Tarifa indexatuak

[També en: català] [También en: castellano] [Tamén en galego]

Artikulu honetan gai hauek jorratuko ditugu:

Zer da tarifa indexatua?

Oro har, elektrizitatearen tarifa indexatuak energia merkatuko prezioan eskaintzen du, eta merkaturatzaileari marjina bat uzten dio.

Ordutegiaren arabera aurrez adostutako prezio bat duen tarifa finkoan ez bezala, tarifa indexatuan, energiaren prezioa orduero aldatzen da, energiak elektrizitatearen handizkako merkatuan duen eskuratze-kostuaren arabera. Hortaz, elektrizitateak 24 prezio ditu egunean zehar, eta prezioak egun batetik bestera aldatzen dira.

Espainian, tarifa indexatuetan argiaren prezioa kalkulatzeko erreferentzia-merkatua eguneko merkatua da. Merkatu hori merkatu-operadore izendatuak,OMIE enpresa pribatu-arautuak, kudeatzen du; Balearretan eta Kanarietan izan ezik, non prezioak Red Eléctrica de España (REE) erakundeak ezartzen baititu.

Goiko estekan datozen egunetako 24 orduetako bakoitzean aplikatuko den handizkako energiaren prezioa ikusi ahalko duzu. Balioak eguerdiko 12:00ak eta 13:00ak bitartean eguneratzen dira.

Tarifa indexatuaren ezaugarriak

Goiko puntuan azaldutakoaren arabera, tarifa indexatu bat baduzu, ezin duzu modu fidagarrian aurreikusi fakturaren azken kostu. Eta, ondorioz, kostua ezezagunagoa izango da tarifa finko batekin (Som Energiaren kasuan, ordutegi-tarteen tarifekin) baino.

Baina tarifa indexatuek aurrezteko aukera gehiago eskaintzen dizkizute zure elektrizitate-erabilera malgua bada, hau da, elektrizitatea ordu merkeenetan erabiltzera moldatu bazaitezke.

Prezioak egunetik egunera ere aldatzen dira; beraz, interesgarria da, orduei erreparatzeaz gain, egunei ere erreparatzea, oro har merkeagoa edo garestiagoa den ikusteko, eta oro har energia merkeagoa den egunetan nagusiki kontsumitzen saiatzea.

Ordutegi-tarteen tarifetan, energia murrizteko aukerak, kontratatutako potentziak optimizatzeko moduak eta autokontsumoa aztertu ondoren, aurrezteko aukera bakarra energia-erabilerak tarte (P1, P2, P3…) batetik bestera aldatzea da, kontratatuta duzun tarifaren arabera.

Bestetik, tarifa indexatuek merkatuaren bariazioak (bai goranzkoak bai beheranzkoak) berehala jasotzen dituzte. Hau da, energiaren prezioak gora egiten badu, tarifa indexatuaren prezioa ere igoko da; eta energiaren prezioak behera egiten badu, gauza bera.

Tarifa finkoan, berriz, prezio-aldaketak tarifa aldatzen denean bakarrik islatzen dira. Som Energian tarifak sei hilean behin aldatu daitezke baina, batzuetan, bi edo hiru aldaketa egin dira urte-erdian. Tarifak eguneratzerakoan, 30 egun lehenago jakinarazten dugu.

Esteka honetan sistema elektrikoaren funtzionamenduaren eta Som Energiaren rolaren gaineko informazio gehiago aurkituko duzu.

Nola kalkulatzen da ordaindu beharreko zenbatekoa?

Erabilitako energiarengatik ordaindu beharreko zenbatekoa kalkulatzeko ordu bakoitzean erabilitako energia ordu horri dagokion orduko prezioaz biderkatu behar da.

Ordu bakoitzean erabilitako energia kontagailuarekin edo neurketa-ekipoarekin neurtzen da. Enpresa banatzaileak merkaturatzaileari ordutegiaren arabera kontsumoa erregistratzen duen fitxategi bat helaraziko dio: kontsumoaren ordutegi-kurbak (CCH).

Orduko prezioa kalkulatzeko formula indexatua erabiltzen da, non merkatuaren aldagaiak eta energia eskuratzearen ondoriozko gainerako kostuak sartzen baitira. Hau da, orduko prezioak handizkako merkatuak ezartzen duen prezioa eta energia erostearen ondoriozko gainerako kostuak barne hartzen ditu.

