 kV-tik gorako baina 30 kV-tik beherako tentsioa.
- 6.2TD tarifa: 30 kV-ko edo hortik gorako eta 72,5 kV-tik beherako tentsioa.
- 6.3TD tarifa: 72,5 kV-ko edo hortik gorako eta 145 kV-tik beherako tentsioa.
- 6.4TD tarifa: 145 kV-ko edo hortik gorako tentsioa.
Kasu hauetarako honako tarifa hauek daude eskuragarri eskualde bakoitzean (penintsula, Balearrak eta Kanariak):
- Ordutegi-tarteen 6.1TD, 6.2TD, 6.3TD eta 6.4TD tarifak
- 6.1TD, 6.2TD, 6.3TD eta 6.4TD tarifa indexatuak
Artikulu honetan ordutegi-tarteen 6.1TD, 6.2TD, 6.3TD eta 6.4TD tarifen ezaugarriak azaltzen ditugu (6.1TD, 6.2TD, 6.3TD eta 6.4TD tarifa indexatuenak beste artikulu honetan aurkituko dituzu).
Ordutegi-tarteen goi-tentsioko tarifen ezaugarriak
Ordutegi-tarteen goi-tentsioko tarifekin, Som Energiak aurreikuspenak egiten ditu eta energia hainbat hilabete lehenago erosten du futuroen merkatuan. Horregatik, prezioak aurrez ezarri daitezke. Energiaren eguneko merkatuak izan ditzakeen goranzko zein beheranzko fluktuazioek ez diete zuzenean eragiten pertsona eta erakunde erabiltzaileei.
Ordutegi-tarteen goi-tentsioko tarifen ordutegiak
Ordutegi-tarteen goi-tentsioko tarifek sei energia- eta potentzia-tarte dituzte (P1, P2, P3, P4, P5 eta P6), eta tarte bakoitzean energiaren eta potentziaren prezioa desberdina da.
Eskualdearen (penintsula, Balear uharteak eta Kanaria uharteak) arabera eta urteko hilabetearen arabera, tarte bat edo beste aplikatuko da. Informazio gehiago aurkituko duzu artikulu honetan: 3.0TD tarifaren eta goi-tentsioko 6.1TD, 6.2TD, 6.3TD eta 6.4TD tarifen ordutegiak eta denboraldiak
Sei potentzia kontratatzeko aukera
Potentzia desberdin bat kontrata daiteke sei ordutegi-tarteetako bakoitzerako, eta potentzia-tarteak energia-tarteekin bat datoz. Baina, potentzia gorakorren irizpideari jarraitu behar diote, hau da, tarte jakin baterako kontratatutako potentziak aurreko tarterako kontratatutako berbera edo handiagoa izan behar du. Horrek zera esan nahi du: P1 ≤ P2 ≤ P3 ≤ P4 ≤ P5 ≤ P6.
Kontratatutako potentzia gainditzeko aukera
Hornidura ez da etengo kontratatutakoa baino potentzia handiagoa erabiltzeagatik. Haatik, jarraian azaltzen den bezala, kontratatutakoa baino handiagoa den potentzia bat erabiltzeak kostu ekonomiko bat izan dezake.
Kooperatibaren webguneko elektrizitate-tarifen atalean 6.1TD tarifaren prezioak aurkituko dituzu, hori baita goi-tentsioko tarifa ohikoena. Zure hornidurari 6.2TD, 6.3TD edo 6.4TD tarifa badagokio eta Kooperatibarekin kontratatu nahi baduzu, bidali mezu bat empresa@somenergia.coop helbidera eta behar duzun informazioa emango dizugu.
Faktura 6.1TD, 6.2TD, 6.3TD eta 6.4TD tarifekin
Potentziaren fakturazioa
Potentzia-terminoa bi kontzeptutan fakturatzen da: alde batetik, sei ordutegi-tarteetako bakoitzerako kontratatutako potentzia fakturatzen da eta, bestetik, potentzia-gehiegikeriak edo zigorrak, tarte bakoitzerako kontratatutako potentzia gainditzen denean.
