Nola murriztu elektrizitatearen erabilera etengabeak?
[També en: català] | [También en: castellano] | [Tamén en galego] |
Etxetresna elektrikoek eta beste aparatu elektrikoek, sarri, erabiltzen ez ditugunean ere, elektrizitatea kontsumitzen dute.
Aparatuak egonean ( standby moduan) egiten duen elektrizitate-erabilera edo erabilera etengabea aparatua bere eginkizun nagusia betetzen ari ez denean baina elikatze-iturri batera konektatuta eta erabiltzeko prest dagoenean erabiltzen duen elektrizitatea da. Adibidez, telebista batek, urrutiko agintearekin itzali ondoren, energia pixka bat erabiltzen jarraitzen du urrutiko kontrol-funtzioa aktibo mantentzeko, zuk noiznahi telebista urrutiko agintearekin piztu ahal izateko.
Kontuan hartu behar dugu "banpiro energetiko" horiek eragina dutela elektrizitate-fakturetan. Eta ez soilik eragin ekonomiko, gailu horien standby modua mantentzeko erabiltzen den elektrizitateak berotze globala laguntzen duten emisio asko igortzea dakar eta. Baina, nahi izatekotan, emisio horiek erraz saihets ditzakegu.
Orain arte arduratsua izan ez bazara, motibazio pixka batekin eta arreta jarrita erabilera etengabea gutxienez erdira murriztu ahalko duzu.
Nola identifikatu egonean elektrizitatea erabiltzen duten gailuak
Eskuarki martxan egon gabe elektrizitate-erabilera etengabea duten ekipoak honako hauek dira:
- Pantaila digitala dutenak edo urrutiko kontrola etengabe piztuta dutenak: esaterako, telebistak, DVD-irakurgailuak, haizagailu elektrikoak, garbigailuak, mikrouhin-labeak eta soinu-ekipoak. Nahiz eta aparatua urrutiko agintearekin itzali, aparatua egonean gelditzen da hainbat funtzio mantentzeko, hala nola urrutiko kontroleko sistema edo bisualizazio-pantaila.
- Kanpoko elikatze-iturri bat dutenak: telefono mugikorren kargagailuak, ordenagailu eramangarriak, eta abar. Aparatuaren kargagailu nagusia itzalita badago ere, gailuaren kanpoko elikatze-unitatea oraindik elektrizitatea erabiltzen ari da etengabe.
- Bateria kargagarria erantsita eta kargagailua dutenak: haririk gabeko telefonoak, bateria-kargagailuak, eta abar. Ekipo horiek elektrizitatea erabiltzen jarrai dezakete bateria guztiz kargatuta egon arren.
Standby modua duten aparatuak, besteak beste, honako hauek dira: banda zabaleko modemak, wifi bideratzaileak, haririk gabeko telefonoak, ordenagailuak (mahai gainekoak edota eramangarriak), ordenagailu-monitoreak, tabletak, inprimagailuak, telefono mugikorren kargagailuak, segurtasun-bateriak, telebistak, bideo-erreproduzigailuak, bideo-kamerak, bideo-jokoen kontsolak, haizagailu elektrikoak, eskuila elektrikoak, bizar-aitzurrak, eta abar.
Kontuan hartzeko aholku eta neurriak
- Erabili ohi ez diren edo nekez erabiltzen diren gailuak erabili eta berehala deskonektatzea.
- Aldi luzeetarako etxetik irteten zarenean, itzali aparatu elektrikoak eta deskonekta itzazu entxufeetatik.
- Konektatu gailuak etengailua duen konexio-bloke batera, denak aldi berean deskonektatu ahal izateko.
- Ahal dela, doitu ekipo elektronikoen energia-konfigurazioa. Adibidez, ordenagailuak jarduerarik ez duenean egonean jartzea edo, uste baduzu tarte luze batez ez duzula erabiliko, ordenagailua itzaltzea.
- Ekipo elektroniko bat aldatu behar duzunean, ahal izanez gero, erosi ENERGYSTAR etiketa duen ekipo bat. Energia-erabilera minimizatzen du bai modu aktiboan bai modu inaktiboan. Europar Batasunean, EU Ecolabel etiketa interesgarria da ere, nolabaiteko energia-efizientzia bermatzen duelako, baldin eta aparatua energia aurrezteko konfiguratzen edo programatzen bada.
Funtsean, egonean energia-erabilera murrizteko modu eraginkor eta errazena etxetresna elektrikoak eta gailuak erabili ondoren itzaltzea edo deskonektatzea da.
Lotutako artikuluak
Gailu mugikorren energia-efizientziaren gaineko fitxa (IDAE)