Zer da Flux Solar?

[També en: català] [También en: castellano] [Tamén en galego]

Las condiciones del Flux Solar están reguladas en las Condiciones Generales de nuestro contrato de suministro.

Flux Solar Som Energiak soberakinen konpentsazio sinplifikatuko modalitateko autoprodukzio-kontratu guztiei (banakakoak zein kolektiboak) eskaintzen dien tresna berri bat da.

Tresna honekin, merkaturatzailearen ekimenez, kontratuek deskontuak lortu ditzakete elektrizitate-fakturetan, 244/2019 Errege Dekretuak ezartzen duen soberakinen konpentsazio sinplifikatuko mekanismoaren bidez konpentsatu ez diren soberakinei esker.

Artikulu honetan tresnaren alderdi hauek azalduko ditugu:

Konpentsazio sinplifikatuaren mugak

Indarreko araudiak ezartzen du soberakinen konpentsazio sinplifikatuko mekanismoa.

Mekanismo honekin, gehienez, fakturako erabilitako elektrizitatearen terminoaren kostua konpentsatu daiteke; hortaz, beti egongo dira ordaindu beharreko beste kontzeptu batzuk, hala nola kontratatutako potentzia edo kontagailuaren alokairua. Eguzki-energia gehien ekoizten den hilabeteetan, beharbada ez zaizu itzuliko zure instalazio fotovoltaikoak ekoiztu duen soberazko energiaren balio ekonomiko osoa. Konpentsazio sinplifikatua bakarrik aplikatzen bada, energia merkaturatzaileari lagatzen zaio eta, ondorioz, merkaturatzaileak ez du energia handizkako merkatuan erosi behar.

Fakturetan konpentsatu gabeko soberakinak badituzu, haien balioa “Ajuste límite de compensación por autoconsumo” izeneko lerroan aurkituko duzu. Aztertu zure fakturak jakiteko ekoiztu dituzun soberakinetatik zenbat dauden konpentsatu gabe. 

Fakturan, autoprodukzio-soberakin guztien balioa agertzen da. Esan bezala, energia-terminoan, soberakinak hutsera arte konpentsatu daitezke, baina ez da inoiz agertuko itzuli beharreko zenbateko bat. Horregatik, soberakinen balioa konpentsatu daitekeen balioa baino handiagoa denean, balio positiboko lerro bat (“Ajuste límite compensación por autoconsumo”) gehitzen da hori doitzeko. Eta Flux Solar tresna baliatuta, balio hori Sol-etan transformatzen da.

Nola funtzionatzen du Flux Solar tresnak?

Flux Solar tresnak konpentsatu gabeko autoprodukzio-soberakinengatik fakturetan deskontu bat lortzeko aukera ematen du. Autoprodukzio-kontratuen fakturetan, konpentsatu gabeko soberakinak Sol-etan transformatzen dira. Hala:

Konpentsatu gabeko soberakinen 1  € = 0,8 Sol

Soberakinen % 80 transformatzen da sol-etan, gainerako % 20a Flux Solar tresnaren kudeaketarako eta energia-eraldaketako proiektuetarako gordetzen baita.

Sol-ak automatikoki sortuko dira konpentsatu gabeko soberakinak dituen faktura igortzen den egunaren biharamunean. Une horretan, erabilgarri dituzun Sol-ak ikusi ahalko dituzu Bulego Birtualean. Hurrengo fakturatik aurrera, erabilgarri dauden Sol-en deskontua aplikatu ahalko da termino guztietan.

1 Sol = 1 €-ko deskontua fakturaren zerga-oinarriaren gainean

Soberakinen konpentsazio sinplifikatuan ez bezala, Flux Solar sistemako deskontuak, erabilitako elektrizitatearena ez diren fakturako beste terminoei ere eragiten die: potentzian, bonu sozialean, kontagailuaren alokairuan eta elektrizitatearen gaineko zergan ere aplikatzen da. Horregatik, gerta liteke 0 euroko faktura jasotzea.

Ez da aplikatzen, ordea, ohikoak ez diren beste kontzeptu batzuetan, ezta borondatezko dohainean ere. Dohaina denez, ez du zentzurik deskonturik eskaintzeak.

Deskontuak zergak ezarri aurretik aplikatzen dira. Irudi honetan ikusiko duzu Flux Solar deskontua fakturan nola agertzen den:

Flux Solar deskontuak ezin duenez faktura negatiborik sortu, fakturaren emaitza zero bada eta Sol erabilgarriak gelditzen badira, Sol-ak Bulego Birtualean ikusi eta ondorengo fakturetan erabili ahalko dituzu, iraungi arte. Sol-ek 5 urteko iraupena dute haien igorpena jasotzen duen faktura-datatik zenbatzen hasita. Kontratuak Som Energian baja eskatzen badu edo kontratuaren titularra aldatzen bada, ordura arte metatutako Sol-ak galduko dira.

Sol-ak sorrarazi dituen kontratuaren fakturetan bakarrik erabili ahalko dira. Beste fase batean, deskontua titular berbera duten beste kontratuei aplikatzeko aukera aztertuko dugu.

Nola jakin dezaket zenbat Sol ditudan?

Bulego Birtualean kontsultatu dezakezu zenbat Sol dituzun erabilgarri. Gogoan izan fakturak igortzen diren dataren biharamunean eguneratzen direla. 

Informazioa hemen aurkituko duzu:

Kontratuak → Autokontsumoa → Flux Solar. 

Hemen klik egitean titular gisa dituzun hornidura-puntu aktibo guztiak eta bakoitzak zenbat Sol erabilgarri dituen ikusi ahalko duzu. 

“Kudeatu” aukera sakatzean, kontratu bakoitzak erabilgarri dituen Sol-ak ikusiko dituzu.

Merezi du instalazioa gaindimentsionatzea?

Gure teilatu edo estalkian ahalik eta eguzki-plaka gehien instalatzea aukera onena badirudi ere, alderdi ekonomikoari begiratuta, agian ez da hain errentagarria izango, eta hori gogoan hartu behar dugu instalazioa dimentsionatzeko unean.

Laguntza Guneko beste artikulu honetan azaltzen dizugu zeintzuk diren autokontsumoarekin aurrezteko mekanismoak.                                                                                        

Nondik dator Flux Solar izena?

Flux Solar izena mugimenduan dagoen (flux latinez fluxua da, “relax” hitza bezala ahoskatzen da), zirkulatzen duen eta transformatzen den energiaren ideiatik dator. Lehenik, eguzki-argia energia elektriko bihurtzen da plaken bitartez. Gero, energia hori autoprodukzio-instalazioa duen etxebizitzan edo lokalean erabiltzen da. Eta energia-fluxuak aurrera jarraitzen du. Zati bat konpentsazio bihurtzen da eta, konpentsatu daitekeena baino energia gehiago gelditzen bada, Sol-etan transformatzen da. Sol horiek deskontu bihurtuko dira ondorengo fakturetan.

Honek erantzun al dizu zure galdera? Eskerrik asko iritziagatik Arazo bat izan da zure iritzia bidaltzean. Saiatu berriro geroago.

Ez al duzu bilatzen ari zarena aurkitzen? Harremanetan jarri Harremanetan jarri