Nola aurreztu elektrizitate-fakturan?

[També en: català] [También en: castellano] [Tamén en galego]

Etxean energia-efizientzia sustatzen duten elementuak

Elektrizitate-fakturan aurrezteko, hainbat alderditan eragiten saiatu zaitezke:

  • Energia-erabilera murriztea.
  • Energia ordu merkeenetan erabiltzea.
  • Kontratazio-baldintzak berrikustea.
  • Behar duzun energiaren zati bat ekoiztea. 

Energia-erabilera murriztea

Energia gutxiago erabiltzea, ikuspegi energetikotik efizienteagoa izatea. Hona hemen energia-efizientziarako neurri batzuk:

Ur beroa

  • Zure berogailua elektrikoa bada, oso garrantzitsua da tenporizadore bat erabiltzea. Burdindegietan saltzen dituzte eta merkeak dira. Tenporizadorerik erabiltzen ez denean, termoak etengabe funtzionatzen du eta askoz energia gehiago gastatzen du. Ur beroa noiz beharko duzun aurreikusten baduzu, termoa ura berotzen eta, ondorioz, energia gastatzen ari den ordu-kopurua nabarmen murriztuko duzu.
  • Dutxetan eta bainugelako zein sukaldeko txorrotetan emaria murrizteko gailuak instalatzea. Ura presio eta diametro berarekin aterako da, baino gutxiago gastatuko duzu, erdian aire gehiago egongo delako.
  • Dutxa modua arrazionalean erabiltzea. Dutxatzen 5 minutu gutxiago ematen baditugu, 95 litro ur bero aurreztuko ditugu.
  • Txorrota ur hotzaren posizioan uztea.

Berokuntza / klimatizazioa

  • Programatu daitekeen termostato bat instalatzea.
  • Egunerako 20-21 graduko eta gauerako 16-18 graduko tenperatura programatzea.
  • Gauez, pertsianak eta gortinak jaistea beroa gordetzeko.
  • Jenderik ez dagoen geletako erradiadoreak eta ateak ixtea.
  • Gelak, gehienez, 10 minutuz aireztatzea, beroak ihes egitea saihesteko.
  • Aireak etxetik ihes egitea saihestea: gaizki itxita dauden leihoak, ate nagusiaren azpiko tarte handia, arrailak... Horiek ixteko azpildurak edo masilla erabil daitezke.
  • Etxean ez zaudenean, berokuntza minimoan jartzea eta, denbora luzez (egun batez baino gehiagoz) kanpoan egongo bagara, itzaltzea.
  • Erradiadore elektrikoetan tenporizadore bat instalatzea, funtzionamendu-orduak mugatzeko.
  • Erradiadoreak urtean behin purgatzea.
  • RITE Eraikinetako Instalazio Termikoen Araudiaren arabera, etxe barruko konfort-baldintzak hauek dira: udan, 23 eta 25 ºC arteko tenperatura eta % 45 eta 60 arteko hezetasun erlatiboa, eta, neguan, 21 eta 23 ºC arteko tenperatura eta % 40 eta 50 arteko hezetasun erlatiboa. Hala, egoera jakin batzuetan (kokapen geografikoa, klima edo etxearen egoera), interesgarria izan daiteke hezetasun-kengailuak instalatzea. Inguruneko hezetasuna erregulatzen dutenez eta konfort termikoa hobetzen dutenez, berotze- eta hozte-sisteman aurrezten laguntzen dute.

Sukaldean

  • Bero-iturrietara doitutako eltzeak erabiltzea. Ez sugarrek ez bitrozeramikaren diametroak ez dute eltzearen diametroa gainditu behar.
  • Kozinatzean eltzeak estaltzea (janaria azkarrago egingo da).
  • Kozinatzeko presio-eltzea erabiltzea (ikuspegi energetikotik oso efizientea da).
  • Janaria prest egon baino minutu batzuk lehenago sukaldea eta labea itzaltzea, hondakin-beroa aprobetxatzeko.
  • Labea pizten dugunean, aldi berean ahalik eta elikagai gehien kozinatzen saiatzea, labearen kapazitatea aprobetxatzeko.
  • Neguan, labea itzaltzen dugunean, atea irekita uztea, beroa aprobetxatzeko. Udan, berriz, labea itzaltzen dugunean, atea ixtea, etxea gehiago berotu ez dadin.
  • Hozkailua 5 °C-tan programatzea eta izozkailua –18 °C-tan.
  • Elikagai beroak hozkailuan edo izozkailuan ez sartzea, baizik eta giro-tenperaturan egon arte itxarotea.
  • Hozkailuko atea beharrik gabe irekita ez uztea. Jogurtak eta bestelako elikagai paketatuak hozkailuan gorde baino lehen zabaltzea; horrela, ateratzen dituzunean ez duzu atea irekita utzi beharko.
  • Hozkailuko eta izozkailuko ateak ondo ixten direla egiaztatzea, hotzak ihes egin ez dezan.
  • Izozkailuko izotz-blokeak, behintzat, sei hilean behin kentzea.
  • Elikagaiak hozkailuan desizoztea. Elikagaiak ondo desizozteko segurtasun-neurri bat izateaz gain, hozkailua hozten laguntzen du.
  • Ontzi-garbigailua guztiz beteta dagoenean abiaraztea.

