Etxeko autoprodukzio berriztagarriko modalitate ezberdinak (100 kW edo gutxiago)
[També en: català] | [También en: castellano] | [Tamén en galego] |
244/2019 Errege Dekretuak jatorri berriztagarriko energia sortzeko instalazioak dituzten sare elektrikoko erabiltzaileek aukeratu ditzaketen autoprodukzio (autokontsumo) modalitate berriak ezartzen ditu.
Artikulu honetan etxeko instalazioetan, hots, 100 kW-ko edo hortik beherako potentzia duten instalazioetan jarriko dugu arreta.
Autoprodukzio-modalitatea aukeratu ondoren, esteka honetan azaltzen diren pausoak eman behar dituzu.
Autoprodukzio-modalitate ezberdinen laburpen-taula
Glosarioa
Banakako autoprodukzioa: ekoiztutako energia erabiltzen duen hornidura-puntu bakarreko sorkuntza-instalazioa.
Soberakinik gabe: ez da soberakinik isurtzen banaketa-sarera.
Autoprodukzio kolektiboa: ekoiztutako energia erabiltzen duten hornidura-puntu anitzeko sorkuntza-instalazioa.
Konpentsazio sinplifikatua: sarera isuritako energiaren balio ekonomikoaren itzulkina, zuzenean ohiko elektrizitate-fakturan jasotzen dena.
Konpentsazioa soberakinik gabe: barne-sareko autoprodukzio kolektiboa. Konpentsazioa sorkuntza-instalazio bati lotutako erabiltzaileen artean gauzatzen da.
Barne-sarea: sorkuntza-instalazioaren eta kontsumo-instalazioaren arteko konexioa ez da behe-tentsioko sare elektrikotik igarotzen, baizik eta eraikinaren barrutik.
Behe-tentsioko sarearen bidezko autoprodukzioa: sorkuntza-instalazioaren eta kontsumo-instalazioaren arteko konexioa behe-tentsioko sare elektrikotik igarotzen da.
Autoprodukzio-modalitate desberdinak
1. Banakako autoprodukzioa
Banakako autoprodukzioan sorkuntza-instalazio bat eta energia kontsumitzeko edo erabiltzeko puntu bakar bat daude. Modalitate honetan bi subjektu daude: ekoizlea eta kontsumitzailea (pertsona fisiko edo juridiko berdinak edo desberdinak izan daitezke).
1.1. Banakako autoprodukzioa soberakinik gabe
Injekzioa eragozteko gailu bat instalatu behar da kontagailuaren bidez autosortutako elektroiak sare elektrikora igaro ez daitezen. Mota honetako instalazioen legalizazio-prozesua errazena bada ere, aukera hau ez da oso gomendagarria, soberakin guztia galtzen delako.
1.2. Banakako autoprodukzioa soberakinekin eta konpentsazio sinplifikatuarekin
Istantean erabiltzen ez den energia sarean injektatzen da eta kontagailu adimendunak kontabilizatzen du. Injektatutako kWh-en balio ekonomikoa elektrizitate-fakturako energia-terminotik deskontatzen da, artikulu honetan azaltzen den moduan: Autoprodukzioko soberakinen konpentsazio sinplifikatua.
Merkaturatzaile bakoitzak balio ekonomiko bat ematen die kWh horiei. Som Energiak soberakin horiei ematen dien balio ekonomikoa kontsultagai dago webguneko tarifen atalean, eta prezioaren azalpena esteka honetan aurkituko duzu.
1.3. Banakako autoprodukzioa soberakinekin baina konpentsaziorik gabe; soberakinen salmenta
Konpentsazioa jaso nahi ez duten edo konpentsazioa jasotzeko betekizunak betetzen ez dituzten hornidura-puntuentzako aukera. Soberazko energia merkatuan saltzen da merkatu-ordezkari baten bitartez.
Aukera honekin tramite burokratiko asko egin behar direnez, soberakin handia duten instalazioentzat bakarrik da gomendagarria.
2. Autoprodukzio kolektiboa
Autoprodukzio kolektiboan sare elektrikoko erabiltzaile-talde batek kontsumo-instalazioetatik hurbil dauden ekoizpen-instalazio batek edo batzuek sortutako energia modu adostuan erabiltzen du. Instalazioek, gutxienez, irizpide hauetako bat bete behar dute:
- Kontsumo-puntuak ekoizpen-instalaziotik, gehienez, 2.000 metrora egotea. Fotovoltaikoak ez diren edo estalki gainean ez dauden autoprodukzio-instalazioen kasuan, gehieneko distantzia 500 metrokoa da.
- Behe-tentsioko transformadorea partekatzea.
- Katastroko erreferentzia bera izatea.
Autoprodukzio kolektiboa legalizatzeko eta abiarazteko prozesuan, sortutako energia banatzeko akordioa ere ezarri behar da.
