Eragileak, erantzukizunak eta eskumenak energia-kontratuetan

[També en: català] [También en: castellano] [Tamén en galego]

Merkatu elektrikoan, erantzukizun ezberdinak dituzten hainbat eragilek esku hartzen dute. Artikulu honen helburua da merkatu elektrikoaren egitura argitzea, eragile bakoitzaren eskumenak, erantzukizunak eta betebeharrak ulertarazteko. 

Som Energia merkaturatzaile gisa

Som Energia oligopolioaren aurrean alternatiba bat eraikitzeko eta egungo energia-eredua eraldatzeko sortu zen. Merkaturatzaile gisa, zubi-lanak egiten ditugu elektrizitatea banatzen duten enpresen eta gurekin kontratu bat duten pertsona fisiko edo juridikoen artean; legez, mandatu-kontratu esaten zaio horri. Kontuan hartu, merkaturatzaile batekin elektrizitate-kontratu bat egiten dugunean, banatzailearekin ere kontratu bat egiten dugula; hau da, kontratu bakoitzak eskubide eta betebeharrak dakartza bi alderdientzat. Banatzailearekin egiten den kontratuari sarerako sarbide-kontratua esaten zaio.

Energia-horniduraren katea osatzen dugun operadore guztiek bete behar dugu merkatu elektrikoa arautzen duen araudia. Bestetik, gure merkaturatzailea merkatu librean dago, eta Kooperatibarekin askatasunez kontratatzen duten pertsona fisiko edo juridiko guztiek hornidura kontratatzeko eskaintzen dituenbaldintza orokorrak onartzen dituzte. Beraz, baldintza orokor hauek onartzean, elektrizitate-hornidura Som Energiarekin kontratatzen duten pertsonek Som Energia mandatari gisa izendatzen dute pertsona fisiko edo juridikoa konektatzen den banaketa-sarearen titularra den enpresaren aurrean. Horregatik, Som Energiak kontratatutako zerbitzuak eskaintzeko beharrezkoak diren gestioak egin behar ditu, eta baita kontratutik eratorritako aldaketak eta erreklamazioak ere. Aldi berean, kanpoko zenbait eragilek erabiltzaileen eskubideak defendatzeko esku hartu dezakete.                                                                            

Banatzailearen eskumenak

Enpresa banatzailea bere jarduketa-eremuko banaketa-sare elektrikoaren jabea da. Ezin dugu enpresa banatzailea aukeratu. Enpresa banatzaileei buruzko informazio gehiago eskuragarri dago artikulu honetan, eta hemen lege-erreferentzia.

Hauek dira enpresa banatzaileari esleitutako eskumenak:

Fakturazioa eta kobrantzak

  • Merkaturatzaileari irakurketak bidaltzea. Ahal den neurrian, irakurketa errealak izango dira eta, gehienez, bi hilez behin bidaliko dira.
  • Kontagailuko informazioa eskuragarri ez badago edo kontagailua ondo ez badabil, gutxi gorabeherako irakurketak igortzea. Banatzaileak gutxi gorabeherako irakurketak igortzen baditu, gutxienez, irakurketa erreal bat igorri behar du, kontsumoa fakturatzen duenetik zenbatzen hasita, hamabi hilabete igaro baino lehen.
  • Anomalia- edo iruzur-espediente bat igortzen bada, ondoriozko kargu osagarriak kalkulatzea, eta espedientearen xehetasunak kontratugileari jakinaraztea.

Kontratazioa eta kontratu-aldaketak

  • Hornidura-altak eta -bajak, potentzia- edo tentsio-aldaketak, titular- eta merkaturatzaile-aldaketak burutzea, legez ezarritako epeen barruan eta titularrak merkaturatzailearekin adostutakoaren arabera.
  • Autokontsumoaren aktibazioa, aldaketa edo baja burutzea, araudiak xedatutakoa betez.

Neurketa-ekipoak eta instalazioak

  • Kontagailuak instalatzea, alokairu-erregimenean —gehien-gehienak alokatuak dira— eta mantentzea.
  • Sarea mantentzea, eta sarean gertatzen diren intzidentziak eta matxurak konpontzea.
  • Hornidura-puntuaren titularrak kontagailua egiaztatzea eta mantentzea eskatzen duenean erantzutea, edota alokatutako kontagailuetan gertatzen diren matxurak konpontzea.

Erreklamazioak

  • Merkaturatzaileak, erabiltzailearen ordezkari gisa, aurkezten dituen erreklamazioei modu argian eta legez ezarritako epeen barruan erantzutea.

