Elektrizitatearen gaineko zergaren hobaria
[També en: català] | [También en: castellano] | [Tamén en galego] |
Elektrizitatearen gaineko zerga kontratatutako potentziaren eta erabilitako energiaren gainean aplikatzen den zerga berezi bat da (gaur egun, % 5,112696).
Elektrizitatearen prezio altuak konpentsatzeko, 2021eko irailaren 16an, gobernuak dekretu bidez elektrizitatearen gaineko zerga murriztea erabaki zuen. Dekretua indarrean dagoen bitartean, zerga hori % 5,11 izan ordez % 0,5 izango da, eta energiaren gutxieneko zenbatekoa 0,1 euro 100 kWh-ko.
Azaroaren 27ko 28/2014 Legeari jarraiki, hornidura-puntuek elektrizitatearen gaineko zergaren ehuneko bat hobarian ematea eska dezakete, baldin eta energia elektrikoa honako erabilera hauetarako erabiltzen badute.
- Murrizketa kimikoa eta prozesu elektrolitikoak.
- Prozesu mineralogikoak.
- Prozesu metalurgikoak (Legez definitutakoak).
- Jarduera industrialak, baldin eta kontsumitutako elektrizitatea produktuaren kostuaren % 50 baino gehiago bada.
- Nekazaritzako lurrak ureztatzea.
- Jarduera industrialak, baldin eta elektrizitate-erosketak edo -erabilera ekoizpen-balioaren % 5 baino gehiago badira.
Zure kasua goian zehaztutakoen artean badago, zuzenean Legea kontsultatzea gomendatzen dizugu, zehatz-mehatz jakiteko zure jarduera goiko kasuistikan sartzen den.
Legeak ezartzen duen moduan, Elektrizitatearen gaineko zerga kalkulatzeko oinarriaren gaineko % 85, gehienez, eman daiteke hobarian. Hornidura-puntu batean jarduera ekonomiko edo erabilera desberdinak badaude, zenbait kasutan, ehuneko hori txikiagoa izango da, Zerga Agentziak erabakitzen duenaren arabera.
Horrez gain, zergatik salbuetsita daude:
- Hornidura-puntuetan harreman diplomatikoekin, hirugarren herrialdeekin egindako akordioekin edo nazioarteko hitzarmenekin zerikusia duten jardueretan erabiltzen den energia elektrikoa.
- Sektorean aplikagarri den legeriarekin bat etorriaz, berariazko ordainsari-erregimen batean sartzen den energia elektrikoa ekoizteko instalazio batekin lotutako hornidura-puntuetan erabiltzen den energia elektrikoa.
- Energia elektrikoa ekoizten, garraiatzen eta banatzen duten instalazioekin lotutako hornidura-puntuetan, soilik jarduera horietarako, erabiltzen den energia elektrikoa.
Nola tramitatzen da hobaria?
Hobaria tramitatzeko, Zerga Berezien Bulego Kudeatzaileko lurralde-erregistroan inskribatzea eskatu behar duzu. Tramite hori Zerga Administrazioko Espainiako Agentzian, zehazki, hornidura-puntua dagoen tokiko lurralde-ordezkaritzan egiten da.
Inskripzioa egin ondoren, Zerga Agentziak erregistroan inskripzioa egin dela jakinarazteko mezu bat eta Inskripzio Txartela bidaliko dizkizu. Txartelean hau zehaztuko da: hobariaren ehunekoa, hornidura-puntuko CUPS kodea, inskripzio-data eta Elektrizitatearen Identifikazio Kodea (EIK).
Hobaria elektrizitate-kontratuan aplikatzeko, posta elektronikoz ( fiscal@somenergia.coop helbidera), Ogasunak helarazten dizkizun gutuna eta Inskripzio Txartela bidali behar dizkiguzu, hobaria eman dizutela,hobariaren ehunekoa, hobaria jasoko duen CUPS kodea, aplikazio-data eta EIK kodea konfirmatzeko.