Nolakoak dira Som Energiaren autoprodukziorako erosketa kolektiboak?

[També en: català] [También en: castellano] [Tamén en galego]

Kooperatibak energia demokratizatzea du helburu; energia herritarren esku jarri nahi du, betiere eredu berriztagarri bat oinarri hartuta. Horretarako, autoprodukzioa sustatzen du eta estalki fotovoltaiko berrien instalazioa bultzatzen du, energiaren ekoizpena energia erabiltzen den tokira hurbilduz.

Helburu horri jarraikiz, instalazioen erosketa kolektiboetan oinarritutako eredu bat sustatzea erabaki dugu, ahalik eta erabiltzaile gehienek instalazio bat erosteko aukera izan dezaten.

Zertan datza erosketa kolektibo bat?

Erosketa kolektiboek Som Energiako bazkideei aukera ematen diete enpresa instalatzaile fidagarriekin, autoprodukziorako instalazio fotovoltaiko bat baldintza onenetan eskuratzeko. Horretarako, erosketa kolektiboak eremu geografiko berean bizi diren eta interesa duten ahalik eta Kooperatibako bazkide gehien elkartzen saiatzen dira, eta, prozedura garden baten bidez, Kooperatibak aukeratzen du bazkideek zer enpresa kontratatuko duten instalazioen muntaketa egiteko.

Nori daude zuzenduta erosketa kolektiboak?

Som Energiaren egungo erosketa kolektiboen eredua baldintza hauek betetzen dituzten Kooperatibako bazkide diren pertsonei eta enpresa txikiei zuzenduta dago: berezko estalkia duen etxebizitza edo lokala izatea, edo gainerako jabekideen baimena izatea instalazioa egiteko, eta elektrizitate dezente kontsumitzea (hots, urtean 2.500 kWh baino gehiago). 

Estalki eguzkitsu bat behar da (orientazio ona eta itzalik ez), osasunerako arriskutsuak izan daitekeen materialik (esaterako, fibrozementua) ez duena.

Halaber, gomendagarria da, epe ertain edo laburrean, estalkian obrak egiteko planik ez izatea, horrek erosketa kolektiboak barne hartzen duen instalazioa atzera dezake eta.

Pisu-bloke batean bizi bazara, zure eraikinean plaka fotovoltaikoak instalatzea bultza dezakezu. Ezingo duzu erosketa kolektiboetan parte hartu, baina, halere, prestatu dugun Pisu-blokeetan autoprodukzio kolektiboa ezartzeko gida praktikoa kontsulta dezakezu. Gidak autoprodukzio-modalitate hori hobeto ulertzen laguntzea du helburu, eta erabiltzeko edo egokitzeko prest dauden kontratuen zein beste dokumentuen ereduak barne hartzen ditu.

“Giltza eskurako” eredua

Dena barne hartzen duten "giltza eskurako" proiektu bat da. Enpresa instalatzailea obra guztiaz arduratuko da: aurre-azterketatik hasita, obra amaitu arte. Zerbitzua bukatzean, instalazioa funtzionatzen hasteko prest egongo da. Som Energiak prozesu osoan zehar lagunduko du.Erosketan parte hartzen duten bazkideei zerbitzu ematen dien enpresa esleipendunak lan hauek egingo ditu:

  1. Aurre-azterketa
  2. Bisita teknikoa eta aholkularitza
  3. Instalazioa
    1. Eguzki-panelak
    2. Inbertsorea
    3. Egitura
    4. Kable-sarea
    5. Babesak
    6. Aukerako gehigarriak: bateriak, itzalak optimizatzeko gailuak, energia-neurgailuak, ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak eta abar (kanpainaren arabera)
  4. Martxan jartzea
  5. Legalizatzeko laguntza
  6. Diru-laguntzen edota hobarien tramitazioa (kanpainaren arabera)

Erosketa kolektiboaren faseak

1. Sorrera: Lurralde bakoitzeko bazkide-oinarriak,Tokiko Taldeen inguruan antolatuta, eredua dagokion errealitatera egokitzen du eta, Talde Teknikoaren laguntzarekin, erosketa kolektiboa egiteko antolatzen da, Talde Sustatzailea osatuz.

