Merkatu elektrikoko engainuak eta iruzurrak
[També en: català] | [También en: castellano] | [Tamén en galego] |
Merkatu elektrikoan lehia handia dagoenez, hainbat konpainia handik eta txikik estrategia komertzial erasotzaileak erabiltzen dituzte. Eta estrategia horiek, sarri, etikaren eta legezkotasunaren marra gorria gurutzatzen dute.
Gaur egun, engainu eta iruzur gehienak telefono-deien bidez egiten dira. Lehen ohikoak ziren etxez etxeko bisitak, aldiz, gero eta gutxiago egiten dira.
Azken urteotan, iruzurrezko jardunbide batzuen berri izan dugu. Jarraian gehien errepikatzen direnak azalduko dizkizugu.
Engainu eta iruzur gehienen helburua da, iruzur eginez eta erabiltzailearen baimenik gabe, erabiltzailea enpresa merkaturatzailez aldaraztea. Maiz, datu pertsonalak (kontu-zenbakia, CUPS kodea...) eskuratzen saiatzen dira eta, beste batzuetan, beste galdera batzuei erantzuten dien baiezko bat lortzen saiatzen dira, eta gero baiezko hori merkaturatzailez aldatu ahal izateko erabiltzen dute, erabiltzailearen baimenik gabe.
Orain gehien erabiltzen den engainuetako bat da "gobernuaren deskontuak" eskaintzea, argudiatuta deskontu horiek "haiek bakarrik aplika ditzaketela", edo zure enpresak ezin dizkizula eskaini. Hori gezurra da, Som Energian Gobernuak ezartzen dituen arauzko deskontuak zuzenean eta modu gardenean aplikatzen ditugulako (besteak beste, BEZaren beherapenak).
Zenbaitetan, erabiltzailea nahasten saiatzen dira, adibidez, “merkaturatzaile” eta “banatzaile” kontzeptuak nahastuta. Merkaturatzaileak energia erabiltzaileei saltzen dieten enpresak dira. Som Energia merkaturatzailea da. Bestetik, banatzaileak energia erabiltzaileei energia fisikoki helarazten dieten enpresak dira. Erabiltzaileek ezin dute haien banatzailea aukeratu, legez ezarrita baitago. Deitzen duten enpresa batzuk iruzurra egiten saiatzen dira, eta ziurtatzen dute "banatzailea ez dela aldatuko". Esan bezala, kontratuen banatzailea ez da inoiz aldatuko. Enpresa horiek solaskidea nahasten saiatzen dira eta merkaturatzailea (gure kasuan, Som Energia) aldatuko ez dela sinestarazten.
Batzuetan, deiak oldarkorragoak dira eta ziurtatzen dute zerbitzu edo deskontu osagarri bat eskaintzen dutela eta, horren ondorioz, erabiltzaileek ez dutela Som Energia utziko. Zenbaitetan, iruzurleak bere burua Som Energiako langiletzat aurkezten du ere.
Beste batzuetan aldaketa bat gertatu dela (baldintza hobeak, prezio txikiagoak edo deskontuak tartean) "informatzen" dute, besterik gabe, eta baiezkoa jasotzen badute, merkaturatzaile-aldaketa gauzatzen dute, aldaketa zertan datzan jakinarazi gabe, eta baiezkoa ematean merkaturatzailez aldatzea onartzen duzula eta Som Energia utziko duzula jakinarazi gabe.
Gaur egun, beste hau ere egiten da: modu gardenean gas-merkaturatzailea aldatzeko aukera eskaintzen da eta, erabiltzaileak hori onartzen duenean, elektrizitate-merkaturatzailea ere aldatzen dute, informatu edota baimenik eskatu gabe.
Bestetik, hainbat enpresek datu eske deitzen dute, kontratuko datuak "eguneratzeko" edo "kontsumoaren irakurketa egin ahal izateko". Helburu berbera dute beti: datuak eskuratzea merkaturatzaile-kontratua aldatzeko.
Iruzurrak ekiditeko informazioa, aholkuak eta gomendioak
Iruzurrak eta engainuak saihesteko, zenbait gauza hartu behar ditugu kontuan:
- Gurekin kudeaketa bat (esaterako, potentzia-aldaketa tramitatzea) egiten ari ez bazara, nekez deituko dizugu Som Energiatik.
- Som Energiak ez die kontratuen titularrei deitzen deskontu bereziak edo zerbitzu berriak eskaintzeko. Deskontuak edo zerbitzu berriak daudenean, kontratu guztiei aplikatzen dizkiegu (baldintzak betetzen badituzte), eta posta elektroniko bidez eta gure webgunearen bidez informatzen dugu.
- Enpresa merkaturatzailea eta enpresa banatzailea zertan bereizten diren jakiteak iruzur-ahaleginak hautematen lagunduko dizu.
