Komenigarria da autoprodukzio-instalazioetan bateriak edo energia metatzeko sistemak jartzea?

[També en: català] [También en: castellano] [Tamén en galego]

Autoprodukzio-instalazio batean bateriak jartzea beharrezkoa den ala ez erabakitzeko, zer-nolako instalazioa duzun ikusi behar dugu. Lehenik -eta oraingo elektrizitate-erabilera oinarri hartuta- instalazioaren helburua zehaztu behar duzu: zenbateko autosufizientzia lortu nahi duzun, horrek zer independentzia-maila ematen dizun, zenbat aurreztu nahi duzun, eta abar.

Gogoan izan, zure instalazioa sare elektrikora konektatutako hornidura-puntu bat baldin bada, ez dela ezinbestekoa bateriak jartzea, aukerakoa baizik; eguzkirik ez dagoenean eta energia propioa sortzen ez duzunean, sareko energia erabili ahalko duzu eta.

Ordea, zure autoprodukzio-instalazioa saretik isolatutako puntu bat bada, bateriak ezinbestekoak dira une oro energia jasotzen duzula bermatzeko, baita zure instalazioak energiarik sortzen ez duenean ere.

Horiek horrela, sarera konektatutako instalazioetan, kontuan hartu behar dugu, duela gutxi arte, ondo dimentsionatutako autoprodukzio-sistemek soberazko energia gutxi sortzen zutela, helburua ekoizteko unean ahalik eta energia gehien erabiltzea zelako. Gaur egun, aldiz, araudi-aldaketa dela eta, soberakinen konpentsazio sinplifikatu eta ekonomikoa egin daiteke jarduera ekonomiko gisa alta emateko beharrik gabe eta, ondorioz, autoprodukzio-instalazioa hein batean neurriz kanpo dimentsionatzea erakargarriagoa eta errazagoa da. Instalazioak sortzen duen eta zuk aprobetxatzen ez duzun energia erabili duzun sareko energiarekin konpentsatuko zaizu elektrizitate-fakturan.

Aukera dugu ere bateria hasieratik jartzeko eta, metatu eta geroago erabiltzeko behar adina energia sortzeko asmoz, instalazioaren tamaina kalkulatzeko.

Bateriak instalatzeak dituen alde on eta txarrak arretaz baloratu behar ditugu:

Baterien alde onak: energia sortzen ez dugunean, jatorri berriztagarriko eta autoproduzitutako energia jasotzeko aukera. Horrek sistemaren independentzia energetikoa indartzen du eta sistema elektrikoaren deszentralizazioa laguntzen du.

Bestetik, kontuan hartu behar dugu bateriak oso interesgarriak direla ere sortutako energia eta, bereziki, soberazko energia, kudeatzeko. Berriki autoproduzitutako energia beste hornidura-puntu batzuekin trukatzeko aukerak zehazten hasi dira.

Baterien alde txarrak: instalazioaren prezioa nabarmen igotzen dute; gaur egun, baterien prezioak etxeko instalazio konbentzional baten prezioa bikoiztu edo are gehiago garestitu dezake.

Ondo kalkulatu behar dugu bateriek ekar dezaketen abantaila ekonomikoa. Gogoan izan aipatu dugun konpentsazio sinplifikatuak, gehienez ere, erabilitako sareko energiaren balio ekonomikoa konpentsatzea aurreikusten duela, hots: sortutako balio ekonomikoa erabilitako sareko energiaren balio bera edo hortik gorakoa bada, 0 € ordainduko dituzu erabilitako energiarengatik. Kontuan hartu, edonola ere, zuk ordaindu beharko dituzula kontratatutako potentziaren zati finkoa eta lotutako zergak.

Erabakitzeko, balorazio ekonomiko positibo hori baterien kostuarekin alderatu beharko duzu. Kalkulu hori egiteko, besteak beste, alderdi hauek hartu behar dituzu gogoan: zure elektrizitate-erabilera ordutegien arabera eta energiaren prezioa epe ertainera.