2. Lehiaketa: Talde Sustatzaileak lehiaketa ireki bat antolatzen du, erosketan parte hartuko duten pertsonei zerbitzu emango dien ingeniaritza-enpresa edo enpresa instalatzailea aukeratzeko. Talde Sustatzaileak hautagaitza guztiak aztertzen ditu eta erosketa kolektiboan parte hartzen duten instalazioak aztertzeko, aholku emateko, obra egiteko, legalizatzeko eta instalazioak martxan jartzeko enpresa fidagarriena aukeratzen du.

Lehiaketara aurkezten diren enpresek, nahi izatekotan, beste enpresa instalatzaile batzuekin lankidetza-hitzarmenak sinatu ahal izango dituzte, agindutako instalazio guztiak berme osoarekin egiteko.

3. Izen-emateak: Lehiaketa ebatzi eta emaitza Kooperatibaren blogean argitaratu ondoren, Kooperatibako bazkideek haien lurraldeko erosketa kolektiboan izena emateko epea hasten da, eskainitako instalazioen maximora iritsi arte.

Som Energiaren erosketa kolektiboetan izena emateko, dagokion inskripzio-inprimakia bete behar da, kooperatibaren blogeko albistean eskuragarri dagoena. Parte-hartzaileen konpromisoa bermatzeko, 100 euro ordaindu behar dira erreserbatzat, inskripzioa formalizatu ahal izateko. Som Energiak kudeaketa-gastuetarako erabiliko ditu 100 euro (BEZ barne) horiek.

Aipatutako zenbatekoa inskribatutako pertsonaren bat arrazoi teknikoengatik (estalki desegokia, itzalak, orientazio txarra...) baztertzen denean baino ez dira itzuliko. Borondatez baja ematen badu (teknikoak ez diren bestelako arrazoiengatik), ez zaio zenbatekoa itzuliko. Kasu horretan, diru horretatik, enpresa instalatzaileari 75 euro emango zaizkio, aholkularitzaren eta bisita teknikoaren gastuak ordaintzeko, eta beste 25 euroak Som Energiaren kudeaketa-gastuak ordaintzeko erabiliko dira.

4. Azterketa neurrira egitea: Enpresak aurretiko txosten pertsonalizatu bat egingo du eta, gero, bisita tekniko bat, proiektua in situ doitzeko eta zalantzak argitzeko. 

5. Obra egitea: Bisita teknikoa egin ondoren, parte hartzen duen bazkideak eta enpresa instalatzaileak giltza eskurako kontratua sinatu beharko dute hurrengo pausoak emateko. Kontuan hartu beharra dago, mota honetako instalazioak, oro har, errazak direla, eta bi eta bost egun artean irauten dutela.

Ordainketak honela egingo dira:

  1. Kontratuaren prezioaren % 50 (BEZa barne): bazkideak enpresarekin giltza eskurako kontratua sinatzen duenean.
  2. Kontratuaren prezioaren % 40 (BEZa barne): Behin-behineko Onarpen Akta sinatzen denean.
  3. Kontratuaren prezioaren % 10 (BEZa barne): enpresak bazkideari instalazioaren legalizazioa tramitatzeko behar duen dokumentazio guztia entregatzen dionean.

Eredu bakoitzaren azken prezioaz gain, erosketan parte hartzen duten lagunek beren gain hartuko dituzteobra-baimenetik eratorritako zergak eta tasak, behar izanez gero.

Autoprodukziorako erosketa kolektiboen funtzionamenduaren gaineko xehetasunak Som Energiaren Erosketa Kolektiboen Baldintza Orokorretan aurkituko dituzu.

Kooperatibaren webguneko hurrengo atalean erosketa kolektiboak zein egoeratan dauden ikusiko duzu.

Behean, Som Energiaren erosketa kolektiboei buruzko bideo baten bi bertsio ikus ditzakezue. Hiru familien esperientzia oinarri hartuta, ikusiko dugu zer diren erosketa kolektiboak, zer den autoprodukzioa eta zer abantaila dituzten autoprodukzioak eta gure erosketa kolektiboetan parte hartzeak.

 

Gure erosketa kolektiboak eta haietan parte hartzeak dituzten abantailak gainetik azalduta. Hiru familia berberak azaltzen dira, baina azalpen xehaturik gabe; batez ere, erosketa kolektiboen bidez plakak jartzeak dituen abantailak nabarmentzen dira.

 

Esteka interesgarriak

Honek erantzun al dizu zure galdera? Eskerrik asko iritziagatik Arazo bat izan da zure iritzia bidaltzean. Saiatu berriro geroago.

Ez al duzu bilatzen ari zarena aurkitzen? Harremanetan jarri Harremanetan jarri