Nola kudeatzen ditugu Som Energian pobrezia energetikoan dauden kontratuak?
Pobrezia energetikoan ( hemen azaltzen dugu zertan datzan) bizi zarela uste baduzu, gomendatzen dizugu zure eskualdeko gizarte-zerbitzuekin harremanetan jartzea. Tokiko zein autonomia erkidegoko administrazio publikoen betebeharra da zuri jakinaraztea indarreko laguntzak eskatzeko baldintzak betetzen ote dituzun eta zein urrats egin behar dituzun laguntza horiek jasotzeko.
Era berean, Laguntza Guneko beste artikulu honetan zaurgarritasun energetikoko egoeretarako baliabide interesgarriak aurkituko dituzu.
Som Energian zaurgarritasun-egoeran dauden bazkideak zaintzeko, eragile estrukturalen aurka borrokatzeko eta gure intzidentzia-gaitasuna handitzeko hainbat estrategia dituen ekintza-plan bat prestatu dugu. Egoera latza dela dakigunez, protokolo arduratsu eta zehatz bat aplikatzen dugu arrazoi horrengatik faktura ordaindu ezin duten bazkideekin.
Helburu horrekin ere, 2022ko Batzar Nagusian mozio bat onartu zen, tarifa sozial bat sortzeko aukera aztertzearren. Une honetan, lanean ari gara zaurgarritasun-egoeran dauden kontratuen fakturei deskontu sozial bat aplikatu ahal izateko.
897/2017 Errege Dekretuak ezartzen duenari jarraikiz, egoera hori egiaztatzen duen txosten bat baduzu, Som Energiak ez du etengo zure hornidura elektrikoa. Baina kontuan hartu horrek ez zaituela salbuetsiko sor litekeen zorretik.
Arlo juridikoan, Kooperatibak kontsumitzaile zaurgarriaren figura, bonu soziala eta energia elektrikoko etxeko kontsumitzaileentzako beste babes-neurri batzuk arautzen dituen Errege Dekretuak xedatutakoa betetzen du.
Kasu batzuetan, indarrean daude aldi berean aipatutako Errege Dekretua eta pobrezia energetikoaren zenbait alderdi arautzen dituzten eta autonomia-erkidego batetik bestera apur bat aldatzen diren lege autonomikoak. Beraz, mota honetako kontratuak kudeatzean, bai Estatuko legeria bai hornidura-puntua kokatuta dagoen autonomia-erkidegoko legeria hartu behar ditugu kontuan.
Zure kontratua Katalunian badago, indarreko araudi autonomikoa aplikatuko da, zehazki, etxebizitzaren eta pobrezia energetikoaren eremuko larrialdiei aurre egiteko presazko neurriei buruzko Kataluniako 24/2015 legea, zeinak, edateko ura, elektrizitatea eta gasa hornitzen duten konpainiek erabaki ditzaketen hornidura-etenen aurrean, bizitegi-bazterketan bizi diren pertsona eta familia-unitateen babesa xedatzen baitu.