Ezagutu zure elektrizitate-kaxa eta babestu instalakuntza alterazioen kontra
[També en: català] | [También en: castellano] | [Tamén en galego] |
Elektrizitate-kaxa elektrizitatearen instalakuntza eta instalakuntza hori erabiltzen duten pertsonak babesten dituzten osagaien multzoa da, eta zure instalakuntzaren funtsezko elementua da. Horregatik, oso erabilgarria izan daiteke jakitea kaxak zer osagai dituen eta nola funtzionatzen duten, noizbait intzidentziarik baduzu. Teknikoki, aginte- eta babes-koadro deitzen zaio.
Koadroak arauzko kutxa baten barruan egon behar du. Etxebizitza eta lokalen kasuan, ate nagusiaren ondoan kokatu ohi da; elkargune publiko batean dauden hornidura-puntuen kasuan, berriz, ezkutatuta egon ohi da.
Egoera txarrean dagoen elektrizitate-kaxa batek arazoak sor ditzake
Elektrizitate-kaxako elementuen helburua da pertsonak eta gailu elektrikoak elektrizitatearen arriskuetatik babestea. Hala ere, zenbaitetan, elementu horiek huts egin dezakete, matxuratu direlako, alterazioen ondorioz haien balio-bizitza txikiagotu delako, edo besterik gabe, zaharkituta daudelako.
Horregatik, komenigarria da instalakuntza eta elektrizitate-kaxa aldizka aztertzea. Hala, ongi funtzionatzen dutela ziurtatzen dugu, eta etxetresna elektrikoetan matxurak eragiten dituztela ekidin. Negozioek eta publikoari zuzendutako lokalek aldizkako azterketak egin behar dituzte haien instalakuntzan eta kaxan nahitaez. Etxebizitzen kasuan, ordea, ez da derrigorrezkoa. Behe-tentsioko erregelamendu elektroteknikoak ezartzen du zenbatean behin egin behar diren azterketa horiek (bost ala hamar urtean behin izan daitezke).
Ondoren, aginte- eta babes-koadroko elementu bakoitzaren funtzioa azalduko dizugu.
Etengailu diferentziala (ID)
Etengailu diferentzialak pertsonak elektrokutatzearen kontra babesten ditu, etxetresna elektrikoak hondatzen direnean. Ekipoa edo zirkuituak lurrera deribatu eta korrontea askatzen denean edo hondatu dagoen gailu elektriko bat martxan jartzen dugunean, etengailu diferentzialak antzematen du, eta deskonektatzen da.
Etengailuak botoi bat dauka, eta zer egoeratan dagoen ikusteko balioko digu. Botoi hori sakatzean instalakuntza korronterik gabe geratzen bada, etengailuak ongi funtzionatzen du.
Ostera, etxebizitzan edo lokalean argindarrak martxan jarraitzen badu, etengailua hondatuta dago eta berri batekin ordeztu behar dugu. Edonola ere, fabrikatzaileek gomendatu ohi dute hilean behin proba egitea, ongi funtzionatzen duela ziurtatzeko.
Etengailu diferentzial birmuntagarria
Etengailu diferentzial mota bat da, eta aukerakoa da hura instalatzea. Komenigarria izan daiteke denbora luzez etxetik kanpo bazaude. Alterazio elektrikoak daudenean, automatikoki birkonektatzen da, eta, hala, argindarra izango duzu berriz ere.
Ezkerrean, ID monofasikoa; eskuinean, ID birmuntagarri monofasikoa.
Etengailu automatiko orokorra (IGA)
Instalakuntzak jasan dezakeen potentzia maximoa gainditzen denean, etengailu automatiko orokorrak hornidura elektrikoa eteten du. Instalakuntza bakoitzaren buletin elektrikoak ezartzen du zenbatekoa den potentzia hori. Ez da potentzia kontrolatzeko etengailuarekin nahastu behar. Izan ere, azken horrek kontratatutako potentzia gainditzen denean baino ez du eteten hornidura.
Potentzia kontrolatzeko etengailua (ICP)
Etengailu horrek kontrolatzen du erabilitako potentziak ez duela kontratatutako kopurua gainditzen. Urrunetik kudeatzen diren neurgailuak martxan jarri zirenetik, ez da beharrezkoa elektrizitate-kaxak etengailu hori edukitzea. Izan ere, kontagailu berriek ICP digitala dakarte. Informazio gehiago nahi baduzu, gaiari buruzko artikulu hau irakur dezakezu: Potentzia kontrolatzeko etengailua edo ICP.
Etengailu automatiko txikiak (PIA)
Instalakuntzaren barneko zirkuituetako bakoitzean egon litezkeen zirkuitulaburrek edo gainkargek eragindako arazoetatik babesten dute instalakuntza. Horrela, kaltetutako etengailua baino ez da deskonektatzen, gainerako instalakuntzak martxan jarraitzen du, eta arazoa non dagoen detekta daiteke. Orokorrean, etiketak daramatzate, zer guneri dagozkion adierazteko (argiztapena, sukaldea, berogailua, etab.).
Gaintentsioen kontrako babesa (PCS)
Gaintentsioen kontrako babesek ekiditen dute gaintentsioen ondorioz etxeko gailu elektrikoak hondatzea edo horien balio-bizitza txikiagotzea (gaintentsioa edozein arrazoirengatik sortu dela ere). Bi motakoak izan daitezke: zirkuitu elektrikoa gaintentsio iragankorren kontra babesten dutenak, eta gaintentsio iraunkorren kontra babesten dutenak.
2002an indarrean sartu zen behe-tentsioko erregelamendu elektrikoak ezartzen du instalakuntzek gaintentsioen kontra babesteko sistemak eduki behar dituztela. Zure instalakuntzak ez badauka horrelako elementurik, komenigarria da kualifikatutako teknikari batek instalatzea.