Autoprodukzioa eta soberakinen salmenta
[També en: català] | [También en: castellano] | [Tamén en galego] |
Autoprodukzioa eta soberakinen salmenta dituzten modalitateei buruzko artikulu honek atal hauek ditu:
- Soberakinak dituzten autoprodukzio-modalitateak
- Merkatu elektrikoan energia saltzeko urratsak
- Zein egoeratan da komenigarriagoa energia saltzeko modalitatea?
Soberakinak dituzten autoprodukzio-modalitateak
Oro har, autoprodukzioa duten instalazioek sarera isurtzeko moduko soberakinak sortuko dituzte. Halakoetan, araudiak bi autoprodukzio-modalitate onartzen ditu:
- Konpentsazio sinplifikatuko mekanismoa hautatzea.
- Soberazko energia merkatu elektrikoan saltzea.
Bi modalitateak ezin dira inola ere konbinatu.
Konpentsazio sinplifikatua hautatu duten instalazioek ez dute energia saltzen eta, ondorioz, ez dute jarduera ekonomikorik zentzu hertsian. Izan ere, sinplifikazio hori, aurreko urteekin alderatuta, indarreko araudiak ekarri duen hobekuntzetako bat da.
Merkatu elektrikoan energia saltzeko urratsak
Bestetik, energia merkatu elektrikoan saltzea jarduera ekonomikotzat jotzen da eta, ondorioz, konpentsazioarekin gertatzen ez den bezala, prozedura konplexuagoa da. Honako urrats hauek egin behar dira:
- Energia elektrikoa ekoizten duten instalazioen erregistro administratiboan (RAIPRE) izena ematea.
- Jarduera-lizentzia eskuratzea (instalazioa dagoen udalerriko udalarekin hitz egin beharko duzu).
- Ordezkaritza-kontratua formalizatzea energia saltzeko merkatuan.
- Energia saltzeak dakartzan zerga-betebeharrak betetzea.
Energia elektrikoa ekoizten duten instalazioen erregistro administratiboa (RAIPRE)
Enpresa instalatzailea arduratu ohi da energia elektrikoa ekoizten duten instalazioen erregistro administratiboa tramitatzeaz, dagokion autonomia-erkidegoko energia-sailaren bitartez.
Jarduera-lizentzia
Esan bezala, instalazioa dagoen herri edo hiriko udalean galdetu beharko duzu nola tramitatu.
Titularra pertsona fisiko bat bada eta potentzia 100 kW-tik beherakoa bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legeko 69. artikuluak ezartzen duen erantzukizunpeko adierazpeneko prozedura sinplifikatua aplikatzea gomendatzen dugu.
Instalazio horien helburu nagusia autoprodukzioa denez, potentzia handia dutenek bakarrik egiten duten benetako jarduera ekonomiko bat soberakinak saltzen. Hortaz, instalazioaren titularra pertsona juridiko bat denean eta potentzia 100 kW-tik gorakoa denean bakarrik egin beharko da jarduera-lizentzia eskatzeko tramite osoa.
Ordezkaritza-kontratua energia saltzeko merkatuan
Autoprodukzioaren soberazko energia merkatuko enpresa ordezkari baten, eskuarki, merkaturatzaile elektriko baten, bitarteaz saldu behar da. Enpresa hori arduratuko da orduko energiaren salmenta gauzatzeko tramite guztiak egiteaz:
- Merkatuko operadorearekin, sistemako operadorearekin eta Merkatu eta Lehiakortasun Batzorde Nazionalarekin (MLBN) tramiteak egitea.
- Eguneko merkatuan salmenta-aurreikuspenak kudeatzea.
- Merkatuko likidazioak kudeatzea.
- MLBNren ordainsariak likidatzea.
- Energiaren jatorria % 100 berriztagarria dela bermatzen duten ziurtagiriak tramitatzea eta kudeatzea.
- Sektoreko nobedadeen gaineko aholkuak ematea.
- Neurketaren gaineko erreklamazioak tramitatzea, eta sistemako operadorearekin, merkatuko operadorearekin eta MLBNrekin gestioak egitea.
Som Energiak merkatu elektrikoko ordezkaritza-zerbitzua eskaintzen die energia elektriko % 100 berriztagarria ekoizten duten partikularrei eta enpresei. Zerbitzu hori interesatzen bazaizu, bidali mezu bat representa@somenergia.coop helbidera.
Energia saltzeak dakartzan zerga-betebeharrak
Energia-salmenta jarduera ekonomiko bat da, balioa sortzen delako eta errenta edo irabazi bat lortzen delako. Horregatik, jarduerak dakartzan zerga-betebeharrak bete behar dira, besteak beste, Jarduera ekonomikoen gaineko zerga ordaintzea.
Eskarmenturik ez baduzu, betebehar eta tramite guztiak betetzeaz arduratzen den konfiantzako gestoria bat beharko duzu.
Zein egoeratan da komenigarriagoa energia saltzeko modalitatea?
Oro har, energia saltzeko modalitatea konpentsazio sinplifikatuko modalitatea baino komenigarriagoa da egoera hauetan:
- Soberakina saretik erabiltzen den energia-bolumenaren hirukoitza baino handiagoa denean.
- Sorkuntza-puntuak jarduera ekonomikoaren eguneroko kudeaketak egiteko erraztasunak dituztenean.
Sarera isuritako energia-bolumena ez bada saretik erabilitakoaren hirukoitza edo handiagoa, konpentsazioa nahikoa izango da soberakina ordaintzeko. Proportzio horretatik aurrera, konpentsazio-mekanismoarekin soberakinak ez dira aprobetxatzen eta interesgarria izan daiteke energia merkatuan saltzeko aukera (edo autokontsumo partekatua) baloratzea.
Baina kontuan izan behar dugu ere soberakinak saltzeko modalitateak kostu osagarri batzuk (ordezkaritza-zerbitzua, gestoria, zergak...) dituela, eta salmentarekin aprobetxatuko den energia-bolumen osagarriak kostu horiek konpentsatu behar dituela.