Bonu soziala
| [També en: català] | [También en: castellano] | [Tamén en galego] |
Artikulu honetan bonu sozialaren inguruko puntu hauek azaltzen ditugu:
- Zer da bonu soziala?
- Zeintzuk dira erreferentziako merkaturatzaileak?
- Nola eska dezaket?
- Som Energiak bonu soziala aplika dezake?
Zer da bonu soziala?
Bonu soziala Espainiako gobernuak sortutako laguntza bat da, eta deskontu bat dakar elektrizitate-fakturan. Kalteberatzat jotzen diren kolektiboei zuzenduta dago. Kategoriak ezartzen dira legez ezarritako bizikidetza-unitateenerrenta-mugen arabera eta baldintza berezi jakin batzuen arabera
Bonu soziala jasotzeko eskubidea duten kategoriak hauek dira:
- Kontsumitzaile kalteberak
- Kontsumitzaile oso kalteberak
- Gizarte-bazterketa arriskuan dauden kontsumitzaile oso kalteberak
Eskuarki, laguntzak potentzia-terminoaren eta energia-terminoaren murriztapena dakar elektrizitate-fakturan. Deskontua pobrezia energetikoko egoeran dagoen pertsonaren larritasun-mailaren araberakoa da: kontsumitzaile kaltebera, kontsumitzaile oso kaltebera eta gizarte-bazterketa arriskuan dagoen kontsumitzaile oso kaltebera. Egoera zenbat eta larriagoa, orduan eta beherapen handiagoa. Kasuan-kasuan aplikatzen den portzentajea kontsultagai dago Ministerioaren webgunean.
Bonu soziala eskatzeko, nahitaezkoa da, alde batetik, ezarritako betekizunak betetzea eta, bestetik, elektrizitate-kontratua merkatu arautuko erreferentziako merkaturatzaile batekin egitea eta etxea ohiko etxebizitza izatea. Som Energia merkatu arautuan ez dagoenez, ezin du eskaini bonu soziala. Artikulu honen amaieran xehetasun gehiago aurkituko dituzu.
Zeintzuk dira erreferentziako merkaturatzaileak?
Esteka honetan erreferentziako merkaturatzaileen zerrenda aurkituko duzu. Esan bezala, bonu soziala aipatutako zerrendako merkaturatzaile baten bidez kontratatu behar da, etxebizitza non dagoen kontuan hartu gabe.
Bestetik, gogoan izan, bonu soziala eskuratzeko, PVPC tarifa (kontsumitzaile txikientzako borondatezko prezioa) kontratatu behar duzula. Beste tarifa bat baduzu, bonu soziala eskatzeko aurkezten dituzun dokumentuen artean tarifa- eta merkaturatzaile-aldaketa egiteko baimen bat sartu beharko duzu.
Nola eska dezaket?
Bonu soziala eskatzeko formularioak eta, laguntza eskatzeko arrazoiaren arabera, aurkeztu beharreko dokumentazioa erreferentziako merkaturatzaileen webguneetan kontsulta ditzakezu.
Industria, Energia eta Turismo Ministerioaren bonu soziala webgunean informazio gehiago aurkituko duzu.
Som Energian bonu soziala aplikatu dezake?
Tamalez, Som Energiak ezin du aplikatu Espainiako gobernuak ezarritako bonu soziala. Merkatu libreko merkaturatzaile bat garenez, merkatu araututik kanpo gaude, eta laguntza hori merkatu elektriko arautuko merkaturatzaileek bakarrik eskaini dezakete.
Hala ere, merkaturatzaile guztiak bezala, bonu soziala finantzatzen laguntzera behartuta gaude; hortaz, gure fakturan bonu sozialaren kontzeptua agertzen da.TED/81/2023 aginduak xedatzen du, 2023rako, elektrizitate-kontratu bakoitzeko, urteko, 14,04 euroko ekarpena egin behar dela.
Bonu soziala merkatu arautuko enpresek bakarrik eskaini ahal izateak argia zeinekin kontratatu nahi dugun erabakitzeko askatasuna mugatzen du. Horrela, merkatu libreko merkaturatzaile batekin kontratatzen dutenek eskubidez dagokien laguntza bat eskatzeko aukera galtzen dute.
Kooperatiban uste dugu araudia berrikusi beharko litzatekeela. Bestetik, ez dugu baztertzen egun batean erreferentziako merkaturatzaile bilakatzeko aukera, gure helburuak lortzeko baliagarria izango balitz. Aukera hori aurrerago aztertu beharko dugu, oraindik ez ditugulako betetzen merkatu arautuan operatzeko baldintzak.
Nolanahi ere, gogoan hartu, laguntza ekonomikoez gain, kontratazio-baldintzak berrikustea eta energia modu efizienteagoan erabiltzea estrategia baliagarriak direla ere fakturaren kostua eta ingurumen-inpaktua denboran zehar murrizteko.