2.0TD tarifa indexatua
[També en: català] | [También en: castellano] | [Tamén en galego] |
ADI!
Espainiako Gobernuak elektrizitate-fakturaren BEZa % 21etik % 5era jaisteko erabakia hartu du. Neurria 2023ko abenduak 31era arte egongo da indarrean, gehienez, 10 kW-ko potentzia duten kontratuentzat eta aplikatu egingo da baldin eta merkatuko energiaren prezioa nabarmen jaisten ez bada. Merkatuko energia-prezioak nabarmen jaisten badira, ez da aplikatuko. Neurriaren xehetasunak albiste honetan aurkituko dituzue.
Ordutegi-tarteen 2.0TD tarifa eta 2.0TD tarifa indexatua, 15 kW-rainoko potentzia kontratatuta duten behe-tentsioko kontratu guztientzako tarifak dira. Multzo horretan sartzen dira etxeko hornidura-puntu gehienak, enpresa txikiak, bulegoak, eta beste.
Kasu hauetarako bi tarifa daude eskuragarri eskualde bakoitzean (penintsula, Balearrak eta Kanariak):
- Ordutegi-tarteen 2.0TD tarifa
- 2.0TD tarifa indexatua
Artikulu honetan 2.0TD tarifa indexatuaren ezaugarriak azaltzen ditugu.Ordutegi-tarteen 2.0TD tarifaren ezaugarriak beste artikulu honetan azaltzen ditugu eta bi tarifen konparaketa bat egin dugu ere.
Tarifa indexatua
2.0TD tarifa indexatuan, pertsona eta enpresa kontsumitzaileei energiak eguneko handizkako merkatuan duen kostua zuzenean aplikatzen zaie. Hortaz, prezio-bariazioak gertatu eta berehala egozten zaizkie erabiltzaileei. Handizkako merkatuan energiaren prezioa jaisten denean, tarifako prezioak ere jaisten dira, eta handizkako merkatuan energiaren prezioa igotzen denean, tarifako prezioak ere igotzen dira.
Honako gai hauek jorratuko ditugu:
- Prezioaren osaera
- Energiak prezio desberdina du orduero
- Prezio desberdineko bi potentzia-tarte
- 2.0TD tarifa indexatuarekin aurrezteko aholkuak
- Tarifa honek iraupen-konpromisoa du?
- Zenbat kostatuko den kalkulatu dezaket?
- Autoprodukzio-soberakinen konpentsazio-prezioa
- Nola aldatu 2.0TD tarifa indexatura
- 2.0TD tarifa indexatuaren faktura
- 2.0TD tarifa indexatua eta autoprodukzioa bateragarriak dira?
- Nola aprobetxatu autoprodukzioa tarifa indexatuarekin?
- Tarifa indexatua eta Generation kWh bateragarriak dira?
- Zeintzuk izango dira erreferentziako ordutegiak tarifa indexatu bat eta Generation kWh ditugunean?
Prezioaren osaera
Tarifa indexatuan eta ordutegi-tarteen tarifan energiaren prezioak kontzeptu berberak barne hartzen ditu:
- Energiaren kostua.
- Araudiak xedatzen dituen karguak eta bidesariak.
- Energia kontsumitu ahal izateko ordaindu beharreko beste kontzeptu batzuk.
- Energiaren jatorria % 100 berriztagarria dela bermatzen duten ziurtagiriak eskuratzeko kostua.
- Desbideraketen kostua.
- Kooperatibarentzako marjina. Ez da mozkin ekonomikoa lortzeko marjina bat, baizik eta gure jarduera egiteko (langileen soldatak, bulegoen alokairua, materialak eta beste ordaintzea) behar dugun marjina.
Nola ezartzen ditugu prezioak Som Energian? artikuluan horri buruzko informazio xehatua aurkituko duzu.
Energiaren prezioaz gain, potentziaren prezioa dago. Potentziaren prezioa berbera da tarifa indexatuan eta ordutegi-tarteen tarifan. Horrez gain, bi tarifek beste kontzeptu komun batzuk dituzte:
- Kontagailuaren alokairua.
- Bonu soziala.
- Zergak (BEZa, IGIC eta elektrizitatearen gaineko zerga).
- Beste kontzeptu batzuk agertu daitezke: sarbide-, luzapen- edo lotura-eskubideak, eta Kooperatibarentzako borondatezko dohaina.
Informazio gehiago aurkituko duzu artikulu honetan: 2.0TD tarifa indexatuaren faktura.
