Argia Som Energiarekin kontratatzea

[També en: català] [También en: castellano] [Tamén en galego]

Som Energia kooperatiba bat da eta, ondorioz, Kooperatiban sartu nahi duenak bazkidetu behar du. Hortaz, argia kontratatu ahal izateko, lehenengo, bazkidetu beharra dago eta, gero, argia kontratatu. Bi tramite desberdin dira.

Bazkidetzea

Beste konpainia elektriko batetik Som Energiara etorri nahi baduzu, lehenik, bazkidetu beharko duzu. Gero argia kontratatu ahalko duzu, eta Kooperatibako bazkide izateagatik beste eskubide batzuk izango dituzu ere.

Bazkidetzeko webguneko formularioa bete besterik ez duzu egin behar: Izan zaitez bazkide.

Bazkidetzeko, kapital sozialera 100 euroko ekarpena egin beharko duzu; eta, edonoiz Kooperatibako bazkide izateari utzi nahi badiozu, ekarpena itzuli egingo dizugu. Ordainketa formulario beraren bitartez egiten da.

Bazkidetzen zarenean, nahi adina elektrizitate-kontratu izenpetu ahalko dituzu zure izenean (titular gisa) eta, gehienez ere, 5 kontratu beste batzuen izenean. Hala, zure senideek edo lagunek, zure bitartez, argia Som Energiarekin kontratatzea nahi baduzu, kontsultatu esteka hau: Gonbidatu bazkide ez diren pertsonak argia Som Energiarekin kontratatzera.

Kooperatibako bazkide izateak dituen ondorioen gaineko informazio gehiago ikusteko, kontsultatu esteka hau: Som Energiako bazkide izatea.

Argia kontratatzea

Bazkidetu eta gero, argi-kontratu bat zure izenean gehitzeko, bete Kontrata ezazu argia formularioa. Horretarako, duela gutxiko hornidura-puntuko fakturaren bat eta zure banku-datuak kontsultatzea komeni da. Ez baduzu eskura hornidura-puntuko fakturarik, CUPS kodea beharko duzu. Artikulu honetan azaltzen dugu zer den eta nola lor dezakezun.

Som Energiako bazkide bat ezagutzen baduzu eta argia haren bazkide-zenbakiaren bidez kontratatu nahi baduzu, joan webguneko atal berera, Kontrata ezazu argia, eta, bazkide-zenbakia eta IFZ eskatzen dizkizunean, idatzi pertsona horren datuak.

Formularioa bete aurretik, gomendatzen dizugu egiaztatzea ez duzula iraupen-konpromisorik uneko konpainia merkaturatzailearekin. Fakturan deskontu bat ikusten baduzu, ziur aski iraupen-konpromiso bat izango duzu. Oro har, elektrizitate-kontratu guztiak automatikoki berritzen dira urtero; baina berritzeak ez du esan nahi iraupen-konpromisorik duzunik. Horiek horrela, fakturan "automatikoki berrituko da urtero" esaldia ikusten baduzu, ez pentsatu iraupen-konpromisorik duzunik. Informazio gehiago aurkituko duzu artikulu honetan: Zer ondorio ditu kontratua urtero automatikoki berritzeak? Iraupen-konpromisorik al dut?

Kontratu-mota bakoitzeko tarifa indexatu bana eta ordutegi-tarteen tarifa bana eskaintzen dugu. Informazio guztia gure webgunean eta Laguntza Gunean aurkituko duzu. Espainia osoan ematen dugu zerbitzua, Ceutan eta Melillan izan ezik.

Une honetan, Som Energiara ekarri nahi duzun hornidura-puntuan argirik ez badago, kontsultatu beste esteka hau: Nola eskatu hornidura-puntu berri bat.

Konpainia-aldaketa egiteko behar den denbora

Som Energiarekin kontratua aktibatzeko prozesuak astebete edo bi aste iraun dezake.

Zuk formularioa bete ondoren, tramitazioa hasiko dugu, elektrizitatea banatzen duen konpainiari jakinarazpen bat bidaliz. Konpainia banatzaileak eskaera-datuak zuzenak direla baieztatu eta oniritzia ematen duenean, konpainia-aldaketa onartu dela esan daiteke. Orduan, mezu elektroniko bat bidaliko dizugu.

Konpainia banatzaileak aldaketa burutu dela eta Som Energiarekin kontratua aktibatu dela egiaztatzen duenean, beste mezu elektroniko bat bidaliko dizugu. Hor amaituko da konpainiaz aldatzeko prozesua.

Ez zara argirik gabe geldituko aldaketa burutzen den bitartean

Konpainia-aldaketak ez du zure etxea hornidura elektrikorik gabe utziko; eta ez duzu ezein aldaketarik egin beharko zure instalazio elektrikoan.

Izan ere, prozesu honekin ez da aldatuko elektrizitatea banatzen duen enpresa, sarearen jabea dena eta elektrizitatea hornidura-puntura iristea bermatzen duena. Som Energiara etortzean konpainia merkaturatzailea aldatuko da, hots, etxean erabiltzen duzun elektrizitatearen salerosketa kudeatzen duena. Beraz, hornidura guztiz bermatuta dago.

Som Energiara etortzeko prozesuan potentzia aldatzea

Une honetan, ez da posible Som Energiara etortzea eta, aldi berean, potentzia aldatzea. Halakoetan, bi aukera dituzu:

  • Uneko konpainiarekin duzun potentzia aldatzea eta, ondoren, Som Energiara etortzea, edo
  • Konpainia merkaturatzailez aldatzeko eskaera egitea, eta Som Energiarekin kontratua aktibatuta duzunean, kontratatutako potentzia aldatzeko eskaera egitea. 

Kontratua Som Energiara etorri aurretik aldatzen baduzu, gogoan izan, batzuetan, konpainiek kontratuaren baldintzak aldatzen dituztela iraupen-konpromisoak gehituta.

Ez dago iraupen-konpromisorik

Som Energian ez dugu inolako iraupen-konpromisorik eskatzen. Nahi duzunean, konpainia merkaturatzailez aldatu ahal izango duzu zigorrik jaso gabe.

Era berean, Som Energian ez dugu eskaintza berezirik, ezta klausula osagarririk ere.

Som Energia elektrizitate % 100 berriztagarria eskaintzen duen irabazi asmorik gabeko kontsumo-kooperatiba bat da, eta gure oinarrietako bat da argia kooperatibarekin kontratatuta duten pertsona guztiei prezio ahalik eta onena eskaintzea.

Gardentasuna, tratu ona, prezio ona eta eredu energetikoa aldatzeko lana defendatzen ditu Som Energiak; horregatik, pertsona askok egin dute bat gure proiektuarekin eta gurekin jarraitzen dute iraupen-konpromisorik eskatzen ez badugu ere.

Honek erantzun al dizu zure galdera? Eskerrik asko iritziagatik Arazo bat izan da zure iritzia bidaltzean. Saiatu berriro geroago.

Ez al duzu bilatzen ari zarena aurkitzen? Harremanetan jarri Harremanetan jarri