Zigorren kostua zehazteko, kontratatutako potentzia kontuan hartu beharko da.
- Hala, 15-50 kW (barne) bitarteko potentzia bat kontratatzen dugunean, kontratatutako potentzia gainditzeagatik ezarritako zigorra honela kalkulatuko da: gainditutako potentziaren prezioa bider erabilitako potentziaren eta kontratatutako potentziaren arteko diferentziaren bikoitza. Informazio gehiago aurkituko duzu artikulu honetan: Potentzia-gehiegikerien kostua 15-50 kW bitarteko tarifetan
- Bestetik, 50 kW-tik gorako potentzia kontratatzen dugunean, zigorra kontratatutako potentzia gainditzen duen ordu-laurden bakoitzeko ezarriko da. Informazio gehiago aurkituko duzu artikulu honetan: Potentzia-gehiegikerien kostua 50 kW-tik gorako tarifetan
Erabilitako energiaren fakturazioa
Ordutegi-tarte bakoitzean erabilitako energiaren kostua da. Hala kalkulatzen da: tarte bakoitzean erabilitako kWh-ak bider tarte bakoitzean kWh-ak duen prezioa.
Energia aktiboaren prezioa (€ / kWh) desberdina da ordutegi-tarte bakoitzean.
Kooperatibaren webguneko elektrizitate-tarifen atalean 6.1TD tarifako energiaren prezioak aurkituko dituzu, hori baita goi-tentsioko tarifa ohikoena. Zure hornidurari 6.2TD, 6.3TD edo 6.4TD tarifa badagokio eta Kooperatibarekin kontratatu nahi baduzu, bidali mezu bat empresa@somenergia.coop helbidera eta behar duzun informazioa emango dizugu.
Energia erreaktiboaren fakturazioa
Instalazio elektrikoetan energia erreaktiboaagertzen da funtzionatzeko eremu magnetiko eta elektrikoak sortu behar dituzten aparatuak erabiltzen direnean. Energia erreaktiboak banaketa oztopatzen du; horregatik, sarera energia gehiegi isurtzearen ondoriozko errekarguak sortu ziren. Termino honetan, Som Energiak ez du ezein mozkin-marjinarik aplikatzen.
Fakturako beste kontzeptu batzuk
Fakturan kostu osoa kalkulatzeko gehitu behar diren beste kontzeptu batzuk ikusiko dituzu:
- Elektrizitatearen gaineko zerga: Gobernuak araututako zerga bat da eta BEZa ezarri behar zaio. Legeak hobariak ezartzen ditu jarduera ekonomiko jakin batzuetarako. Esteka honetan azaltzen dugu hori: Elektrizitatearen gaineko zergaren hobaria.
- Kontagailuaren alokairua: gure fakturaren bidez banatzaileari ordaintzen diozun kostu bat da. Legez araututako balio bat da; beraz, ez da aldatuko enpresa merkaturatzaile batetik bestera.
- BEZa: gaur egun, % 21eko BEZa aplikatzen da ia zenbateko guztietan: kontratatutako potentzia, potentzia-gehiegikerien zigorrak, erabilitako elektrizitatea, energia erreaktiboa, bonu soziala, kontagailuaren alokairua, elektrizitatearen gaineko zerga, aldaketak eta altak egiteagatik edo beste kontzeptuengatik kobratutako kargu osagarriak, eta abar.Kanarietan, Kanarietako Zeharkako Zerga Orokorra (IGIC) aplikatzen da.
- Fakturan beste kontzeptu hauek ager daitezke:
- Sarbide-, luzapen- edo lotura-eskubideak: kontratu-aldaketak, hornidura-altak eta konexio-aldaketak egiten badituzu bakarrik agertuko dira. Enpresa banatzaileak errekargu arautu horiek gure fakturaren bidez kobratuko dizkizu.
Kontzeptu guztien (kontratatutako potentziaren fakturazioa, potentzia-gehiegikeriak, erabilitako elektrizitatearen fakturazioa, energia erreaktiboa, bonu soziala, zergak eta beste kostu batzuk) batura da fakturaren zenbateko osoa.