Bonu soziala
[També en: català] | [También en: castellano] | [Tamén en galego] |
Artikulu honetan bonu sozialaren inguruko puntu hauek azaltzen ditugu:
- Zer da bonu soziala?
- Zeintzuk dira erreferentziako merkaturatzaileak?
- Nola eska dezaket?
- Som Energiak bonu soziala aplika dezake?
Zer da bonu soziala?
Bonu soziala Gobernuak sortutako laguntza bat da eta elektrizitate-fakturan deskontu bat egitean datza. Zaurgarritzat jotzen diren kolektibo jakin batzuei zuzenduta dago. Kolektibo horiek kategoria ezberdinetan sailkatzen dira, legez ezarritako bizikidetza-unitateen errenta-atalasearen arabera eta baldintza berezi zehatz batzuen arabera.
Hauek dira bonu soziala eskuratzeko eskubidea duten kontsumitzaile-kategoriak:
- Kontsumitzaile zaurgarriak
- Kontsumitzaile oso zaurgarriak
- Gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden kontsumitzaile oso zaurgarriak
Eskuarki, laguntza honekin, elektrizitate-fakturako potentzia-terminoan eta energia-terminoan, % 35eko deskontua egiten zaie kontsumitzaile zaurgarriei eta % 50ko deskontua kontsumitzaile oso zaurgarriei. Deskontua % 100erainokoa izan daiteke gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden kontsumitzaile oso zaurgarrientzat.
Bonu soziala eskuratu ahal izateko, alde batetik, xedatutako betekizunak bete behar ditugu, elektrizitate-kontratua erreferentziako (merkatu arautuko) merkaturatzaile batekin izan behar dugu eta gure bizitzak ohikoa izan behar du. Som Energia ez dago merkatu arautuan, horregatik ezin dugu eskaini bonu soziala. Artikulu honen amaieran xehetasun gehiago aurkituko dituzu.
Zeintzuk dira erreferentziako merkaturatzaileak?
Esteka honetan erreferentziako merkaturatzaileen zerrenda aurkituko duzu. Esan bezala, bonu soziala aipatutako zerrendako merkaturatzaile baten bidez kontratatu behar da, etxebizitza non dagoen kontuan hartu gabe.
Bestetik, gogoan izan, bonu soziala eskuratzeko, PVPC tarifa (kontsumitzaile txikientzako borondatezko prezioa) kontratatu behar duzula. Beste tarifa bat baduzu, bonu soziala eskatzeko aurkezten dituzun dokumentuen artean tarifa- eta merkaturatzaile-aldaketa egiteko baimen bat sartu beharko duzu.
Nola eska dezaket?
Bonu soziala eskatzeko formularioak eta, laguntza eskatzeko arrazoiaren arabera, aurkeztu beharreko dokumentazioa erreferentziako merkaturatzaileen webguneetan kontsulta ditzakezu.
Industria, Energia eta Turismo Ministerioaren bonu soziala webgunean informazio gehiago aurkituko duzu.
Som Energian bonu soziala aplika dezakegu?
Zoritxarrez, Som Energiak ezin du aplikatuGobernuak ezarritakobonu soziala, merkatu libreko merkaturatzaileak garelako eta ez merkatu elektriko arautuko merkaturatzaileak; eta merkatu elektriko arautuko merkaturatzaileek bakarrik eskain dezakete laguntza hori.
Halere, beste merkaturatzaile guztiak bezala, bonu soziala finantzatzeko ekarpenak egitera behartuta gaude; beraz, gure fakturetan kontzeptu hori agertzen da. TED/81/2023 aginduak xedatzen du, 2023rako, bonu sozialera 14,04 euro inguruko ekarpena egin behar dela elektrizitate-kontratu bakoitzeko.
Bonu soziala merkatu arautuko enpresek bakarrik aplika dezaketenez, argia zeinekin kontratatu nahi dugun aukeratzeko askatasun mugatua dugu. Merkatu libreko merkaturatzaile batekin kontratatzen duten lagunek eskubidez dagokien laguntza bat jasotzeko aukera galtzen dute.
Kooperatibak uste du erregulazio hori aldatu beharko litzatekeela. Bestetik, ez dugu baztertzen egunen batean erreferentziako merkaturatzaile izateko aukera, hori gure helburuak lortzeko baliagarria balitz. Bere garaian baloratu beharko dugu, oraindik ez baititugu betetzen merkatu arautuan operatzeko eskatzen diren betekizunak.
Nolanahi ere, gogoan izan behar dugu, laguntza ekonomikoez gain, kontratazio-baldintzak berrikustea eta energia modu efizienteagoan erabiltzea fakturaren kostua modu jarraituan murrizteko eta ingurumen-inpaktua murrizteko estrategia baliagarriak direla ere.