Merkatu elektrikoko ordezkaritza-zerbitzuaren fakturak

Merkatu elektrikoko ordezkaritza-zerbitzuaren fakturak hilero igortzen dira, eta fakturazio-aldia hilabete natural batekoa da (hilaren 1etik hilaren amaierara arte).  

Bi faktura

Ordezkatutako instalazio bakoitzeko bi faktura prestatzen dira: 

  • merkatuan ordezkatutako energiari dagokion faktura bat eta
  • zerbitzuei dagokien bestefaktura bat.

Ordainsari-erregimen espezifikora (lehen berriztagarriek jasotzen zituzten primak) bildutako instalazioei hirugarren faktura bat bidaltzen zaie, ordainsari hori likidatzeko.

Alde batetik, merkatuko fakturan instalazioak hilean zehar saldutako energiarengatik kobratu behar duen zenbatekoa jasotzen da, hots, merkatu-ordainsaria. 

Bestetik, zerbitzuen fakturak hauek barne hartzen ditu: egindako kudeaketengatik ekoizleak ordaindu beharreko zenbatekoa eta kostu arautuak, hala nola sistema-operadorearen kostua, merkatu-operadorearen kostua (soilik 1 MW-tik gorako potentzia duten instalazioen kasuan) eta bonu soziala. 

Fakturak energia sarera esportatu den fakturazio-aldia amaitu ondorengo hilabetean igortzen dira. 

MLBNren aurreko zeharkako ordezkaritza egiten denean, ordainsari espezifikoaren fakturak ezin dira igorri fakturazio-aldia amaitzen denetik bi hilabete igaro arte.Izan ere, hori da Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak (MLBN) guri ordainsari hori likidatzeko hartzen duen denbora; beraz, une horretara arte ezin dugu jakinarazi. 

Hala, merkatuko ordezkaritza-fakturetan kontzeptu hauek aurkituko dituzu:

Merkatuko ordainsariaren faktura 

Ekoiztutako energia

Kontzeptu hau denboraldi batean zehar ekoiztutako energiaren ordainsariari dagokio. Une honetan, Som Energiak merkatuari indexatutako ordainsaria eskaintzen du, hau da, orduko ekoiztutako kWh bakoitza bider ordu horretan eguneko merkatuan duen prezioa. 

Desbideraketak

Sortzaileek sortutako energia hasieran programatutakoa ez bada, desbideraketak gertatzen dira. 

Sortzaileak adostutakoa baino energia gehiago edo gutxiago sortu duenez, zigor bat jartzen zaio adostutakoa "ez betetzeagatik", eta sistema-operadoreak doikuntzak egin behar ditu sartzen den energia irteten denarekin parekatzeko eta, ondorioz, sistemaren funtzionamendu egokia bermatzeko. 

Zigorra desbideratutako energiarengatik ordaintzen den kostua da.

Zorro-efektua

Zenbait instalazio ordezkatzen ditugunez eta merkatuan eskaintza bateratuak egiten ditugunez, abantaila bat dugu: instalazio batzuentzat goraka aurreikusi den energia beste instalazio batzuentzat beheraka aurreikusi denarekin konpentsatu dezakegu. Horrela, Som Energiaren desbideraketa osoa murrizten da eta instalazio bakoitzak desbideratutako energiaren ondoriozko kostua txikitzen da. Murrizketa horri zorro-efektua edo pantaila-efektua esaten zaio.

Bigarren mailako erregulazio-banda

Sistemak modu seguru eta fidagarrian funtzionatu dezan, sorkuntza eta eskaria unean-unean parekatu behar dira. Eta, hori doitzeko, zerbitzu batzuk sortu dira.

Zerbitzu horietako bat bigarren mailako erregulazio-banda da. Baldintza jakin batzuk betetzen dituzten sortzaileek parte hartu dezakete merkatu horretan. 2022ko apiriletik, zerbitzu honen kostuaren % 5 ekoizle guztien artean banatzen da. 

Orduko kostu bat da eta desbideratutako energia-kantitatearen eta bigarren mailako erregulazio-zerbitzuaren prezioaren araberakoa da.

Eskariaren erantzun aktiboko zerbitzua

Sortu daitezkeen desorekak doitzeko beste zerbitzu bat eskariaren erantzun aktiboko zerbitzua da. Izenak berak dionez, eskariak edo kontsumitzaileek emandako zerbitzu bat da baina, 2022ko azarotik, ekoizleei ere jasanarazten zaie.

Bigarren mailako erregulazio-banda bezala, orduko kostu bat da eta desbideratutako energia-kantitatearen eta eskariaren erantzun aktiboko zerbitzuaren prezioaren araberakoa da. 

Potentzia-faktorearen ondoriozko zigorra

Potentzia-faktorea instalazio batean sortzen den energia erreaktiboa adierazteko modu bat da. Instalazio batean energia erreaktiboa agertu daiteke instalazioan elementu elektromagnetikoak (adibidez, harilak edo kondentsadoreak) badaude. Energia erreaktiboa instalazio fotovoltaikoetan ere agertu daiteke, esaterako, inbertsore batek sortuta. 

Horiek horrela,413/2014 Errege Dekretuaren III. Eranskinak 0,98 induktibo eta 0,98 kapazitibo arteko nahitaezko potentzia-faktorea ezartzen du orduko. Potentzia-faktorearen mugak ez betetzearen ondoriozko zigorra 0,261 c€/kWh bider ordu horretan sortutako energia da.

Likidazioak

Urtean zehar, jasotzen ditugun orduko ekoizpen-neurketak aldizka eguneratzen dira, neurketa egiten duen langileak aurreko neurketa hobetzeko aukera baitu.