Enpresa merkaturatzailearen (Som Energia) eskumenak

Enpresa merkaturatzailea, kasu honetan Som Energia, energia handizkako merkatu elektrikoan erosteaz eta azken kontsumitzaileei saltzeaz arduratzen da. Enpresa merkaturatzaileari buruzko informazio gehiago aurkituko duzu hemen.

Hauek dira enpresa merkaturatzailearen eskumenak:

Fakturazioa eta kobrantzak

  • Hornidura-kontratuan adostutako baldintzen arabera fakturatzea. Merkaturatzailea ezin denez kontagailuetan sartu, fakturatzeko oinarria enpresa banatzaileak, aplikatzekoa den araudia betez, egindako kontsumo- eta soberakin-irakurketak —errealak edo gutxi gorabeherakoak— dira.
  • Elektrizitatea banatzen duen enpresak espedienteei dagokienez eskaintzen dituen datuen arabera fakturatzea.
  • Enpresa banatzaileak emandako informazioa zuzentzen badu, datu berriekin faktura berriak egitea. Kontuan hartu fakturazio-epea enpresa banatzaileak ezartzen duela, fakturaren epemuga, berriz, enpresa merkaturatzaileak.
  • Kontratuaren titularra edo enpresa merkaturatzailea ez badaude ados igorritako fakturazioarekin, enpresa banatzaileari erreklamatzea eta titularrari kanpoko erakundeen aurrean erreklamatzeko eskuragarri dituen bideak jakinaraztea.
  • Ez ordaintzeen eta horien ondorioz gertatu litezkeen argi-eteteen berri ematea legezko epeen barruan.

Kontratazioa eta kontratu-aldaketak

  • Hornidura-kontratuak formalizatzea aplikatzekoa den indarreko araudiarekin bat etorriz.
  • Titularrak kontratatuta duen tarifa aplikatzea.
  • Hornidura-altak eta -bajak eskatzea; autokontsumoaren aktibazioa, aldaketa edo baja eskatzea; potentzia- edota tentsio-aldaketak eta titular- edota merkaturatzaile-aldaketak dagokion banatzailearen aurrean eskatzea.

Neurketa-ekipoak eta instalazioak

  • Enpresa banatzaileari erreklamatzea sarearekin edo alokatutako kontagailuarekin gertatutako intzidentzien ondorioz. Gogoratu merkaturatzailea ezin dela kontagailuetan sartu eta ezin duela sare elektrikoaren egoerari buruzko informazioa atzitu. Denen eskura dagoen informazio publikoa bakarrik ikusten du.

Informazioa eta erreklamazioak

  • Ados ez badago, kontratuaren titularrak erreklamatzeko dituen eskubideak eta bideak jakinaraztea, bai enpresa banatzailearen aurrean bai erakunde eskudunaren aurrean.
  • Kontratugileari informazioa ematea kontratazioari, fakturazioari eta sistema elektrikoaren araudiaren inguruko eskubide eta betebeharrei lotutako zalantzak argitzeko.
  • Enpresa banatzailearen ardurapeko tramiteetan intzidentzia edo atzerapenak gertatuz gero, erreklamatzea.

Kontratuaren titularraren eskubideak eta betebeharrak

Kontratazioa eta kontratu-aldaketak

  • Kontratatutako baldintzetan egiten diren aldaketen berri jasotzeko eskubidea du. Kontratua baliogabetu nahi badu, kosturik gabe baliogabetzeko eskubidea izango du.
  • Prezioen aldaketa dakarren kontratu-aldaketa bat egiten bada, hilabete bat lehenago, jakinarazteko eskubidea du.
  • Kontratuaren titularrak energia erabiliko duen pertsona fisiko edo juridikoarekin bat etorri behar du eta hornidura-puntuaren gaineko baliozko titulu bat (errentamendu-kontratua, jabetza-eskritura, eta abar) izan behar du.
  • Kontratua formalizatzeko datu zuzenak eman eta komunikazioak bidaltzeko eguneratuta mantendu behar ditu.
  • Potentzia aukeratzeko eskubidea du.
  • Bere gain hartzen du, kontsumitzaileari egozgarriak zaizkion jarraibide okerren edo ez-betetzeen ondorioz, merkaturatzaileak egindako gestioen erantzukizuna, nahi ez diren ondorioak barne hartuta, hala nola gehiegizko potentzia-aldaketa edo horniduraren baja.
  • Oro har, merkaturatzailea mandatari gisa aritzen bada eta gestioak kontsumitzailearen izenean egiten baditu, gestio desegoki edo zabar batetik eratorritako ondorioen erantzule izango da, ondorioak kontsumitzaileari egozgarriak zaizkion jarraibide edo ez-betetzeetatik etorri ezean.
  • Indarreko araudiaren arabera, autokontsumo-instalazioa legalizatzea eta instalazioan egiten diren aldaketak autonomia-erkidegoan erregistratzea.