Autoprodukzio-modalitate honetan, autoprodukzio-instalazioak sortzen duen energia erregistratzen duen kontagailu espezifiko bat behar da. Ohiko kontagailuek etxebizitza bakoitzean kontsumitutako energia neurtzen dute, hau da, saretik datorrenaren eta autoprodukzio-instalaziotik datorrenaren batura.
2.1. Barne-sareko autoprodukzio kolektiboa
Barne-sareko autoprodukzio kolektiboa, banaketa-saretik igaro gabe, etxebizitza-bloke batean egin ohi da. Autoprodukzio-modalitate hau soberakinekin edo soberakinik gabe, eta konpentsazioarekin edo konpentsaziorik gabe izan daiteke.Modalitate honi buruzko informazio gehiago aurkituko duzu Som Energian prestatu dugun gida honetan: Guía práctica para la autoproducción colectiva en bloques de pisos.
Kasu hauetan, sorkuntza-instalazioan sortutako energia guztia neurtzen duen kontagailu bat jarri behar da. Etxebizitza bakoitzaren ohiko kontagailuak orduz ordu iristen den energia neurtzen du, eta autokontsumo zuzeneko energia eta saretik datorren energia bereizten ditu.
2.1.1. Barne-sareko autoprodukzio kolektiboa, soberakinik gabe baina konpentsazioarekin
Modalitate honen bereizgarria da energia sarera isurtzea ekiditen duen sistema bat duela.
2.1.2. Barne-sareko autoprodukzio kolektiboa, soberakinekin eta konpentsazioarekin
Autokontsumitutako energia eta konpentsazioa erabiltzaile bakoitzari orduero sortutako energiaren hileko esleipenaren, alegia, banaketa-akordioan adostutako eta ezarritako ehunekoen, araberakoak dira. Sortutako energia guztia erabiltzen ez den orduetan, soberakinak sortzen dira eta soberakin horiek ohiko konpentsazio-sistemaren bidez eta goian aipatutako ehunekoen esleipenaren arabera konpentsatzen dira.
2.1.3. Barne-sareko autoprodukzio kolektiboa, soberakinekin eta energiaren salmentarekin
Autokontsumitutako energia erabiltzaile bakoitzari orduero sortutako energiaren hileko esleipenaren, alegia, banaketa-akordioan adostutako eta ezarritako ehunekoen, araberakoa da. Sortutako energia guztia erabiltzen ez den orduetan, soberakinak sortzen dira eta soberakin horiek sarera isurtzen dira, merkatu-ordezkari baten bitartez, merkatu elektrikoan saltzeko.
2.2. Autoprodukzio kolektiboa behe-tentsioko sarearen bidez
Eskuarki, behe-tentsioko sarearen bidezko autoprodukzio kolektiboa sorkuntza-instalazio batetik edo batzuetatik hurbil dauden hornidura elektrikoko puntuen (etxebizitzak, dendak, industria txikia...) artean egiten da. Sare bidezko autoprodukzio kolektiboan, sorkuntza-puntuen eta kontsumo-puntuen artean, gutxienez, 2. atalaren hasieran zehaztutako irizpideetako bat bete behar da.
Autoprodukzio-modalitate hau beti soberakinekin, eta konpentsazioarekin edo konpentsaziorik gabe izan daiteke. Informazio gehiago aurkituko duzu artikulu honetan: Autoprodukzio kolektiboa behe-tentsioko sarearen bidez.
2.2.1. Autoprodukzio kolektiboa behe-tentsioko sarearen bidez, soberakinekin eta konpentsazioarekin
Modalitate honetan behe-tentsioko sarearen bidez sorkuntza-instalazio bati edo batzuei lotutako hainbat erabiltzaile daude. Hornidura-puntu bakoitzaren ohiko kontagailuak orduz ordu iristen den edo sarera bidaltzen den energia neurtzen du.
Konpentsazioa erabiltzaile bakoitzari orduero sortutako energiaren hileko esleipenaren, alegia, banaketa-akordioan adostutako eta ezarritako ehunekoen, araberakoa da. Sortutako energia guztia erabiltzen ez den orduetan, soberakinak sortzen dira eta soberakin horiek ohiko konpentsazio-sistemaren bidez eta goian aipatutako ehunekoen esleipenaren arabera konpentsatzen dira.
2.2.2. Autoprodukzio kolektiboa behe-tentsioko sarearen bidez, soberakinekin eta energiaren salmentarekin
Modalitate honetan behe-tentsioko sarearen bidez sorkuntza-instalazio bati edo batzuei lotutako hainbat erabiltzaile daude.
Konpentsazioa erabiltzaile bakoitzari orduero sortutako energiaren hileko esleipenaren, alegia, banaketa-akordioan adostutako eta ezarritako ehunekoen, araberakoa da. Sortutako energia guztia erabiltzen ez den orduetan, soberakinak sortzen dira eta soberakin horiek sarera isurtzen dira, merkatu-ordezkari den enpresa beten bitartez, merkatu elektrikoan saltzeko.
Hemen azaltzen dugun bezala, Som Energiak merkatu-ordezkaritza zerbitzua ematen du.