Argitu fakturaren inguruko zalantzak
[També en: català] | [También en: castellano] | [Tamén en galego] |
Elektrizitate-fakturarekin ados ez bazaude, lehenik, ondo berrikusi faktura zer gerta daitekeen ikusteko.
Jarri arreta Fakturaren xehetasuna atalean (ikus beheko irudia).
Elektrizitate-fakturak gora egin dezake hainbat arrazoiren ondorioz:
1. Ohi baino epe luzeagoa
Kooperatiban hileko fakturak egiten saiatzen gara, Laguntza Guneko artikulu honetan azaltzen dugun bezala.
Baina, batzuetan, fakturak ez dira doi-doi hilekoak [1]. Halakoetan, kontuan hartu behar duzu, fakturazio-aldia ohi baino luzeagoa edo motzagoa denean, potentzia- eta energia-kostuak proportzio berean handitu edo txikituko direla. Agian hori izan daiteke arrazoia.
2. Kontratatutako potentziaren araberako fakturazioa
Fakturatutako potentziarekin ados ez bazaude, egiaztatu zure kontratuko potentzia aldatu gabe ote dagoen. Gogoan izan, kontratatutako potentzia aldatzea eskatu baduzu, aldaketa gauzatzen den unean mezu elektroniko bat jasoko duzula, potentzia berriaren aktibazio-data jakinarazteko.
3. Erabilitako elektrizitatearen araberako fakturazioa
Azken fakturak aurrekoek baino elektrizitate-erabilera handiagoa jasotzen badu, egiaztatu fakturatutako irakurketa zehatza edo batez bestekoa ote den. Fakturan ikusiko duzu hori.
Gogoan izan, Kooperatiban enpresa banatzaileak (legezko erantzulea) helarazten dizkigun irakurketen arabera, batik bat, prestatzen ditugula fakturak.
a. Batez besteko irakurketa
Faktura batez besteko irakurketaren arabera prestatu badugu, konparatu fakturatutako balioa kontagailuko balioarekin. Kontagailua irakurtzeko arazoak badituzu, kontsultatu artikulu hau.
Bi balioen arteko aldea handia bada, erantzun fakturarekin bidali dizugun mezuari oraingo irakurketa jakinarazteko.
Orduan, guk enpresa banatzaileari erreklamazio bat egingo diogu fakturatutako energia egunera dezan eta, behar izanez gero, faktura berria prestatuko dugu.
b. Irakurketa zehatza
Irakurketa zehatzaren araberako faktura bada, lehenik, begiratu zure kontagailuko irakurketari eta egiaztatu fakturatutako irakurketarekin bat datorrela.
Hori bereziki garrantzitsua da auzo-komunitateetan. Batzuetan, kontagailua ez dago dagokion pisuarekin ondo identifikatuta eta irakurketak nahasten dira. Hori egiaztatzeko, begiratu fakturan agertzen den kontagailuaren serie-zenbakiari, kontsumo elektrikoaren gaineko informazio-atalean.
Berrikusi fakturaldian erabilitako elektrizitatea: gogoan izan elektrizitate-fakturak faktura-dataren aurretikoak direla eta zordunketa, gutxienez, astebete beranduago pasatzen diogula bankuari.
Halere, erabili ez duzun elektrizitateagatik fakturatu dizugula uste baduzu, arrazoi hauen ondorioz izan daiteke:
- Akatsa edo matxura kontagailuan: kontagailuak erabiltzen ez den elektrizitatea kontabilizatzen du.
- Etxean antzeman gabeko erabilera elektrikoa: agian ondo ez dabilen eta eteten ez den termostato bat daukazu, edo matxuraren bat instalazio elektrikoan.
Kontagailua ondo dabilela egiaztatzea gomendatzen dizugu. Horretarako, eten argia: jaitsi koadro elektrikoko diferentzial guztiak eta begiratu kontagailuari. Kontagailuak kontabilizatzen jarraitzen badu, intzidentzia edo matxura duen seinale.
Kontagailuek led bat (oro har, argi gorri bat) daukate. Aktibo badago (displayko menuan desaktibatzeko aukera dago), kontagailua funtzionatzen ari ote den egiaztatzen lagunduko digu: kontsumoa kontabilizatzean, argiak dir-dir egiten du; argi finkoarekin piztuta gelditzen bada, elektrizitateak kontagailutik pasatzeari utzi diola esan nahi du.
Kontagailuak arazo bat duela jakinarazi baino lehen, ondo begiratu, zeren Som Energiak zure izenean erreklamazio bat aurkezten badu eta, azkenean, kontagailuak ez badu arazorik, enpresa banatzaileak 45 eta 50 € bitartean kobratuko dizkizu (desplazamendu espezifiko bat egin izanagatik).
Kontagailua gaizki badabil, enpresa banatzaileak matxura konpondu eta desplazamenduaren kostua bere gain hartu beharko du; eta guk faktura berri bat prestatuko dugu helarazten dizkiguten datu zuzenekin.
Kontagailua ondo badabil, gomendatzen dizugu instalazioan edota etxetresna elektriko batean matxuraren bat dagoen aztertzea. Gogoan hartu termo elektrikoek edo egoera txarrean dauden beste gailu batzuek elektrizitate asko kontsumi dezaketela.
4. Beste kontzeptu batzuk
a. Alten eta kontratu-aldaketen ondoriozko zordunketak
Enpresa banatzaileek hornidura-alten eta potentzia-aldaketen ondoriozko zordunketak Kooperatibaren fakturan aplikatzen dituzte. Hala bada, kontzeptu hauek ikusiko dituzu: sarbide-eskubideak, luzapen-eskubideak, konexio-eskubideak, berme-gordailua edo neurrira jardutea, kasuan-kasuan. Aurreko esteketan, kontzeptu bakoitzaren kostua aurkituko duzu.
b. Enpresa banatzaileak egotzitako fakturazio osagarria
Iruzur egiteagatik, edo kontagailuan edo instalazio elektrikoan izandako intzidentziagatik enpresa banatzaileak espediente bat irekitzen badu, kontratuari zordunketa osagarriak egotz diezazkioke.
Halakoetan, enpresa banatzaileak kontratuaren titularrari zuzenean jakinaraziko dizkio espedientearen xehetasunak eta horrek dakarren zigor ekonomikoa. Ez baduzu enpresa banatzailearen berririk jaso, erantzun fakturarekin bidali dizun mezuari eta enpresa banatzailearekin harremanetan jarriko gara.
5. Energia erreaktiboaren fakturazioa
Kasu jakin batzuetan, fakturari kostu osagarri bat gehituko zaio hornidura-puntuak sortzen duen energia erreaktiboaren ondorioz. Irakurri artikulu hau, Irakurri artikulu hau, agian zuri gerta dakizuke eta: energia erreaktiboa; zer da, ondorioak fakturak eta nola ezabatu.
Zure arazoa goian azaldutako aukerekin bat ez badator, erantzun fakturarekin bidali dizugun mezuari eta arrazoia bilatzen saiatuko gara.
[1] Fakturen ohiz kanpoko fakturazio-aldietan hainbat faktorek eragiten dute: enpresa banatzaileak irakurketak jasotzen dituen data, potentzia-aldaketak, kontagailu-aldaketa eta, fakturatze-prozesuan, Kooperatiba barruan gerta daitezkeen akats teknikoak edota langileen akatsak. Informazio gehiago jasotzeko edo zure kasu zehatza fakturazio-taldeari azaltzeko, bidali mezu bat factura@somenergia.coop helbidera.