- Som Energiak Gobernuak ezartzen dituen deskontuak aplikatzen ditu, eta, araudiaren arabera, baldintzak betetzen dituzten kontratu guztiei aplikatzen dizkiegu. Eta, horretarako, ez duzu beste inorekin ezer kontratatu behar, ezta gurekin harremanetan jarri behar ere.
- Gobernuak ezingo luke onartu merkaturatzaile jakin batzuek bakarrik aplika dezaketen deskontu bat, ez badago beste baldintzatzailerik tartean sartuta. Hau da, deitzean esaten badizute "bakarrik haiek aplika dezaketela Gobernuaren deskontua", zuk galdetu dezakezu: "zergatik zuek bakarrik?", zeren horrek lehia desleiala sustatuko luke.
- Gehienetan, Som Energia zurekin posta elektronikoz komunikatuko da. Nola tarifak edo baldintzak aldatu direla jakinarazteko, hala Som Energiako kontratuaren baja eskatu dela ohartarazteko, bide hori erabiliko dugu. Beraz, gomendatzen dizugu gure mezu elektronikoak (gure helbideek betiere @somenergia.coop amaiera dute) berrikustea. Gure mezuak Spam karpetan sartu ez daitezen, gorde helbide hauek gogoko gisa: info@somenergia.coop eta comercialitzacio@somenergia.coop
- Som Energian ez dugu komertzialik ez etxez etxe bisita egiten ibiltzen den langilerik. Eta ez dugu enpresarik azpikontratatu bazkide eta erabiltzaileekin egiten ditugun tramiteak kudeatzeko. Norbait ate joka etortzen bazaizu Som Energiaren partetik datorrela esanez, gezurretan ari da.
- Ez fidatu ate joka etortzen zaizkizun pertsonez, batez ere, aurretik abisatu gabe edo behar bezala identifikatu gabe etortzen badira. Gure etxera etor daitekeen pertsona bakarra enpresa banatzailearen agente bat da (eta soilik kontagailua etxe barruan badugu). Gainera, enpresa banatzaileak kontagailua aztertu ahal izateko, idatziz jakinarazi beharko dizu aurretik; edo zuk egindako erreklamazio edo eskaera bati erantzuteko aztertuko du.
- Ez erakutsi fakturarik eta ez eman datu pertsonalik. Kontagailua matxuratzen bada eta kontagailua etxe barruan badaukazu, enpresa banatzaileko teknikariak ez du beharrik izango fakturak ikusteko edota datu pertsonalak eskuratzeko. Eta kontagailua etxetik kanpo baduzu, ez du beharrik izango ezta ere zurekin harremanetan jartzeko.
- Ez egin ordainketarik aurrez aurre. Enpresa banatzaileak egin beharreko zordunketa guztiak Som Energiaren fakturaren bitartez egiten ditu.
Zalantzan bazaude edo susmoa baduzu, informazioa eman edo tramitea onartu baino lehen, gomendatzen dizugu Som Energiarekin harremanetan jartzea, telefonoz edo posta elektronikoz.
Zer egin konpainia iruzur eginez aldatzen badigute?
Som Energian, kontratuaren baja emateko eskaera bat jasotzen dugun aldiro, kontratuaren titularrari baja egiaztatzeko mezu bat bidaltzen diogu. Titularrak ez bazuen merkaturatzaile-aldaketa egin nahi eta aldaketa bere borondatearen kontra (engainu, iruzur edo akats baten ondorioz) egin bada, titularrak 14 egun naturaleko epea izango du merkaturatzaile berriari lehengo merkaturatzailearekin itzuli nahi duela jakinarazteko, eta ezingo zaio ezein zigorrik ezarri, uko egiteko eskubidea duelako. Hori gertatu bazaizu, kudeaketa zuzenean egin dezakezu. Zalantzarik baduzu, galdetu eta esango dizugu zer egin Som Energiara itzultzeko.
Uko egiteko eskubidea baliatzeko epea amaitu bada ere, beti izango duzu aukera merkaturatzailez aldatzeko eta Som Energiara etortzeko (kontratatzeko formularioaren bidez).
Zure merkaturatzaile-kontratua behin baino gehiagotan aldatu bada zuk baimena eman gabe, agian beste norbaiten akatsa izan da. Gomendatzen dizugu ikertzea nor ari den, akats baten ondorioz, zure CUPS kodea lagatzen eta gertatutakoa ohartaraztea. Bestela, oso litekeena da berriz ere gertatzea.
Bestetik, engainu edo iruzur egin badizute, salaketa aurkez dezakezu hurbilen duzun Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoan (KIUBan). Horrela, denon artean hainbat enpresek sarri erabiltzen dituzten jardunbide desegokiak desagerrarazten saiatuko gara. Merkatu eta Lehiakortasun Batzorde Nazionalak (MLBN), bere blogean, erreklamatzeko eta salatzeko hainbat modu azaltzen ditu.
Izan ere, MLBNk elektrizitate-enpresa batzuk zigortu ditu erabiltzailearen baimen esplizitua jaso gabe konpainia-aldaketak egiteagatik.