Ibilgailu elektrikoa: kontratatu beharreko potentzia eta karga-mota
[També en: català] | [También en: castellano] | [Tamén en galego] |
Oro har, ibilgailu elektrikoak hornidura-puntu estandar batean kontratatutako potentziarekin karga daitezke. Baina faktore asko daude tartean eta kasu bakoitza arretaz aztertu behar da arazoak saihesteko.
Ibilgailu elektriko batentzako karga-gunea duen hornidura-puntu batean kontratatutako potentzia egokia den baloratzeko, kontuan hartu behar dugu kontratatutako potentziak bateria kargatzeko abiadura mugatzen duela. Esate baterako, 4,6 kW-ko potentzia kontratatu baduzu, hori izango da kargatzeko gehieneko potentzia, nahiz eta karga-guneak potentzia handiagoan kargatzeko gaitasuna izan.
Hori gogoan izan behar dugu, hornidura-puntu jakin batean kontratatutako potentziak eta ibilgailu elektrikoaren karga-guneko potentziak bateria betetzeko abiadura baldintzatuko baitute: kontratatutako potentzia eta karga-guneko potentzia zenbat eta handiagoa izan, orduan eta denbora gutxiago beharko da bateria kargatzeko. (Ikus taula)
Kontuan hartu, karga azkarrak egiten badituzu, bateria azkarrago higatuko dela ere. Hortaz, ahal duzun guztietan, bateriaren balio-bizitza luzatzeko, ahalik eta karga motelenak egin.
Abiaduraren arabera, hiru karga-mota bereiz daitezke: motela, erdi-azkarra edo azkarra.
Entxufe-motaren arabera, lau karga-modalitate bereiz daitezke:
1. modalitatea: Erabilera orokorreko entxufe batetik egindako karga, komunikaziorik eta kargaren kontrolik gabe. Motela eta ezegonkorra. Ez da gomendagarria, baina balio dezake ez badugu beste aukerarik.
2. modalitatea: Erabilera orokorreko entxufe batetik, babesak eta kontrolak kable berean daudelarik. Apur bat azkarragoa. Ezegonkorra da hau ere, baina ibilgailua gainkargetatik babesten du.
3. modalitatea: Ibilgailu elektrikoak kargatzeko bereziki diseinatutako karga-gune batetik. Karga azkarragoa da eta oso segurua da, bai ibilgailuarentzat bai instalazio elektrikoarentzat. Ohiko kargak egiteko aukera onena da, karga kontrolatzeko funtzionaltasun gehiago dituelako.
4. modalitatea: Horretarako bereziki diseinatutako hornidura-puntu batetik, potentzia handiko korronte zuzenarekin. Oso azkarra eta segurua, baina higadura handiagoa eragiten du. Erabilera puntualetarako dira gomendagarriak. Eskuarki, gasolina-zerbitzugune edo antzekoetan daude.
Hala, ezaugarrien arabera, eta 40 kWh-ko kapazitatea duen bateria batekin, hauek izango lirateke kasu bakoitzeko iraupenak:
Karga-mota | Potentzia eta intentsitatea | Karga-modalitatea | Batez besteko denbora (% 70-80ko karga) | Batez besteko denbora (karga osoa) |
Karga-gunearen kokapena |
---|---|---|---|---|---|
Motela | Monofasikoa: 3,7 kW - 16 A Trifasikoa: 11 kW - 16 A |
1, 2, 3 | Monofasikoa: 5 - 6 h Trifasikoa: 1 - 2 h |
Monofasikoa: 8 - 9 h Trifasikoa: 3 h |
Etxebizitzak, lantokiak... |
Erdi-azkarra | Monofasikoa: 7,4-14,5 kW - 32-63 A Trifasikoa: 22-44 kW - 32-63 A |
3 | Monofasikoa: 2 - 3 h Trifasikoa: 30 ' - 1 h |
Monofasikoa: 3 - 5 h Trifasikoa: 30 ' - 1 h |
Merkataritza-guneak, aparkaleku publikoak... |
Azkarra | Korronte zuzena 240 kW - 400 A Korronte alternoa 220 kW - 250 A |
4 | 20 minutu | 30 minutu | Gasolina-zerbitzuguneak |
Kontratatu beharreko potentzia karga-gunea etxebizitzan badago
Zenbateko potentzia kontratatuko duzun erabakitzeko, lehenik eta behin, kontuan hartu artikulu honetan azaltzen duguna: Nola jakin zenbateko potentzia behar dudan?
Horrez gain, etxebizitzan karga-gune bat baduzu, gogoan hartu ere beste faktore hauek:
- Ibilgailua kargatu ohi duzun unean konektatuta izan nahiko dituzun elementu eta aparatu guztien potentzia.
- Zenbatean behin kargatu behar duzun ibilgailua, egunero egiten dituzun kilometroen arabera.
- Karga-gune mota.
- Ibilgailua kargatzeko duzun denbora: adibidez, eskuarki, gauean zehar egunean zehar baino denbora gehiago izango duzu ibilgailua kargatzeko.
Ikus dezagun adibide bat. Ibilgailua egunero erabiltzen duen pertsona bat: 16 kWh (batez beste 100 km egiten ditu eta kilometroko 16 kWh / 100 km-ko elektrizitate-erabilera aintzat hartuta) eta gutxienez 10 ordu ibilgailua kargatzeko. Kalkulua eginda (16 kWh / 10 h = 1,6 kW), ondoriozta dezakegu 1,6 kW bakarrik behar dituela autoa kargatzeko eta, hurrengo egunean, bateria % 100 beteta egon dadin.
[1] Ibilgailu elektrikoa korronte alternoarekin zein korronte zuzenarekin karga daiteke. Korronte zuzenarekin (4. karga-modalitateetan ohikoena), kargagailuak aldatzen du tentsioa eta intentsitatea, ibilgailuak komunikatzen dionaren arabera. Korronte alternoarekin (banaketa-sarean eta etxeetan erabilgarri dagoen korronte-mota), ibilgailu barruan dagoen inbertsore batek bihurtzen du korronte alternoa korronte zuzen, bateria kargatzeko. Autoek inbertsore-mota (monofasikoa edo trifasikoa) eta bateria kargatzeko gehieneko potentzia ezberdinak dituzte.