Energiak prezio desberdina du orduero
Tarifa honen beste bereizgarrietako bat da prezio desberdina duela orduero, eta prezioak egunero aldatzen direla. Eguneko merkatuko prezioa aplikatzen denez, prezioak ezin dira aurrez ezagutu. Egun bat lehenago gauza bakarra jakin daiteke: prezioak altuak edo baxuak izango diren, eta zeintzuk izango diren eguneko ordu garestienak eta merkeenak.
Energiaren orduko prezioa kalkulatzeko formulabat erabiltzen da, non energiak ordu horretan duen kostua eta energia eskuratzearen ondoriozko gainerako kostuak sartzen baitira. Hau da, orduko prezioak handizkako merkatuak ezartzen duen prezioa eta energia erostearen ondoriozko gainerako kostuak barne hartzen ditu. Formula Laguntza Guneko beste artikulu honetan ikusi dezakezu.
Prezio desberdineko bi potentzia-tarte
Tarifa honek 2 potentzia-tarte ditu ere, hau da, bi potentzia desberdin kontrata daitezke tartearen arabera:
- Puntako unea: 8:00etatik 24:00etara (lanegunetan).
- Sakonunea: 00:00etatik 8:00etara, eta asteburuetako eta Estatuko jaiegunetako ordu guztiak.
Laguntza Guneko beste artikulu honetan azaltzen dugu nola fakturatzen den potentzia-terminoa.
2.0TD tarifa indexatuarekin aurrezteko aholkuak
Energia erabiltzen den orduen arabera, faktura aldatuko da. Hala, baliagarria izan daiteke hurrengo eguneko ordu merkeenak eta garestienak zeintzuk izango diren kontsultatzea eta erabilera ordutegi eta egun ekonomikoenetara egokitzea. Merkatu elektrikoko operadoreak, OMIEk, bere webgunean jakinarazten du zein izango den hurrengo eguneko energiaren prezioa handizkako merkatuan.
Prezioak egunetik egunera ere aldatzen dira; beraz, interesgarria da, orduei erreparatzeaz gain, egunei ere erreparatzea, oro har merkeagoa edo garestiagoa den ikusteko, eta oro har energia merkeagoa den egunetan nagusiki kontsumitzen saiatzea.
Hala ere, kontuan hartu beharra dago energia erabiltzeko orduak aldatzeak aurrezteko marjina txikia ematen duela. Zenbait elementuk (adibidez, hozkailuak) energia dezente kontsumitzen dute eta, esan gabe doa, ezin da haien erabilera egokitu.
Fakturak igo eta jaitsi egingo dira energiak eguneko merkatuan duen prezioaren bariazioaren arabera.
Tarifa honek iraupen-konpromisoa du?
Tarifa honek ez du iraupen-konpromisorik. Noizbait tarifa aldatu nahi baduzu, ordutegi-tarteen 2.0TD tarifa, baldin eta eskuragarri badago, kontratatu ahalko duzu, eta zigorrik jaso gabe merkaturatzailez aldatzeko aukera duzu.
Ordutegi-tarteen 2.0TD tarifarekin energiaren erosketa dezente lehenago adosten dugunez, lagun askok energia aldi berean eskatuko balute, ez genuke izango behar adina energia adostuta, eta energia gehiago erosi beharko bagenu ezarritako prezioek ez lukete energiaren kostu osoa ordainduko. Horregatik esaten dugu ordutegi-tarteen 2.0TD tarifa kontratatu ahalko duzula, baldin eta eskuragarri badago.
Kalkulatu dezaket zenbat kostatuko den?
Tarifa hau, neurri handi batean, energiak handizkako eguneko merkatuan duen prezioaren (aurreko egunean jakinarazten dena) mende eta energia erabiltzen den orduen mende dagoenez, ezin da modu fidagarrian kalkulatu kontratu bakoitzarentzat izango duen kostua. Ez du zentzurik tarifa hau egungo ordutegi-tarteen tarifekin konparatzeak. Konparazioek bakarrik balio dute jakiteko faktura merkeagoa edo garestiagoa izango zatekeen, baina emaitzak ezin zaizkio etorkizunari aplikatu.
Autoprodukzio-soberakinen konpentsazio-prezioa
Konpentsazio sinplifikatua aktibatuta duten kontratuetan, autoprodukzio-soberakinen konpentsazioaren balio ezartzeko, orain arteko irizpide berbera aplikatzen jarraitzen dugu: energia Kooperatibak energia handizkako merkatuan erosten duen prezio berean konpentsatzen da. Horrek, 2.0TD tarifa indexatuari aplikatuta, esan nahi du ordu zehatz batean sortutako soberakinak energiak handizkako merkatuan ordu horretan duen prezioan konpentsatuko direla.
