Elektrizitatearen jatorria Som Energian
[També en: català] | [También en: castellano] | [Tamén en galego] |
Som Energiak %100 berriztagarriak diren iturrietatik sortutako elektrizitate berdea merkaturatzen du. Merkaturatzen dugun elektrizitateak jatorri berriztagarria duela bermatzen duten Jatorriaren berme-ziurtagiriak ditugu. Ziurtagiri horiek elektrizitatea iturri berriztagarriekin sortzen duten instalazioei entregatzen zaizkie, eta ziurtagiri bakoitzak zenbat energia sortu eta sareratu den adierazten du. Beren aldetik, instalazio ekoizleek ziurtagiriak dagokien enpresa merkaturatzaileari transferitzen dizkiete.
Horregatik, esan dezakegu %100 berriztagarriak garela, Jatorriaren berme-ziurtagiriek bermatzen baitute bazkide eta erabiltzaileek eskatu duten energiaren %100 energia berriztagarria sortzen duten instalazioek sortu dutela. Halaber, Kooperatibaren konpromisoa betetzen dugu: agerian jartzen dugu herritarrek energia-iturri jakin batzuk (berriztagarriak) beste batzuk (fosilak eta nuklearrak) baino nahiago dituztela.
Gogoan hartu behar dugu energia berriztagarria ezin dela energia fosil edo nuklearretik bereizi elektrizitatearen garraio- eta banaketa-sarearen barruan; hortaz, sarean ekoizpen-iturri guztietako elektrizitatea nahasten da. Som Energiaren ekoizpen-instalazioetan sortutako elektrizitatea ezin da zuzenean bazkideen etxeetara garraiatu, baina Kooperatibak bermatzen du bazkide eta bezeroek sarera konektatzen direnean erabiltzen duten energia-kantitate bera sorkuntza berriztagarriko gure proiektuen edo haien Jatorriaren berme-ziurtagiriak transferitzen dizkiguten beste proiektu laguntzaile batzuen bidez iritsi dela aurretik sare horretara.
Merkaturatzaile berdearen (%100 berriztagarria) etiketa lortzeko, Kooperatibak Merkatu eta Lehiakortasun Batzorde Nazionalak zuzendutako ziurtapen-prozesua gainditu behar du. Merkatu eta Lehiakortasun Batzorde Nazionala Kooperatibak merkaturatzen duen energia-bolumena jasotako Jatorriaren berme-ziurtagirietako energia-bolumenarekin bat datorrela ziurtatzeaz arduratzen den erakundea da.
Nola lortzen ditugu Jatorriaren berme-ziurtagiriak?
Som Energiak energia berriztagarria (bereziki, fotovoltaikoa, eolikoa eta minihidraulikoa) ekoizteko proiektuak garatzen ditu. Proiektu horiei esker lortzen ditugu merkaturatutako energia-bolumenerako behar diren Jatorriaren berme-ziurtagiri batzuk, baina ez denak.
Hala, gure instalazio propioen ziurtagiriak erabiltzeaz gain, beste ekoizle batzuekin elkarlanean aritzen gara. Bereziki, oligopoliotik kanpo dauden eta Kooperatibak defendatzen dituen balioekin bat datozen ekoizle berriztagarriei energia erosten saiatzen gara. Lehentasuna ematen diegu energia eoliko, fotovoltaiko eta eguzki-energia termoelektrikoarekin lortutako ziurtagiriei, eta iberiar penintsulan, Balearretan edo Kanarietan dauden proiektuekin bakarrik lan egiten dugu.
Guretzat garrantzitsua da ziurtagiriak lortzeko gurekin elkarlanean aritu diren hornitzaileak ezagutzera ematea, elektrizitate berriztagarriaren ekoizpenaren jatorria aintzat hartzeko. Beheko taulan 2020 urteko ziurtagiria lortzen lagundu diguten instalazio nagusiak xehatzen dira, bai eta Jatorriaren berme-ziurtagiriak zein instalazio berriztagarritik datozen ere.
Jatorria |
Iturri-mota |
Proiektuak |
Kokapena |
|
---|---|---|---|---|
Kooperatibarenak |
Som Energia | Fotovoltaikoa | Kooperatibaren eguzki-instalazioak | Girona, Bartzelona, Lleida, Valentzia, Ávila, Almería eta Sevilla |
Biogasa | Txerri-minden tratamendua | Torregrossa (Lleida) | ||
Minihidraulikoa | Valteínako parkea | Peñafiel (Valladolid) | ||
Lankidetzak | Som Energiako bazkideak | Fotovoltaikoa | Eguzki-estalkiak eta bertan | Espainiako lurraldean sakabanatuta |
Ecooo | Fotovoltaikoa | Eguzki-estalkiak partekatuak | Espainiako lurraldean sakabanatuta | |
Enerpal | Eolikoa | El Raso haize-parkea | Fuentes del Valdepero (Palentzia) | |
Enervent | Eolikoa | Colladetes haize-parkea | Perelló (Tarragona) | |
Sydis | Eolikoa | Cefiro eta Enersos haize-parkea | Albacete |
Gainerako ziurtagiriak horiek transferitzen dituzten ordezkarien bidez lortu ditugu, merkatuaren eboluzioaren arabera, haiekin prezio bat adostuta.
2019aren hondarrean, Kooperatiba ekoizpen berriztagarriko instalazioen (gureak eta interesa duten pertsona edota enpresenak) ordezkari bihurtu zen merkatuan; hau da, ekoiztutako energiaren salmenta eta prima jasotzeko eskubidea duten instalazioei dagokien berariazko ordainsaria bideratzen du. Horrela, ekoizten duten elektrizitatea guri saltzen uzten diguten ekoizpen berriztagarriko parkeek haien ziurtagiriak modu zuzenagoan lortzeko aukera ematen digute ere, lankidetza horren bidez. 2020an Som Energiari % 100 berriztagarri ziurtagiria lortzen lagundu dioten lankidetzen artean, ordezkatutako instalazioetako batzuk daude. 2021. urtean zehar, energia-bolumen handiagoa ordezkatzea eta, ordezkapen horren ondorioz, ziurtagiri-kopuru handiagoa lortzea espero dugu.