Hala, 31 eguneko hileko faktura batean, energiaren kostua kalkulatzeko orduero erabilitako energia fakturatutako denboraldiko 744 orduetako bakoitzeko orduko prezioaz biderkatzen da (31 egun x 24 ordu eguneko = 744 ordu hileko).

Energiaren kostuari fakturako gainerako ohiko kostuak gehitu behar zaizkio: potentzia, potentzia-gehiegikeriak eta energia erreaktiboa (hala badagokio), bonu soziala, elektrizitatearen gaineko zerga, kontagailuaren alokairua, BEZa, eta abar.

Nola kalkulatzen da orduko prezioa? Formula indexatua

Fakturan agertzen den energiaren orduko azken prezioa kalkulatzeko merkaturatzaile gisa energia eskuratzeagatik ordaintzen ditugun kostu guztiak barne hartzen dituen formula bat aplikatzen dugu. Formulak merkaturatutako elektrizitatearen kostaprezioa kalkulatzen du, eta horri merkaturatze-jardueraren berezko gainerako gastuak ordaintzeko erabiltzen dugun komertzializazio-tarte bat gehitzen diogu.

Tarifa indexatua eskaintzen duen konpainia merkaturatzaile bakoitzak bere formula propioa aplikatzen du, baina formula guztiak antzekoak dira: energiaren azken prezioa osatzen duten elementuak barne hartzen dituzte.

Halaber, tarifa indexatua duten hainbat eskaintza konparatzean, ez da nahikoa komertzializazio-tarteari begiratzea, formula nola konfiguratzen den aztertu behar da ere, baliokideak direla egiaztatzeko.

Som Energiak erabiltzen duen formulak kostu horiek zuzenean islatzen ditu azken prezioan. Hauxe da:

PH = 1,015 * [(PHM + PHMA + Pc + Sc + I + POsOm) (1 + Perd) + FE + K] + PTD + CA

Non: 

  • PH = energiaren orduko prezioa. 
  • PHM = eguneko merkatuaren orduko prezioa. Penintsulako kontratuetan OMIE prezioa da, uharteetako kontratuetan, berriz, Balearretako eta Kanarietako sistemei dagokien eskariaren orduko prezioa da.
  • PHMA = elektrizitatea gasa erabilita ekoizteko kostuetara doitzeko mekanismoaren orduko prezioa. Kontzeptu honek ez du balio Balearretako eta Kanarietako sistemetarako.
  • Pc = kapazitategatiko ordainketak.
  • Sc = sarea kudeatzeak sortutako gainkostuak.
  • I = etengarritasun-zerbitzuaren kostua.
  • POsOm = sistemako operadorearen eta merkatuko operadorearen kostua.
  • Perd = sistemaren galera arautuak sorkuntza-puntutik kontsumo-puntura.
  • FE = Energia Efizientzia Fondorako ekarpena. 
  • F = Kooperatibarentzako tartea: Kooperatibaren bideragarritasuna bermatzeko marjina gehi energiaren jatorria % 100 berriztagarria dela bermatzen duten ziurtagirien kostua, gehi desbideraketen kostuak.
  • PTD = garraio- eta distribuzio-bidesariak. 
  • CA = sistemaren karguak.

Aldagai guztiak publikoak dira eta erakunde eskudunaren webgunean kontsulta daitezke. Deskargatu dezakezun dokumentu honetan xehetasun handiagoz azaltzen ditugu formula indexatuaren aldagai guztiak.

Som Energiaren mende dagoen aldagai bakarra merkaturatutako energia kWh bakoitzeko Kooperatibarentzako tartea (F) da, zeinak Kooperatibaren bideragarritasuna bermatzeko marjina, energiaren jatorria % 100 berriztagarria dela bermatzen duten ziurtagirien kostua eta desbideraketen kostua barne hartzen baititu.

Tarifa indexatuak Som Energian

Orain arte, Kooperatibak tarifa indexatua energia-bolumen handia erabiltzen duten erakunde eta enpresei bakarrik eskaini die, baina hemendik aurrera tarifa indexatua era guztietako hornidura-puntuei eskainiko die.

Laguntza Gunean Kooperatibak eskaintzen dituen tarifen laburpen xehatu bat aurkituko duzu. Tarifak webguneko prezioen atalean ere daude ikusgai.

Honek erantzun al dizu zure galdera? Eskerrik asko iritziagatik Arazo bat izan da zure iritzia bidaltzean. Saiatu berriro geroago.

Ez al duzu bilatzen ari zarena aurkitzen? Harremanetan jarri Harremanetan jarri