3.0TD tarifa indexatua

[També en: català] [También en: castellano] [Tamén en galego]

3.0TD tarifa indexatua eta ordutegi-tarteen 3.0TD tarifa 15 kW-tik gorako potentzia kontratatuta duten behe-tentsioko hornidura-puntu guztien tarifak dira: enpresa txiki eta ertainak, ostalaritza-zerbitzuak, jatetxeak, hotelak, okindegiak, eskolak, bulegoak, auzo-komunitateak, eta abar.

Kasu hauetarako bi tarifa daude eskuragarri eskualde bakoitzean (penintsula, Balearrak eta Kanariak):

  • Ordutegi-tarteen 3.0TD tarifa
  • 3.0TD tarifa indexatua

Artikulu honetan 3.0TD tarifa indexatuaren ezaugarriak azaltzen ditugu (ordutegi-tarteen 3.0TD tarifarenak hemen aurkituko dituzu). 

3.0TD tarifa indexatuan, pertsona eta enpresa kontsumitzaileei energiak eguneko handizkako merkatuan duen kostua zuzenean aplikatzen zaie. Hortaz, prezio-bariazioak gertatu eta berehala egozten zaizkie erabiltzaileei. Merkatuan energiaren prezioa jaisten denean, tarifaren prezioak ere jaisten dira, eta merkatuan energiaren prezioa igotzen denean, tarifaren prezioak ere igotzen dira.

Honako gai hauek jorratuko ditugu:

Prezioaren osaera

Tarifa indexatuan eta ordutegi-tarteen tarifan prezioak kontzeptu berberak barne hartzen ditu:

  • Energiaren kostua.
  • Araudiak xedatzen dituen karguak eta bidesariak.
  • Energia kontsumitu ahal izateko ordaindu beharreko beste kontzeptu batzuk.
  • Energiaren jatorria % 100 berriztagarria dela bermatzen duten ziurtagiriak eskuratzeko kostua.
  • Desbideraketen kostua.
  • Kooperatibarentzako marjina. Ez da mozkin ekonomikoa lortzeko marjina bat, baizik eta gure jarduera egiteko (langileen soldatak, bulegoen alokairua, materialak eta beste ordaintzeko) behar dugun marjina.

Nola ezartzen ditugu prezioak Som Energian?” artikuluan horri buruzko informazio xehatua aurkituko duzu.

Energiaren prezioaz gain, potentziaren prezioa dago. Potentziaren prezioa berbera da tarifa indexatuan eta ordutegi-tarteen tarifan. Horrez gain, bi tarifek beste kontzeptu komun batzuk dituzte:

  • Kontagailuaren alokairua.
  • Bonu soziala.
  • Potentzia-gehiegikeriak (hala badagokio).
  • Energia erreaktiboa (hala badagokio).
  • Zergak (BEZa, IGIC eta elektrizitatearen gaineko zerga).
  • Beste kontzeptu batzuk agertu daitezke: sarbide-, luzapen- edo lotura-eskubideak…

Energiak prezio desberdina du orduero

Tarifa honen beste bereizgarri bat da ordu bakoitzak prezio desberdina duela, eta prezioa egunero aldatzen dela. Eguneko merkatuko prezioa aplikatzen denez, prezioa ezin da aurrez ezagutu. Egun bat lehenago gauza bakarra jakin daiteke: prezioa altua edo baxua izango den, eta zeintzuk izango diren eguneko ordu garestienak eta merkeenak.

Energiaren orduko prezioa kalkulatzeko formula bat erabiltzen da, non energiak ordu horretan duen kostua eta energia eskuratzeko gainerako kostuak sartzen baitira. Hau da, orduko prezioak handizkako merkatuak ezartzen duen prezioa eta energia erosteko gainerako kostuak barne hartzen ditu. Formula Laguntza Guneko beste artikulu honetan ikusi dezakezu.

Sei potentzia kontratatzeko aukera

Tarifa honek sei potentzia-tarte ditu (P1, P2, P3, P4, P5 eta P6), eta tarte bakoitzak prezio desberdina du.

