Instalakuntza elektrikoa: hargunea eta babes-kaxa
[També en: català] | [También en: castellano] | [Tamén en galego] |
Baliteke pertsona batzuentzat erraza izatea instalakuntza elektrikoaren barruan etxebizitzaren zati bakoitza identifikatzea: entxufeak, kableak, elektrizitate-kaxa eta kontagailua.
Hala ere, erabilgarria da sakonago ezagutzea, eta banaketa-enpresaren sarea non hasten den eta zure etxebizitzaren instalakuntza elektrikoa noraino iristen den jakitea. Garrantzitsua da kontzeptu horiek argi izatea, instalakuntzan arazo elektrikoak badituzu eta ez badakizu erreklamaziorik jarri behar duzun ala ez, besteak beste.
Ondoren, hornidura-sarearen eta instalakuntza elektriko indibidualaren arteko mugan zer elementu aurki ditzakezun azalduko dizugu, eta baita horietako bakoitzaren mantentze-lanak egitea noren ardura den ere.
Elektrizitate-hargunea
Hargunea eraikinaren kanpoaldean egon ohi da, eta banaketa-enpresaren sare elektrikorik babes-kaxa orokorrera doan kable bat da. Harguneak askeak (fatxada edo makil baten gainean), lurpekoak edo mistoak izan daitezke, eta banaketa-enpresaren ardura dira.
Babes-kaxa
Kaxa orokorra funtsezko elementua den arren, askok ez dute instalakuntza elektrikoen zati hori ezagutzen. Bertara iristen da sare elektrikotik argindarra daraman kablea, eta fusibleak eta etengailu orokorra ditu, instalakuntzaren segurtasuna bermatzeko. Horrez gain, zirkuitulaburren, gainkargen eta matxuren kontra babesten du.
Oso garrantzitsua da babes-kaxa ezagutzea, bertan hasten delako instalakuntza elektriko partikularra, eta, hortik aurrera, titularra delako instalakuntza elektrikoa egoera onean mantentzearen arduradun, baita jarraian azalduko ditugun elementu guztiak zaintzearen arduradun ere.
Bi babes-kaxa mota daude, babesten duten hornidura-kopuruaren arabera. Auzokide-komunitateen kasuan, babes-kaxa orokor bakarra egon ohi da hornidura-puntu guztientzat. Aldiz, binakako etxeen eta hornidura-puntu isolatuen kasuan, berezko babes- eta neurketa-kaxa eduki ohi dute, eta, gainerako elementuez gain, neurketa-ekipoa ere barne hartzen du.
Babes-kaxa orokorra (CGP)
Bertara iristen da argindarra sare elektrikotik auzokide-komunitatera daraman kablea, eta fusibleak eta etengailu orokorra biltzen ditu. Babes-kaxa orokorraren helburua da instalakuntzaren segurtasuna bermatzea eta zirkuitulaburren, gainkargen eta matxuren kontra babestea.
Babes- eta neurketa-kaxa (CPM)
Familia bakarreko etxebizitzetan, beste elementu bat ere egon ohi da, babes- eta neurketa-kaxa (CPM), alegia. Babes-kaxa orokorraren elementuez aparte, neurketa-ekipoa ere badu.
Etxebizitza isolatu bateko babes- eta neurketa-kaxa
Elikadura-linea orokorra (LGA)
Banakako hornidura duten eraikinek elikadura-linea orokorra (LGA) deituriko elementu bat dute, babes-kaxa orokorra eta neurketa-ekipoa lotzen dituzten kableez osatutakoa. Hornidura-puntu bat baino gehiago dituzten eraikinetan, elikadura-linea orokorrak babes-kaxa orokorra eta kontagailuen zentralizazioa lotzen ditu. Elikadura-linea orokorraren kableek behar duen potentzia elektrikoaz hornitzen dute eraikina.
Segurtasun-arrazoiengatik eta indarreko araudiari jarraikiz, babes-kaxa orokorrean edo elikadura-linea orokorrean jardun behar baduzu, banaketa-enpresarekin kontaktuan jarri beharko duzu aurrena. Enpresak adieraziko dizu haien teknikari batek aritu behar duen, edo zuk zeuk profesional edo enpresa espezialista bat kontrata dezakezun.
Kontagailuen zentralizazioa
Kontagailuen zentralizazioa eraikin bereko kontagailu guztiak biltzen dituen eremua da. Pisu-bloke berean dauden auzokide-komunitateetan, esaterako, kontagailuak zentralizatuta egon ohi dira.
Kontagailuen zentralizazioak hainbat elementu ditu:
● Maniobra-etengailu orokorra: korrontea eteteko erabiltzen da.
● Barra biltzaile orokorrak eta segurtasun-fusibleak: sarearen tentsio trifasikoa monofasiko bihurtzen du, horixe baita etxebizitzek erabiltzen duten tentsio-mota. Horrez gain, segurtasun-fusible bat dauka, hornidura-puntu bakoitzeko.
● Neurketa-ekipoa: erabilitako energia neurtzen duen kontagailua da. Beharrezko kontagailu guztiak biltzen ditu.
● Banakako konexioak: energia elektrikoa kontagailutik hornidura jakin bateko etengailu-kaxara eramaten du (adibidez, etxebizitza bateko kaxara).
● Barra biltzaile orokorrean, kobrezko lau barra daude: fase bakoitzeko bana eta neutroarentzako beste bat. Elementu horren funtzioa maniobra-etengailu orokorra kontagailuetara konektatzea da, eta bertan instalatzen dira hornidura bakoitzaren segurtasun-fusibleak.
● Babes-barrak kontagailuen ondoren dagoen kobrezko barra batzuk dira, eta kontagailuak banakako zirkuitu paraleloetara konektatzen dituzte, borneen bidez. Egitura horretatik ateratzen da lurrerako zirkuitua ere, eraikina kanpoko deskargetatik babesteko helburua duena.
Elektrizitate-kaxa edo kaxa orokorra eta babes-agintea
Etxebizitzen kasuan, elektrizitate-kaxa edo kaxa orokorra etxeko sarreran egon ohi da, eta barneko instalakuntzaren segurtasunerako eta babeserako gailu guztiak biltzen ditu. Informazio gehiago izateko, kontsultatu artikulu hau: Ezagutu zure elektrizitate-kaxa eta babestu instalakuntza alterazioen kontra.
Lotura-instalakuntza
Azaldu berri ditugun elementu guztiak lotura-instalakuntza deituriko elementuaren barnean daude. Etxearen barneko instalakuntza eta banaketa-enpresaren sare elektrikoa lotzen dituzten egiturez osatuta dago.
Argi ez badugu azaldu ditugun elementuek ongi funtzionatzen duten ala ez, egokiena da baimendutako teknikari batekin harremanetan jartzea. Teknikariak instalakuntza aztertuko du, eta zer egin aholkatu. Garrantzitsua da elementu horiek ongi funtzionatzea, zure instalakuntza eta ingurukoak babestuta egoteko.