Etxetresna elektrikoak

Etxetresna elektrikoak berritzen dituzunean, aukeratu energia-efizientzia handiena duten aparatuak. Horretarako, erreparatu hozkailuen, izozkailuen, garbigailuen, ontzi-garbigailuen, labeen eta beste gailuen etiketa energetikoari. Etiketatze-sistema A letratik G letrara doa, eta A etiketa dutenak dira energia-efizientzia handieneko etxetresna elektrikoak. F eta G etiketak dituztenek, berriz, energia-efizientzia txikiena dute.  Etiketatze-sistema honek jada indarrean ez dagoen aurreko sistema ordeztu du, zeinak A+, A++ eta A+++ etiketak barne hartzen baitzituen (informazio gehiago aurkituko duzu Ministerioak argitaratu zuen albistean).

Elektrizitatearen erabilera etengabeak murriztea 

Konektatuta dauden baina haien funtzio nagusia betetzen ari ez diren aparatuek (adibidez, urrutiko agintearekin itzali den telebista) elektrizitatea etengabe erabiltzen dute. Artikulu honetan elektrizitatearen erabilera etengabeak zer diren eta nola murriztu daitezkeen azaltzen dugu.

Etxean egiturazko hobekuntzak egitea

Etxeak orientazio ona badu, ondo diseinatuta badago eta etxeko materialak ondo aukeratuta badaude, energia-efizientzia handiagoa izango da, bai konfort termikoaren bai argiztapen naturalaren ikuspegitik.

Eta zuk alderdi askotan eragin dezakezu, besteak beste: isolamendua hobetzea, ateak eta leihoak hobeto ixtea, toldoak instalatzea edo, lorategi bat baduzu, zuhaitz hostoerorkorrak landatzea. Informazio gehiago aurkituko duzu behean gehitu ditugun esteketan.

Energia ordu merkeenetan erabiltzea

Energia erabiltzeko ohiturak aldatzea: energiaren prezioa aldatu egiten da ordu batetik bestera. Som Energiaren 2.0TD tarifa duten kontratuetan (etxeko kontratu gehienak), prezioa ordutegi-tarteen (puntako unea, une arrunta eta sakonunea) araberakoa da.

Beraz, garbigailua, ontzi-garbigailua, ur-berogailua edo beste edozein aparatu elektriko puntako uneko (garestiena) orduetan piztu ordez, sakonuneko (merkeena) orduetan abiarazten baduzu, energia aurreztea lortuko duzu. Ordutegi-tarteak beste artikulu honetan aurkituko ditugu, Laguntza Gunean.

Ohar garrantzitsua: Som Energia ez dago “merkatu arautuan”, baizik eta “merkatu librean”. Horrek esan nahi du PVPC tarifa arautuaren prezioek ez digutela eragiten. Hau da, energiaren prezioa ez da egunero, orduero, aldatzen. Hortaz, ez egin jaramonik zenbait aplikazio edo komunikabidek iragartzen dituzten “eguneko ordu merkeenei”.

Kontratazio-baldintzak berrikustea

Kontratatutako potentzia aldatzea. Bideo honetan kontratatutako potentzia zer den azaltzen dugu eta murrizteko irizpideak ematen ditugu:

Informazio gehiago eta potentzia murrizteko modua Laguntza Guneko beste artikulu honetan eta blogeko albiste honetan aurkituko dituzu.

Behar duzun energiaren zati bat ekoiztea

Etxean eguzki-plakak instalatzea

  • Etxe batean bizi bazara, Kooperatibak sustatzen dituen autoprodukziorako erosketa kolektiboetan parte har dezakezu. Horrela, eguzki-plakak instalatzeko ez duzu enpresa bat bilatu beharko. Nolakoak dira Som Energiaren autoprodukziorako erosketa kolektiboak? artikuluan informazio gehiago aurkituko duzu.
  • Pisu-bloke batean bizi bazara, auzo-komunitatetik, eraikinean eguzki-plakak instalatzea bultza dezakezu. Som Energiak Gida praktiko hau prestatu du, horretarako beharko duzun informazioa modu ulergarrian jasotzen duena.

Esteka interesgarriak

Honek erantzun al dizu zure galdera? Eskerrik asko iritziagatik Arazo bat izan da zure iritzia bidaltzean. Saiatu berriro geroago.

Ez al duzu bilatzen ari zarena aurkitzen? Harremanetan jarri Harremanetan jarri