Potentzia desberdin bat kontrata daiteke sei ordutegi-tarteetako bakoitzerako. Baina, potentzia gorakorren irizpideari jarraitu behar diote, hau da, tarte jakin baterako kontratatutako potentziak aurreko tarterako kontratatutako berbera edo handiagoa izan behar du. Horrek zera esan nahi du: P1 ≤ P2 ≤ P3 ≤ P4 ≤ P5 ≤ P6.

Eskualdearen (penintsula, Balearrak eta Kanariak) arabera eta urteko hilabetearen arabera, ordutegi-tarte bat edo beste aplikatuko da. Informazio gehiago aurkituko duzu esteka honetan.

Kontratatutako potentzia gainditzeko aukera

Hornidura ez da inola ere etengo kontratatutakoa baino handiagoa den potentzia bat erabiltzeagatik. Baina, fakturari buruzko azalpenetan ohartarazten dugun bezala, kontratatutakoa baino handiagoa den potentzia bat erabiltzeak kostu ekonomiko bat izan dezake.

Tarifa honek iraupen-konpromisoa du?

Tarifa honek ez du iraupen-konpromisorik. Noizbait tarifa aldatu nahi baduzu, ordutegi-tarteen 3.0TD tarifa, baldin eta eskuragarri badago, kontratatu ahalko duzu; eta zigorrik jaso gabe merkaturatzailez aldatzeko aukera duzu ere.

Ordutegi-tarteen 3.0TD tarifarekin energiaren erosketa dezente lehenago adosten dugunez, bat-batean, lagun askok ordutegi-tarteen tarifa aldi berean eskatuko balute, ez genuke izango behar adina energia adostuta, eta energia gehiago erosi beharko bagenu ezarritako prezioek ez lukete energiaren kostu osoa ordainduko.  Horregatik diogu ordutegi-tarteen 3.0TD tarifa kontratatu ahalko duzula, baldin eta eskuragarri badago.

Kalkulatu dezaket zenbat kostatuko den?

Tarifa hau, neurri handi batean, energiak handizkako eguneko merkatuan duen prezioaren (aurreko egunean jakinarazten dena) mende eta energia erabiltzen den orduen mende dagoenez, ezin da modu fidagarrian kalkulatu kontratu bakoitzarentzat izango duen kostua. Ez du zentzurik ezta ere tarifa hau egungo ordutegi-tarteen tarifekin konparatzeak. Konparazioak bakarrik balio du jakiteko faktura merkeagoa edo garestiagoa izango zatekeen, baina emaitzak ezin zaizkie aplikatu etorkizuneko fakturei.

Autoprodukzio-soberakinen konpentsazio-prezioa

Konpentsazio sinplifikatua aktibatuta duten kontratuetan, autoprodukzio-soberakinen konpentsazio-balio ezartzeko, orain arteko irizpide berbera aplikatzen jarraitzen dugu: energia Kooperatibak energia handizkako merkatuan erosten duen prezio berean konpentsatzen da. Horrek, 3.0TD tarifa indexatuari aplikatuta, esan nahi du ordu zehatz batean sortutako soberakinak energiak handizkako merkatuan ordu horretan duen prezioan konpentsatuko direla.

Baina energiaren konpentsazio-prezioa eta salmenta-prezioa desberdinak dira, azaldu dugun bezala, energiaren salmenta-prezioak soberakinen konpentsazioan aplikatzen ez diren beste kontzeptu batzuk (bidesariak, karguak, sistemako gainkostuak eta abar) barne hartzen dituelako. Xehetasun gehiago aurkituko dituzu beste artikulu honetan.

Nola aldatu 3.0TD tarifa indexatura

3.0TD tarifa indexatura aldatu nahi baduzu, sartu Bulego Birtualean. Bulego Birtualaren barruan, jo “Kontratuak” atalera eta, gero, egin klik “Aldatu tarifa” aukeran. Ondoren, bete aurkitzen dituzun jarraibideak. Zalantzarik baduzu, beste artikulu honetan azaltzen dugu nola eskatu behar den aldaketa.

Faktura 3.0TD tarifa indexatuarekin

Potentziaren fakturazioa

Potentzia-terminoa bi kontzeptutan fakturatzen da: alde batetik, sei ordutegi-tarteetako bakoitzerako kontratatutako potentzia fakturatzen da eta, bestetik, potentzia-gehiegikeriak edo zigorrak, tarte bakoitzerako kontratatutako potentzia gainditzen denean.

