Tarifa indexatuak
[També en: català] | [También en: castellano] | [Tamén en galego] |
Artikulu honetan gai hauek jorratuko ditugu:
- Zer da tarifa indexatua?
- Tarifa indexatuaren ezaugarriak
- Nola kalkulatzen da ordaindu beharreko zenbatekoa?
- Nola kalkulatzen da orduko prezioa? Formula indexatua
- Tarifa indexatuak Som Energian
- Nola fakturatzen dugu tarifa indexatua praktikan?
Zer da tarifa indexatua?
Oro har, elektrizitatearen tarifa indexatuak energia merkatuko prezioan eskaintzen du, eta merkaturatzaileari marjina bat uzten dio.
Ordutegiaren arabera aurrez adostutako prezio bat duen tarifa finkoan ez bezala, tarifa indexatuan, energiaren prezioa orduero aldatzen da, energiak elektrizitatearen handizkako merkatuan duen eskuratze-kostuaren arabera. Hortaz, elektrizitateak 24 prezio ditu egunean zehar, eta prezioak egun batetik bestera aldatzen dira.
Espainian, tarifa indexatuetan argiaren prezioa kalkulatzeko erreferentzia-merkatua eguneko merkatua da. Merkatu hori merkatu-operadore izendatuak,OMIE enpresa pribatu-arautuak, kudeatzen du; Balearretan eta Kanarietan izan ezik, non prezioak Red Eléctrica de España (REE) erakundeak ezartzen baititu.
Goiko estekan datozen egunetako 24 orduetako bakoitzean aplikatuko den handizkako energiaren prezioa ikusi ahalko duzu. Balioak eguerdiko 12:00ak eta 13:00ak bitartean eguneratzen dira.
Eguneko merkatuaren datuetatik abiatuta, Som Energiak prezioen joera orduz ordu iragartzen duen orri bat jartzen du tarifa indexatua duten lagun eta erakundeen eskura. Prezioen joera zergarik gabe adierazten da, baina, orrian bertan irakur daitekeen moduan, behean azaltzen dugun formularen osagai gehienak barne hartzen ditu.
Ikusgai dagoen grafikoa baliagarria da, jakinarazten baitu zein ordutan eskura dezakegun energia merkeena.
Tarifa indexatuaren ezaugarriak
Goiko puntuan azaldutakoaren arabera, tarifa indexatu bat baduzu, ezin duzu modu fidagarrian aurreikusi fakturaren azken kostu. Eta, ondorioz, kostua ezezagunagoa izango da tarifa finko batekin (Som Energiaren kasuan, ordutegi-tarteen tarifekin) baino.
Baina tarifa indexatuek aurrezteko aukera gehiago eskaintzen dizkizute zure elektrizitate-erabilera malgua bada, hau da, elektrizitatea ordu merkeenetan erabiltzera moldatu bazaitezke.
Prezioak egunetik egunera ere aldatzen dira; beraz, interesgarria da, orduei erreparatzeaz gain, egunei ere erreparatzea, oro har merkeagoa edo garestiagoa den ikusteko, eta oro har energia merkeagoa den egunetan nagusiki kontsumitzen saiatzea.
Ordutegi-tarteen tarifetan, energia murrizteko aukerak, kontratatutako potentziak optimizatzeko moduak eta autokontsumoa aztertu ondoren, aurrezteko aukera bakarra energia-erabilerak tarte (P1, P2, P3…) batetik bestera aldatzea da, kontratatuta duzun tarifaren arabera.
Bestetik, tarifa indexatuek merkatuaren bariazioak (bai goranzkoak bai beheranzkoak) berehala jasotzen dituzte. Hau da, energiaren prezioak gora egiten badu, tarifa indexatuaren prezioa ere igoko da; eta energiaren prezioak behera egiten badu, gauza bera.
Tarifa finkoan, berriz, prezio-aldaketak tarifa aldatzen denean bakarrik islatzen dira. Som Energian tarifak sei hilean behin aldatu daitezke baina, batzuetan, bi edo hiru aldaketa egin dira urte-erdian. Tarifak eguneratzerakoan, 30 egun lehenago jakinarazten dugu.
Esteka honetan sistema elektrikoaren funtzionamenduaren eta Som Energiaren rolaren gaineko informazio gehiago aurkituko duzu.
Nola kalkulatzen da ordaindu beharreko zenbatekoa?
Erabilitako energiarengatik ordaindu beharreko zenbatekoa kalkulatzeko ordu bakoitzean erabilitako energia ordu horri dagokion orduko prezioaz biderkatu behar da.
Ordu bakoitzean erabilitako energia kontagailuarekin edo neurketa-ekipoarekin neurtzen da. Enpresa banatzaileak merkaturatzaileari ordutegiaren arabera kontsumoa erregistratzen duen fitxategi bat helaraziko dio: kontsumoaren ordutegi-kurbak (CCH).
Orduko prezioa kalkulatzeko formula indexatua erabiltzen da, non merkatuaren aldagaiak eta energia eskuratzearen ondoriozko gainerako kostuak sartzen baitira. Hau da, orduko prezioak handizkako merkatuak ezartzen duen prezioa eta energia erostearen ondoriozko gainerako kostuak barne hartzen ditu.
Hala, 31 eguneko hileko faktura batean, energiaren kostua kalkulatzeko orduero erabilitako energia fakturatutako denboraldiko 744 orduetako bakoitzeko orduko prezioaz biderkatzen da (31 egun x 24 ordu eguneko = 744 ordu hileko).