Era berean, arreta ipini behar dugu bateriak egiteko lehengaiak ekoizten dituzten herrialdeetako ingurumen- eta gizarte-problematiketan. Hainbat erakundek salatu dute bateriak fabrikatzeko mineralak erauzten dituzten pertsonen lan-baldintzak zalantzagarriak direla [1]. Beraz, bateriak dituen sistema bat aukeratzen baduzu, garrantzitsua da hori kontuan hartzea, dimentsionamendu egokia egiteko eta instalazioa modu arduratsuan erabiltzeko.

Azkenik, gogoan hartu, gaur egun, bateriek 10-15 urte inguruko balio-bizitza dutela.

Kontuan hartu behar dugu baterien teknologia abiadura handiz eboluzionatzen ari dela eta, gutxi barru, merkeagoak izango direla, gaitasun eta prestazio hobeak izango dituztela eta, gainera, hain urriak ez diren, ingurumenean eta gizartean hainbesteko kaltea eragiten ez duten eta errazago birzikla daitezkeen materialekin ekoiztuko direla.

Era berean, etorkizunean, apika, bateriak partekatzeko aukera izango dugu, adibidez, pisu-bloke edota auzo berean.

Informazio hau abiapuntu ona izan daiteke zer-nolako autoprodukzio-instalazioa behar duzun eta bateriak behar dituzun ala ez pentsatzeko. Som Energia ez da ingeniaritza-enpresa edo eguzki-proiektuak instalatzen dituen enpresa bat, eta ezin dizugu lagundu zure instalazio partikularraren betekizun teknikoak zehazten.

Hortaz, Kooperatibak abiatutako erosketa kolektibo batean izena eman baduzu eta zalantza teknikoak badituzu, galdetu zuzenean enpresa esleipendunari. Bestela, sektoreko enpresa adituak aurkituko dituzu bilatzaile honetan.

Energia metatzeko beste sistema batzuk

Zure autoprodukzio-instalazioak ekoizten duen soberazko energia aprobetxatzeko beste modu bat biltegiratze termikoa da.

Komun-ur beroa metatzeko sistema bat izan daiteke, adibidez. Etxebizitza bera ere izan daiteke metagailu handi bat, isolamendu ona badu eta eraikuntza-materialak egokiak badira, unearen arabera, hotza edo beroa metatzeko.

Beraz, sistema fotovoltaikoa baduzu, oso interesgarria izan daiteke aerotermia-sistema batekin konbinatzea, bi teknologia horiek oso ondo baitabiltza batera.

Ibilgailu elektrikoen bateriak

Ibilgailu elektrikoen bateriak kontuan hartu beharreko elementuak dira ere.

Badago dagoeneko gaitasun-murrizketa dela kausa baztertu diren auto-bateriak autoprodukzio-instalazioetarako bateria gisa aprobetxatzeko aukera ikertzen ari den proiektu bat edo beste. Ikusi beharko dugu, behar beste ibilgailu elektriko zahar ditugunean, aukera hori bideragarria ote den.

Oraindik eboluzionatu behar duen beste ideia bat V2G (ingelesez, Vehicle-to-grid, ibilgailua sarean) edo V2H (ingelesez, Vehicle-to-home, ibilgailua etxean) sistema da. Teknologia horrek ahalbidetzen du ibilgailu elektrikoaren bateriak -behar adina kargatuta dagoenean- etxebizitzako sarera energia hornitzea. Hala, ibilgailu elektrikoaren bateria beharren arabera karga edo deskarga daiteke, eta bateria egonkor baten antzeko prestazioak gehitu. Prestazio interesgarria izan daiteke hori energia % 100 berriztagarria hornitzen duten kargatzeko puntuak aprobetxatzeko.

****

[1] Ikus artikulu hau: La batería, punto débil del vehículo eléctrico Opcions [2018/09/12an argitaratua]

Honek erantzun al dizu zure galdera? Eskerrik asko iritziagatik Arazo bat izan da zure iritzia bidaltzean. Saiatu berriro geroago.

Ez al duzu bilatzen ari zarena aurkitzen? Harremanetan jarri Harremanetan jarri