Fakturazioa eta kobrantzak

  • Ordaintzeko modua aukeratzea, eta hornidura elektrikoa eta eskatutako gestioak direla-eta sortutako gastuak ezarritako baldintzen arabera ordaintzea.
  • Enpresa banatzaileak Som Energiari emandako datuak zuzenak direla egiaztatzea.

Neurketa-ekipoak eta instalazioak

  • Hornidura-puntuaren titularrak, enpresa banatzailearekin batera, alokatutako kontagailua zaintzeko eta mantentzeko ardura du. Horrek esan nahi du, antzematen dituen intzidentziak enpresa banatzaileari jakinarazi behar dizkiola.
  • Kontagailua kutxa baten barruan badago, titularrari dagokio kutxa egoera onean mantentzea.
  • Titularrak bermatu behar du instalazioek eta gailuek (autokontsumokoak barne) indarreko araudiak ezartzen dituen baldintza teknikoak eta segurtasun-baldintzak betetzen dituztela, neurketa-ekipoa ondo erabiltzea eta ez manipulatzea (adibidez, kontagailuari zigilua ez kentzea) barne hartuta.
  • Enpresa banatzaileko langile baimenduei lokalean edo etxebizitzan sartzen uztea, mantentze-lanak, egiaztapenak, konponketak edo irakurketak egin ahal izateko.

Informazioa eta erreklamazioak

  • Titularraren ardura da merkaturatzaileak bidaltzen dizkion komunikazioak irakurtzea.
  • Titularrak, sare elektrikoan etete edo intzidentziaren bat gertatuz gero, enpresa banatzailearekin doako laguntza-telefono baten bitartez harremanetan jartzeko eskubidea du.
  • Titularrak erreklamazioak aurkezteko mekanismoak eskuragarri izateko eskubidea du. 
  • Som Energiak edo enpresa banatzaileak egindako gestioekin ados ez badago, titularrak erakunde eskudunaren aurrea erreklamazioak aurkezteko eskubidea baliatu dezake.

MLBN eta kanpoko beste erakunde batzuen eskumenak

Merkaturatzaileak eskaintzen dituen erreklamazio-mekanismoek emaitza asegarririk ematen ez dutenean, Merkatu eta Lehiakortasun Batzorde Nazionalak (MLBN) eta energia-alorrean eskumena duen autonomia-erkidegoko sailak dute esku hartzeko eskumena. Erreklamazio bat administrazio-bidetik ebazten denean loteslea da eta, ondorioz, derrigorrean aplikatu behar da.

MLBN merkatu elektrikoaren funtzionamendua eta eskumenak berrikusteaz eta merkatuaren metodologiak eta funtzionamendu-arauak onartzeaz arduratzen da. Gatazkak eta ikuskapenak kudeatzen ditu, eta beren betebeharrak betetzen ez dituzten merkatu elektrikoko eragileei zigorrak ezartzeko ahalmena du.

Kontsumitzaileen defentsa- eta energia-alorrean eskumena duen autonomia-erkidegoko sailari dagokio zerbitzuaren kalitateari, segurtasun industrialari, energia-kontagailuei eta sarbide-bidesariei lotutako erreklamazioak ebaztea. Sarerako sarbide-kontratuari lotutako erreklamazio guztiak, halaber, autonomia-erkidegoak izendatutako sailaren eskumenekoak dira.

Era berean, hornidura-puntuaren titularrak, kontratazioari, fakturazioari, kobrantzari edo jasotako arretari lotutako erreklamazioak aurkezteko, arbitraje-sistema batera jo dezake: autonomia-erkidego eskuduneko Kontsumoko Arbitraje Batzordera,  Kontsumoko Arbitraje Batzorde Nazionalera edo kontsumitzaileen elkarte batera.

Honek erantzun al dizu zure galdera? Eskerrik asko iritziagatik Arazo bat izan da zure iritzia bidaltzean. Saiatu berriro geroago.