REEk instalazio bakoitzak hilero ekoizten duen energia argitaratzen du itxiera desberdinetan (hasierakoa, erdikoa, behin-behinekoa eta behin betikoa), unean-unean dauden daturik onenen arabera, energia hori likidatu ahal izateko. 

Lehen itxiera (hasierakoa edo H2), dagokion hilabetearen ondorengo hilean argitaratzen da.

Bigarren itxiera (erdikoa edo H3), dagokion hiletik 2 hilabetera argitaratzen da.

Hirugarren itxiera (behin-behinekoa edo HP), dagokion hiletik 7 hilabetera.

Eta laugarren itxiera, azkena, (behin betikoa edo HC), dagokion hiletik 11 hilabetera. 

Som Energiak energia-diferentzia ekoizleari likidatzen dio eta, horrela, REEk aitortutako energia guztia ordaintzen zaio ekoizleari.  

Likidazio horiek beste hilabete bateko fakturan sartuko dira. Adibidez, apirilean, martxoko ekoizpenari (hasierako itxiera) dagokion faktura jasoko duzu eta, aurreko urteko urtarrileko (erdiko itxiera) edo maiatzeko (behin betiko itxiera) neurketetan desadostasunak badaude, faktura horretan sartuko dira ere. 

Ordainsari espezifikoaren faktura

Kontzeptu hori MLBNk bere garaian indarreko araudira bildutako iturri berriztagarriko sorkuntza-instalazioei ordaintzen dien “prima” da. Zenbatekoa instalazioaren kodearen, instalazio-motaren (adibidez, IT-00030), instalatutako potentziaren eta ekoizpenaren araberakoa da. Kontzeptu honetan, merkatu-ordezkaria neutroa da: MLBNren eskutik kobratzen duena zuzenean ekoizleari jasanarazten dio.  

Ordainsari espezifikoa bi kontzeptu arautuk osatzen dute. Kontzeptuak merkatuko prezioen arabera eguneratzen dira, instalazioari arrazoizko errentagarritasuna bermatzeko helburuz.

  • Inbertsioaren ordainsaria (RI): instalazioaren potentziarekiko (kW) proportzionala den zenbatekoa.
  • Operazioaren ordainsaria (RI): instalazioak ekoiztutako energiarekiko (kW) proportzionala den zenbatekoa. 

Honako bi kontzeptu hauek zuzenean eragiten diote ordainsari espezifikoari:

  • Estaldura-koefizientea: sarreren eta sistemako kostuen arteko behin-behineko desoreken ondorioz sortzen den ehunekoa. Ehunekoa hiletik hilera aldatzen da. Desoreka horren ondorioz, 15 likidazio edo gehiago agertu daitezke, jaso beharreko ordainsari espezifikoaren zenbatekoaren % 100era iritsi arte.
  • Funtzionamendu-ordu baliokideak: instalazioek funtzionamendu-ordu kopuru minimo bat bete behar dute ordainsari espezifikoa jasotzeko eta ehuneko jakin batera (instalazio-motaren arabera) iritsi behar dute, hiruhileko bakoitzean, ordainsari espezifiko osoa jasotzeko. Ez badira iristen, ehuneko bat jasoko dezakete, baldin eta gutxieneko ordu-kopurua betetzen badute. Ordu baliokideak kalkulatzeko, ekoiztutako energia instalazioaren potentzia nominalaz zatitzen da. 

Halere, kontuan hartu behar dugu, 413/2014 Errege Dekretuaren 21.2. artikuluaren arabera, gutxienez, ondoz ondoko sei orduz merkatuan zero euroko prezioa edo prezio negatiboa izan duten orduetan zehar sortutako energia ez da kontuan hartuko ordu baliokideak kalkulatzeko.

MLBNk denboraldi bakoitzeko ordainsari espezifikoari buruzko informazioa, gutxi gorabehera, bi hilabete geroago argitaratzen du.

Zerbitzuen faktura

Ordezkaritza-zerbitzuaren kostua 

Energia merkaturatzean, gastuak ordaintzeko eta Kooperatibaren jarduerari jarraipena emateko marjina bat ezartzen dugu. Era berean, ordezkaritzan, marjina bat ezartzen dugu (eurotan) merkatuan ordezkatutako (saldutako) MWh bakoitzeko. Beraz, ordezkaritza-zerbitzuaren kostua ekoizpenaren mende dagoen marjina da. 

Sistema-operadorearen kostua

Red Eléctrica de España-k (REE), sistema-operadore gisa, merkatuko eragileen bitartez, zenbateko bat (eurotan) fakturatzen die ekoizle guztiei sortzea aurreikusten den MWh bakoitzeko. 

Kostu hori zerbitzuen fakturan jasotzen da. Kostua MLBNk erregulatzen eta urtero eguneratzen du. 

Merkatu-operadorearen kostua

1 MW-tik gorako potentzia duten instalazioetako ekoizleek merkatu-operadoreari hileko zenbateko finko bat ordaindu behar diote potentzia erabilgarriaren truke. 

Kostu hori ordezkari gisa kobratzen digute eta guk dagokien instalazioen zerbitzuen fakturan jasotzen dugu. 

Zenbatekoa Gobernuak ezartzen du eta urtero kalkulatzen da. 

Bonu soziala

Bonu soziala Gobernuak sortutako laguntza bat da, eta deskontu bat dakar elektrizitate-fakturan. 2022ko apiriletik, energia-ekoizleek, bonu soziala finantzatzeko, ekoizten duten energia-bolumenaren araberako zenbateko bat ordaindu behar dute. 

Zenbatekoa Gobernuak ezartzen du eta urtero kalkulatzen da. 

Honek erantzun al dizu zure galdera? Eskerrik asko iritziagatik Arazo bat izan da zure iritzia bidaltzean. Saiatu berriro geroago.