Zigorren kostua zehazteko, kontratatutako potentzia hartu behar da kontuan.

  • Hala, 50 kW-rainoko (barne) potentzia bat kontratatzen dugunean, kontratatutako potentzia gainditzeagatik ezarritako zigorra honela kalkulatuko da: gainditutako potentziaren prezioa bider erabilitako potentziaren eta kontratatutako potentziaren arteko diferentziaren bikoitza. Informazio gehiago aurkituko duzu artikulu honetan: Potentzia-gehiegikerien kostua 50 kW-ra bitarteko tarifetan

3.0TD tarifa indexatuan, potentzia-terminoan, ez dugu aplikatzen Kooperatibaren bideragarritasuna bermatzeko marjina. Beraz, legez xedatutako prezioa aplikatzen dugu (gure webguneko tarifen atalean kontsulta dezakezu).

Erabilitako energiaren fakturazioa

Ordu bakoitzean erabilitako energiaren kostua da. Hala kalkulatzen da: ordu bakoitzean erabilitako kWh-ak bider ordu bakoitzean kWh-ak duen prezioa. Esan bezala, 3.0TD tarifa indexatuan, energia aktiboaren prezioa (€ kWh-ko) desberdina da egun bakoitzean eta ordu bakoitzean.

Energia erreaktiboaren fakturazioa

Instalazio elektrikoetan energia erreaktiboa agertzen da funtzionatzeko eremu magnetiko eta elektrikoak sortu behar dituzten gailuak erabiltzen direnean. Energia erreaktiboak banaketa oztopatzen du; horregatik, sarera energia erreaktibo gehiegi isurtzearen ondoriozko errekarguak sortu ziren. Termino honetan, Som Energiak ez du ezein marjina ekonomikorik aplikatzen.

Fakturako beste kontzeptu batzuk

Fakturan kostu osoa kalkulatzeko gehitu behar diren beste kontzeptu batzuk ikusiko dituzu:

  • Bonu soziala: kontratu bakoitzak bonu soziala finantzatzeko egiten duen ekarpena. Kontzeptu honi elektrizitatearen gaineko zerga eta BEZa aplikatzen zaizkio.
  • Elektrizitatearen gaineko zerga: Gobernuak araututako zerga bat da eta BEZa ezarri behar zaio. Legeak hobariak ezartzen ditu jarduera ekonomiko jakin batzuetarako. Esteka honetan azaltzen dugu hori: Elektrizitatearen gaineko zergaren hobaria.
  • Kontagailuaren alokairua: gure fakturaren bidez banatzaileari ordaintzen diozun kostu bat da. Legez araututako balio bat da; beraz, ez da aldatuko enpresa merkaturatzaile batetik bestera.
  • BEZa: gaur egun, % 21eko BEZa aplikatzen da ia zenbateko guztietan: kontratatutako potentzia, potentzia-gehiegikerien zigorrak, erabilitako elektrizitatea, energia erreaktiboa, bonu soziala, kontagailuaren alokairua, elektrizitatearen gaineko zerga, aldaketak eta altak egiteagatik edo beste kontzeptuengatik kobratutako kargu osagarriak, eta abar. Kanarietan, Kanarietako Zeharkako Zerga Orokorra (IGIC) aplikatzen da.
  • Fakturan beste kontzeptu hauek ager daitezke: 
    • Sarbide-, luzapen- edo lotura-eskubideak: kontratu-aldaketak, hornidura-altak eta konexio-aldaketak egiten badituzu bakarrik agertuko dira. Enpresa banatzaileak gure fakturaren bidez kobratzen dituen errekargu arautuak dira.

Kontzeptu guztien (kontratatutako potentziaren fakturazioa, potentzia-gehiegikeriak, erabilitako elektrizitatearen fakturazioa, energia erreaktiboa, bonu soziala, zergak eta beste kostu batzuk) batura da fakturaren zenbateko osoa.

Zure faktura zuzena ez dela iruditzen bazaizu, irakurri artikulu hau zalantzak argitzeko.  

Honek erantzun al dizu zure galdera? Eskerrik asko iritziagatik Arazo bat izan da zure iritzia bidaltzean. Saiatu berriro geroago.

Ez al duzu bilatzen ari zarena aurkitzen? Harremanetan jarri Harremanetan jarri