Neurketa-transformadoreak ("trafo"ak)
[També en: català] | [También en: castellano] | [Tamén en galego] |
Artikulu honetan neurketa-transformadoreei (gaztelaniaz "trafo" izenaz ezagunak) buruz hitz egingo dugu. Hornidura-puntu industrialetan, kontsumo handietan edo goi-tentsioko puntuetan aurkitu ditzakegun elementuak dira. Honako alderdi hauek aztertuko ditugu:
- Zer dira?
- Zuzeneko eta zeharkako neurketa
- Zein kasutan daude neurketa-transformadoreak instalazioetan?
- Neurketa-transformadoreak kentzea
- Zer hartu behar dut kontuan "trafo" bat kentzeko?
- Nola kendu behar dut?
Zer dira?
Neurketa-transformadoreak edo "trafo"ak gailu elektromagnetikoak dira. Tentsio-balioak (V) edo korrontearen intentsitate-balioak (A) murrizteko balio dute. Horrela tentsioa eta intentsitatea voltmetro edo amperemetro konbentzionalekin neurtu daitezke.
Oro har, esan dezakegu kontagailuak sarrerako kableetatik zenbat korronte igarotzen den jakin behar duela kontaketa egin eta bere eginkizuna bete ahal izateko. Neurtu beharreko balioak txikiak direnean, sarrerako kableak txikiak dira eta kontagailua zuzenean konektatu daiteke, barrutik korrontearen igarotzea jasan dezakeelako eta ondo kontatzen duelako. Baina neurtu beharreko balioak handiak direnean, kableak handiagoak dira eta konexio zuzena arriskutsua izan daiteke.
Beraz, kasu horietan, kontagailu-mota bera erabili ahal izateko (eta kontagailu sendoago eta garestiago bat erosi behar ez izateko), kontagailua erreko lukeen korronte handia kontagailuak onartu dezakeen korronte txiki transformatzen den aldean, zirkuitu txiki bat instalatzen da.
Bada, esan bezala, neurketa-transformadoreak instalazioetan aurkitu ditzakegu, bereziki, hornidura-puntu industrialetan, kontsumo handietan edo goi-tentsioko puntuetan.
Neurketa-transformadore bat zer den zehatzago jakiteko jo Wikipediako esteka honetara.
Zuzeneko eta zeharkako neurketa
Hortaz, instalazioan neurketa-transformadoreak egon ala ez, honako neurketa-mota hauek izango ditugu:
● Zuzeneko neurketa: neurketa-instalazio honetan kontagailua zuzenean horniduraren konexio-lineara konektatzen da, neurketa-transformadoreen beharrik gabe.
Zuzeneko neurketa egiten duen kontagailuaren adibidea.
- Zeharkako neurketa: intentsitatearen maila kontagailuarentzat onargarria den balio batera jaisteko intentsitatearen neurketa-transformadoreak erabiltzen dituen neurketa-instalazioa da.
Zeharkako neurketa egiten duen kontagailuaren adibidea. Behealdean, fase bakoitzerako intentsitate-transformadore beltzak ikus daitezke.
Zein kasutan daude neurketa-transformadoreak instalazioetan?
Esan bezala, neurketa-transformadoreak ez dira ohikoak etxeko instalazioetan, baizik eta instalazio industrialetan, kontsumo handietan edo goi-tentsioko instalazioetan.
Dena dela, elektrizitatea banatzen duen enpresak konfirmatu behar digu instalazio jakin batean neurketa-transformadoreak dauden ala ez. Ezin dugu informazio hori aldez aurretik jakin.
Neurketa-transformadoreak kentzea
Zure hornidura-puntuak neurketa-transformadore bat badu, jakin behar duzu, kasu batzuetan, komenigarria dela kentzea.
Alde batetik, kontagailua aldatu behar denean, beharbada, banatzaileak neurketa-transformadorea kentzeko eskatuko dizu.
Bestetik, neurketa-transformadorea kendu beharko duzu ere, kontratatutako potentzia jaitsi nahi izatekotan, jarri nahi duzun potentzia berria potentzia-balio jakin baten azpitik badago.
Potentziaren atalase-balioa teknikoki eta araudiz ezarritako dago, eta transformadorearen ezaugarrien eta hornidura-puntuko instalazioaren araberako da.
Adibidea
Demagun zure hornidura-puntuan neurketa-transformadore bat duzula eta transformadore horri, bere ezaugarriak direla eta, 31,05 kW-ko atalase-balioa dagokiola.
Horrek esan nahi du 50 kW-ko potentzia kontratatuta baduzu eta, adibidez, 25 kW-ra jaitsi nahi baduzu, bakarrik 31,05 kW-ra jaitsi ahalko duzula. Potentzia balio horretatik beherago jaisteko, nahitaez, transformadorea kendu beharko duzu.
OHAR GARRANTZITSUA: Transformadorea kendu aurretik, jarraian azaltzen ditugun alderdi ekonomikoak baloratu behar dituzu.
Zer hartu behar dut kontuan "trafo" bat kentzeko?
Azaldu dugun bezala, instalazioko neurketa-transformadorea kentzeko arrazoi nagusietako bat da, fakturako potentzia-terminoan aurrezteko, kontratatutako potentzia jaitsi nahi izatea.
Hori bada zure asmoa, kontuz baloratu behar duzu transformadorea kentzea merezi duen ala ez, eta etorkizunean transformadorea berriz ere jartzera behartuko zaituen potentzia-igoera bat egin beharko duzun ala ez. Konfiantzazko elektrizitate-enpresa baten aholkua baliagarria izan daiteke transformadorea kentzeko tramitea egitea merezi duen ala ez baloratzeko, eta potentzia jaisteak ekarri dezakeen aurrezkiarekin konparatzeko.
Gogoan hartu, halaber, inoiz transformadorea berriz ere instalatu behar baduzu, kostu ekonomikoa handia izango duela. Eta, ondorioz, bi gastu ordaindu beharko dituzula: bat transformadorea kentzeko eta beste bat berriz jartzeko.
Nola kendu behar dut?
Enpresa banatzailea arduratzen da neurketa-transformadorea desmuntatzeaz.
Beraz, zure instalaziotik neurketa-transformadore bat kendu nahi baduzu, enpresa instalatzaile homologatu bati eskatu behar diozu. Bere aldetik, enpresa instalatzailea banatzailearekin harremanetan jarri behar da transformadorea kentzeko zein urrats egin behar dituen jakiteko. Eskuarki, hauek dira urratsak:
- Instalazioa egokitu.
- Neurria aldatzeko beharrezkoak diren baliozkotzeak egin.
- Enpresa banatzaileak eskatzen duen dokumentazioa titularraren eskaerarekin batera bidali.