Energia-erabileraren ordutegi-kurbak
[També en: català] | [También en: castellano] | [Tamén en galego] |
Energia-erabileraren ordutegi-kurbak edo, eskuarki, energia-kontsumoaren ordutegi-kurbak (CCH gaztelaniaz) fitxategi informatikoak dira, eta hornidura-puntu baten aldi jakin bateko energia-erabileraren datuak barne hartzen dituzte.
Kurba horiek baliagarriak izan daitezke, daukazun tarifaren arabera, energia noiz eta zein alditan erabiltzen duzun jakiteko. Azterketa horrek dirua eta energia aurrezteko neurriak hartzen, hala nola energia merkeen den uneetan erabiltzea, eta zure instalazioak izan ditzakeen anomaliak antzematen lagunduko dizu.
Energia-kontsumoaren ordutegi-kurbak baliagarriak izan daitezke ere autoprodukzio-sistema bat ezartzea komeni zaizun aztertzeko, autoprodukzio zuzenaren ehunekoa, soberakinak eta ondoriozko aurrezkia kalkulatzeko, eta abar.
Halere, nahiz eta energia-erabileraren eta kontratatutako potentziaren arteko lotura oso estua izan, energia-erabileraren ordutegi-kurbak ez dira erabakigarriak kontratatutako potentzia definitzeko. Zalantzak badituzu, kontsultatu honako artikulu hau: Nola jakin dezaket zein potentzia behar dudan?
Zure kontratuei dagozkien energia-erabileraren ordutegi-kurbak Bulego Birtualeko Infoenergia atalean ikus eta deskarga ditzakezu.
Kontratu bat baino gehiago baduzu, lehenik, hautatu kontsultatu nahi duzun kontratua.
Atal honetan, epe ezberdinetako ordutegi-kurbak kontsultatu ahalko dituzu: eguneko, asteko, hileko edo urteko energia-erabilera. Era berean, kontsultatzen ari zaren epeko datuak CSV formatuko fitxategi batean deskargatu ahalko dituzu.
Irudian ikus dezakezun bezala, deskargatzen den fitxategiak 5 eremu ditu: CUPS kodea, data, ordua, kontsumoa kWh-tan eta neurketa-metodoa, agertzen den balioa erreala edo gutxi gorabeherakoa den jakiteko. Kontuan hartu, CSV fitxategia ondo irekitzeko, eremuek puntu eta komaz bereizita egon behar dutela.
Halaber, azpimarratu beharra dago, datuak zehaztasunez interpretatzeko, energia-erabilerari buruzko datuak aurreko ordukoak direla. Horrek esan nahi du, adibidez, irudian 3. orduan agertzen den erregistroa 2:00ak eta 3:00ak bitartean egindako kontsumoari dagokiola.
Kurben erabilgarritasuna
Energia-erabileraren ordutegi-erregistroak erabilgarri daude 15 kW-tik beherako potentzia kontratatuta, kontagailu digitala eta telekudeaketa aktibatuta dituzten kontratuetan, eta 50 kW-tik gorako potentzia kontratatuta duten 3.0 TD tarifako kontratuetan.
Bestetik, 15,1 kW eta 50 kW (barne) bitarteko potentzia kontratatuta duten kontratuetan, ohikoena da kurbak erabilgarri ez egotea, hornidura-puntu horietan erabiltzen diren kontagailuetan ez baita derrigorrezkoa telekudeaketa edota energiaren ordutegi-erregistroa txertatzea.
Elektrizitate-autoprodukzioari buruzko 244/2019 Errege Dekretuak aurreikusten du kontagailu guztiek kurbak erabilgarri izan behar dituztela, autoprodukzio-instalazio bat izanez gero, konpentsazio sinplifikaturako eskubidea baitute. Laster kontratu-mota guztien ordutegi-kurbak bistaratu ahal izatea espero dugu.
Erregistro horiei ahalik eta onura handiena ateratzeko, Kooperatibak Infoenergia zerbitzua doan eskaintzen du. Zerbitzu horrekin, erregistroen datuak (baldin eta erabilgarri badaude) prozesatu eta, ondoren, ekintza pertsonalizatuak identifikatzen ditugu, kontratua optimizatzeko eta energia-efizientzia hobetzeko proposamenak iradokitzeko helburuarekin.
ADI!
Instalazio fotovoltaiko bat baduzu, kurben bisualizazioa ez da zehatza izango, oraingoz, ez duelako barne hartzen sarean injektatutako energia (ordutegi-balantzea aplikatzean kontuan hartu behar dena, alegia). Lanean ari gara informazio hori ahalik eta azkarren eskaintzeko.