Energiaren kostuari fakturako gainerako ohiko kostuak gehitu behar zaizkio: potentzia, potentzia-gehiegikeriak eta energia erreaktiboa (hala badagokio), bonu soziala, elektrizitatearen gaineko zerga, kontagailuaren alokairua, BEZa, eta abar.
Nola kalkulatzen da orduko prezioa? Formula indexatua
Fakturan agertzen den energiaren orduko azken prezioa kalkulatzeko merkaturatzaile gisa energia eskuratzeagatik ordaintzen ditugun kostu guztiak barne hartzen dituen formula bat aplikatzen dugu. Formulak merkaturatutako elektrizitatearen kostaprezioa kalkulatzen du, eta horri merkaturatze-jardueraren berezko gainerako gastuak ordaintzeko erabiltzen dugun komertzializazio-tarte bat gehitzen diogu.
Tarifa indexatua eskaintzen duen konpainia merkaturatzaile bakoitzak bere formula propioa aplikatzen du, baina formula guztiak antzekoak dira: energiaren azken prezioa osatzen duten elementuak barne hartzen dituzte.
Halaber, tarifa indexatua duten hainbat eskaintza konparatzean, ez da nahikoa komertzializazio-tarteari begiratzea, formula nola konfiguratzen den aztertu behar da ere, baliokideak direla egiaztatzeko.
Som Energiak erabiltzen duen formulak kostu horiek zuzenean islatzen ditu azken prezioan. Hauxe da:
PH = 1,015 * [(PHM + Pc + Sc + Dsv + GdO + POsOm) (1 + Perd) + FE + F] + PTD + CA
Non:
- PH = energiaren orduko prezioa.
- PHM = eguneko merkatuaren orduko prezioa. Penintsulako kontratuetan OMIE prezioa da, uharteetako kontratuetan, berriz, Balearretako eta Kanarietako sistemei dagokien eskariaren orduko prezioa da.
- Pc = kapazitategatiko ordainketak.
- Sc = sarea kudeatzeak sortutako gainkostuak.
- Dsv = desbideraketak.
- GdO = jatorri %100 berriztagarriaren berme-ziurtagiriak.
- POsOm = sistemako operadorearen eta merkatuko operadorearen kostua.
- Perd = sistemaren galera arautuak sorkuntza-puntutik kontsumo-puntura.
- FE = Energia Efizientzia Fondorako ekarpena.
- F = Kooperatibarentzako tartea (Kooperatibaren bideragarritasuna bermatzeko marjina).
- PTD = garraio- eta banaketa-bidesarien kostu arautua.
- CA = sistema elektrikoko karguen kostu arautua.
Aldagai gehien-gehienak publikoak dira eta dagokien erakundearen webgunean kontsulta daitezke. Deskarga dezakezun dokumentu honetan, zehatz-mehatz azaltzen ditugu formula indexatuko aldagai guztiak.
Desbideraketa (Dsv) programatutako energiaren eta azkenean erabilitako energiaren arteko zigorraren kostua da. Kostuaren zati bat Red Eléctricak argitaratzen du, eta Kooperatibaren faktore propio bat aplikatzen zaio —goian estekatutako dokumentuan azaltzen den bezala—.
Jatorri % 100 berriztagarriaren berme-ziurtagiriak (GdO) ziurtagiri horiek eskuratzeko kostua dira. Bai bermeak bai desbideraketak kostu aldakorrak dira; hiru hilero eguneratzen ditugu, webguneko prezioen atalean ikus daitekeen moduan.
Kooperatibarentzako tartea (F) Som Energiak ezartzen du eta Kooperatibaren bideragarritasuna bermatzeko marjina barne hartzen du. Balio hori eguneratzen dugunean, tarifa indexatua duten kontratu guztiei hogeita hamar (30) egun lehenago jakinarazten diegu. Halaber, Kooperatibarentzako tartea webguneko prezioen atalean argitaratuta dago.
Tarifa indexatuak Som Energian
Kooperatibak tarifa indexatua mota guztietako hornidura-puntuei eskaintzen die.
Laguntza Gunean Kooperatibak eskaintzen dituen tarifen laburpen xehatu bat aurkituko duzu. Tarifak webguneko prezioen atalean ere daude ikusgai.
Nola fakturatzen dugu tarifa indexatua praktikan?
Som Energiak, tarifa indexatua fakturatzeko, fakturatzeko unean eskuragarri dauden datu onenak erabiltzen ditu.
Alde batetik, kontsumoaren ordutegi-kurbak behar ditugu. Baina, gerta liteke hainbat kontraturen datuak eskuragarri ez izatea edo datu osatugabeak izatea. Halakoetan, banatzaileek “koefiziente perfilatuen arabera kalkulatutako datuak” helarazten dizkigute. Horrek esan nahi du fakturatuko den kontsumoa [1], tarifa-aldi bakoitzaren hasiera eta amaierako irakurketak oinarri hartuta kalkulatuta, orduen arabera banatzen dela sistema-operadoreak (REE) tarifa bakoitzaren erabiltzaile-motarentzat kalkulatu duen proportzioan.
Praktikan, eta soilik goian azaldutako kasuetan, horrek esan nahi du ez dugula benetan fakturatzen orduko erabilitako energia, kasu-motaren araberako banaketari dagokion energia baizik.
Bestetik, gainerako kostu aldakorrak ere ezagutu behar ditugu. Erakunde bakoitzak bere datuak argitaratzen ditu eta, batzuetan, beranduago eguneratzen dituzte. Hortaz, fakturatzeko unean eskuragarri dauden datu onenak erabiltzen ditugu.
[1] Autokontsumo-kontratuetan, baliteke irakurketak eta kontsumoa bat ez etortzea ordutegi-balantzearen aplikazioaren ondorioz.