Autoprodukzioa: saretik deskonektatu gaitezke?
[També en: català] | [También en: castellano] | [Tamén en galego] |
Deskonektatzeko aukera
Ikuspegi teknikotik, badago saretik deskonektatzeko aukera. Aukera hori baliatu ohi da urruti edo isolatuta dauden hornidura-puntuetan, elektrizitatea banatzeko sarea ez baita hara iristen. Izan ere, arauz, instalazio horiei instalazio isolatu deitzen zaie.
Instalazioa saretik deskonektatuta dagoenean ia nahitaezkoa da energia elektrikoa biltzeko bateriak izatea, energia sortu ezin denean baterietako energia erabili ahal izateko. Oro har, kontuan hartu behar dugu saretik deskonektatuta dagoen sistema baten konfigurazioa eta sarera konektatuta dauden sistemen konfigurazioa desberdina dela.
Beraz, ez dago saretik “deskonektatzea” debekatzen duen legerik, baina, mota horretako instalazioek, beste instalazio elektriko guztiek bezala, araudia bete behar dute segurtasun industrialari dagokionez.
Sarean interkonektatzeko interesa
Guztiz ulergarria da sare elektrikotik deskonektatzeko gogoa, baina azpimarratu beharra dago autoprodukzio-instalazioen helburua ez dela sare elektrikotik deskonektatzea, baizik eta erabiltzen dugun elektrizitatearen zati bat zuzenean autoproduzitzea eta soberakinak sarera isurtzea, autoprodukzio-puntutik gertu dauden beste pertsona edo erakunde batzuek erabil ditzaten.
Gehienetan oligopolioko enpresa handien esku dagoen arren, sare elektrikoa hornidura-puntuen artean energia partekatzeko azpiegitura erabilgarri eta efiziente bat da. Modu isolatuan funtzionatzen duten puntu ugariz osatutako sistema elektriko bat ez da efizientea, sortutako energia ezin delako puntu batetik bestera transferitu eta, ondorioz, hornidura elektrikoa une oro bermatzeko, puntu guztietan sorkuntza- eta bilketa-gaitasuna gaindimentsionatzera behartzen gaituelako.
Hortaz, ez da komeni isolatzea aldarrikapen bat egin nahi dugulako, baizik eta, modu kolektiboan, banaketa-sareen funtzionamendu egokia eta banaketa-sareak herritarren esku eta zerbitzura jartzea aldarrikatzea.