Baina energiaren konpentsazio-prezioa eta salmenta-prezioa desberdinak dira, azaldu dugun bezala, energiaren salmenta-prezioak soberakinen konpentsazioan aplikatzen ez diren beste kontzeptu batzuk (bidesariak, karguak, sistemako gainkostuak eta abar) barne hartzen dituelako. Xehetasun gehiago aurkituko dituzu beste artikulu honetan.
Nola aldatu 2.0TD tarifa indexatura
2.0TD tarifa indexatura aldatu nahi baduzu, sartu Bulego Birtualean. Bulego Birtualaren barruan, jo “Kontratuak” atalera eta, gero, egin klik “Aldatu tarifa” aukeran. Ondoren, bete aurkitzen dituzun jarraibideak. Zalantzarik baduzu, beste artikulu honetan azaltzen dugu nola eskatu behar den aldaketa.
2.0TD tarifa indexatuaren faktura
2.0TD tarifa indexatuaren fakturari buruzko informazio gehiago aurkituko duzu Laguntza Gunean.
2.0TD tarifa indexatua eta autoprodukzioa bateragarriak dira?
Bai, bateragarriak dira. Autoprodukzioa (banakakoa edo kolektiboa) baduzu ere, 2.0TD tarifa indexatua aukeratu dezakezu. Baina, kontuan hartu behar dituzu alderdi hauek:
- Zure instalazioa egiten duzun kontsumorako zertxobait gaindimentsionatuta badago eta soberakin asko baduzu, ziur aski ez zaizu komeniko tarifa indexatua aukeratzea. Izan ere, soberakinak ordu bakoitzeko konpentsazio-prezioan konpentsatzen dizkizugu eta, ordu eguzkitsuenetan, eguneko handizkako merkatua eskuarki merkeagoa da; beraz, konpentsazio-prezioa ere merkeagoa izango da. Bestetik, ezingo dituzu aprobetxatu tarifa indexatuaren ordu merkeenak, ordu horietan sortzen ari zaren energia erabiliko baituzu.
- Soberakin asko ez baduzu, gerta liteke 2.0TD tarifa indexatuarekin ordutegi-tarteen 2.0TD tarifarekin baino gutxiago ordaintzea, edo alderantziz. Merkatuaren fluktuazioaren mende egongo da hori.
Nola aprobetxatu autoprodukzioa tarifa indexatuarekin?
Autoprodukzioa eta 2.0TD tarifa indexatua badituzu, energia noiz erabiliko duzun programatzean, lehenik, zure instalazioak zenbat ekoizten duen aztertu beharko duzu. Plaka fotovoltaikoak badituzu, hobe da energia eguzki-orduetan kontsumitzea, horrela, sortzen ari zaren eta zuretzat kosturik ez duen energia aprobetxatuko duzulako. Eguzkirik ez dagoenean, berriz, kontuan hartu dezakezu zeintzuk diren tarifa indexatuaren ordu merkeenak eta garestienak.
Tarifa indexatua eta Generation kWh bateragarriak dira?
Generation kWh proiektuan parte hartu eta tarifa indexatu bat izan dezakezu. Hala bada, beste edozein tarifak bezala funtzionatuko du: lehenik, energia GkWh prezioan fakturatuko zaizu (dituzun akzio energetikoen eta instalazioen ekoizpenaren arabera dagokizun energia). Eta, gero, gainerako energia tarifa indexatuaren prezioan fakturatuko zaizu.
Zeintzuk izango dira erreferentziako ordutegiak tarifa indexatu bat eta Generation kWh ditugunean?
Eskuarki kontsumitzen duzun energia guztia Generation kWh energia bada (hau da, Generation kWh prezioan ordaintzen baduzu), komeni zaizu GkWh prezioari erreparatzea. GkWh prezioa hiru ordutegi-tartetan banatzen da: puntakoa, arrunta eta sakonunekoa.
Aldiz, faktura osoa ez badagokio Generation kWh energiari, baliagarriena izango da energiaren erabilera tarifa indexatuko prezioaren ordutegiei erreparatuz egokitzea.
Ez da erraza jakitea zein den soluziorik onena, Generation kWh proiektuko instalazioen ekoizpena eta tarifa indexatuaren prezioak ezin ditugulako aurrez ezagutu. Zoritxarrez, ezin da are gehiago optimizatu.