Kooperatibaren kapital sozialera ekarpenak egitea

Som Energiaren azken helburua da, Kooperatibaren beraren ekoizpen-instalazio berriztagarrietan, bazkideek behar duten energia elektriko guztia sortzea. Proiektu horiek bultzatzeko behar den finantzaketa lortzeko eta Kooperatibaren hazkundeari aurre egiteko, noizbehinka, Som Energiak bazkideei kapital sozialera borondatezko ekarpenak egiteko aukera eskaintzen die,urtero Batzar Nagusiak ezartzen eta berrikusten duen interesa ordainduta. 

Beraz, Kooperatibaren kapital sozialera eagindako borondatezko ekarpenak Som Energiak finantzatzeko erabiltzen duen metodoetako bat da, eta baldintza jakin batzuk dituzte. Baldintza horiek Batzar Nagusiaren erabakiak eta Som Energiaren estatutuak barne hartzen dituzte.  

Kapital sozialera egindako borondatezko ekarpenen tratamendu fiskala

Errenta-aitorpenaren (PFEZ) ondoreetarako, ordaindutako interesak kapital higigarriaren etekintzat joko dira eta, hortaz, PFEZren indarreko atxikipenaren mende daude. Som Energiak ziurtagiri bana bidaliko die Ogasunari eta parte-hartzaileari, non ordaindutako interesak eta egindako atxikipena zehaztuko diren, errenta-aitorpena behar bezala egin ahal izateko. 

Nola eta noiz jasotzen dira interesak?

Interesak urtean behin ordaintzen dira banku-transferentzia bidez. Kapital sozialera egindako ekarpenen kasuan, urtarrilaren amaieran; eta, partaidetza-tituluen kasuan, uztailean.

Zenbateko ekarpenak egin daitezke?

Kapital sozialera egindako borondatezko ekarpenak, gutxienez, 100 eurokoak dira, eta, gehienez, 100.000 eurokoak (100en anizkoitzak betiere), bazkideak aurretik egin dituen ekarpen guztiak batuta.

Zenbateko interesa jasotzen da?

Urtero, bazkideen Batzar Nagusiak ezartzen du urteko ordainsari-portzentajea, proiektuen errendimenduaren eta ingurune ekonomikoaren arabera. Helburua da kapitalera ekarpenak egiten dituzten bazkideentzat erakargarria den eta, aldi berean, Kooperatibarentzat bideragarria den itzulkin erakargarri bat lortzea.

2017az geroztik, urteko interes nominala %1,75 da. 2013 eta 2016 bitartean %3 izan zen, eta 2012an %3,5.

Nola atera daitezke borondatezko ekarpenak?

Bazkideek noiznahi atera ditzakete haien ekarpenak, aporta@somenergia.coop helbidera eskaera bat bidaliz. Bazkideak eskaera egiten duenetik zenbatzen hasita, hiru hilabeteko epean itzuliko zaio kapitala.

Iraupen-konpromisorik ez dagoenez, ez da ezarriko zigorrik kapital sozialera egindako borondatezko ekarpenak itzultzean.

Errektore Kontseiluak ekarpen bat itzultzeari uko egin diezaioke, urte horretan zehar, dagoeneko kapital sozialaren %10 itzuli bada. Muga horrek aise gainditzen ditu urtero ekarpenak itzultzeko egiten diren eskaerak. 2019ko Batzar Nagusian azaldu zuen bezala, Errektore Kontseiluak ez du klausula hori (dagoeneko ekarpenen %10 itzuli badira itzulera ukatzea ezartzen duena) erabiltzeko asmorik; aitzitik, ekarpenak Kooperatibaren fondo propio gisa kontabilizatu ahal izateko, hots, Kooperatiba kapitalizatzeko, gehitu zen klausula. 

Zer arrisku dituzte Kooperatibara egindako ekarpenek?

Som Energia, beste edozein enpresa bezala, ordainketak etetera irits daiteke. Egoera horretan, zor den dirua ordaintzeko ordena hauxe izango litzateke: lehenik, Administrazioarekin eta langileekin dituen zorrak; bigarrenik, kredituak; hirugarrenik, partaidetza-tituluak eta borondatezko kapital soziala; eta, azkenik, nahitaezko kapital soziala.

Energia berdea sortzen laguntzeko beste aukera batzuk

Kooperatiba finantzatzen laguntzeko beste modu bat, Generation kWh proiektuan parte hartzea da. 25 urtez elektrizitatea taldean autoproduzitzeko modalitate bat da, eta parte hartzeko, ekarpen bat egin behar da. Ekarpen hori 25 urtetan zehar itzuliko da eta, denboraldi horretan, bazkideak kostaprezioan ekoiztutako elektrizitatea jasoko du. Generation kWh proiektuari buruzko informazio gehiago.

Did this answer your question? Thanks for the feedback There was a problem submitting your feedback. Please try again later.

No encuentras lo que buscas? Contactar Contactar