Nola ezartzen ditugu prezioak Som Energian?

[També en: català] [También en: castellano] [Tamén en galego]

Som Energiaren helburua eta balioak

Som Energiaren helburua da egungo eredu energetikoa herritarren esku dagoen eredu berriztagarri eta banatu batekin ordezkatzea. Kooperatiba bat gara, eta ez dugu irabazi-asmorik. Hortaz, prezioak ez ditugu ezartzen aberasteko asmoz, baizik eta Kooperatibaren bideragarritasuna bermatzeko.

Prezioak ezartzeko garaian, araudiak xedatzen duen eskema pertsona eta erakunde kontsumitzaileei aplikatzen diegu. Ez dugu ez produktu komertzialik ez tarifa finkorik eskaintzen. Karguak eta bidesariak (energia erabiltzeagatik ordaindu beharreko kontzeptuak) araudiaren arabera jasanarazten ditugu, merkatu elektrikoaren funtzionamenduaren inguruko gardentasuna areagotzeko.

Horregatik, ez ditugu kontratu berrientzako eskaintzak edota deskontuak egiten, ezta kontratuak fidelizatzeko estrategia gisa ere.

Egungo tarifa-motak

Une honetan, bi tarifa eskaintzen ditugu kontratu-mota bakoitzerako: ordutegi-tarteen tarifak eta tarifa indexatuak. Haatik, prezioak ezartzeko modua antzekoa da eta baita aplikatutako irizpideak ere.

Laguntza Guneko Zein tarifa eskaintzen ditu eta zein preziotan? artikuluan zehatz-mehatz azaltzen ditugu tarifa guztiak.

Zeri erantzun behar diote prezioek?

Merkaturatzaile gisa, prezioak ezartzean, kontuan hartu behar dugu prezioek honako hauek barne hartu behar dituztela:

  • Energiaren kostua.
  • Araudiak xedatzen dituen karguak eta bidesariak.
  • Energia kontsumitzeko ordaindu beharreko beste kontzeptu batzuk.
  • Energiaren jatorria % 100 berriztagarria dela bermatzen duten ziurtagiriak.
  • Kooperatibarentzako marjina. Ez da mozkin ekonomikoa lortzeko marjina bat, baizik eta gure jarduera egiteko (langileen soldatak, bulegoen alokairua, materialak eta beste ordaintzea) behar dugun marjina.
  • Zergak (BEZa eta elektrizitatearen gaineko zerga).

Zenbait kontzeptu indarreko araudiak ezartzen ditu:

  • Karguak eta bidesariak.
  • Energia kontsumitu ahal izateko ordaindu beharreko beste kontzeptu batzuk.
  • Zergak (BEZa eta elektrizitatearen gaineko zerga).

Beste batzuk Kooperatibaren mende daude:

  • Kooperatibaren bideragarritasuna bermatzeko marjina.
  • Energiaren jatorria % 100 berriztagarria dela bermatzen duten ziurtagiriak.

Eta beste batzuk merkatuaren mende:

  • Energiaren kostua.

Indarreko araudiak ezartzen dituen kontzeptuak araudiak xedatzen duen tokietan aplikatzen ditugu. Hauek dira, besteak beste:

  • Karguak. Administrazioak ezartzen eta kobratzen ditu, eta Som Energiak banatzaileen bitartez ordaintzen dio. Gobernuak erabakitzen du zertarako erabiltzen diren, adibidez, energia berriztagarriei ordainsari espezifiko bat (garai bateko primak) ordaintzeko, tarifa-defizita murrizteko edo energia elektrikoaren ekoizpenak uharteetan eragindako kostu osagarriak finantzatzeko.
  • Banatzaileek kobratzen duten garraio- eta banaketa-bidesaria.
  • Red Eléctricari ordaindu beharreko kostuak: sistemaren gainkostuak, kapazitategatiko ordainketak, erositako energiaren eta azkenean erabiltzen den energiaren arteko desbideraketen ondoriozko zigorrak...
  • Energia Efizientziaren Funts Nazionala.
  • Merkatuko operadorearen (OMIE) eta sistemako operadorearen (REE) zerbitzua.
  • Zergak: elektrizitatearen gaineko zerga eta BEZa edo IGIC.

Bazkideen batzar nagusiak erabakitzen du zenbateko marjina aplika daitekeen. Kooperatibaren bideragarritasuna bermatzeko, hots, soldatak, materiala, bulegoen alokairua, software informatikoa eta hornitzaileen zerbitzua ordaintzeko marjina bat da. Une honetan, marjina EBITDAren % 0,5 eta 2 (zerga aurretiko emaitza) artekoa da.

Batzar nagusiak erabakitzen du baita ere non aplikatu behar den marjina hori. Une honetan, batez ere energiaren prezioan eta, neurri txiki batean, kontratatutako potentzian aplikatzen da.

Energiaren jatorria % 100 berriztagarria dela bermatzen duten ziurtagiriak energia berriztagarrien ekoizleengandik eskuratzen ditugu, batzuetan zuzenean eta beste batzuetan bitartekarien bidez. Ziurtagirien prezioa ez dago araututa, eskaintzaren eta eskariaren mende dago. Beraz, kontzeptua energia berriztagarrien ekoizleekin eta bitartekariekin egiten ditugun akordioen mende dago.

Bestetik, merkaturatzen dugun energiaren kostua desberdina da tarifa indexatuetan eta ordutegi-tarteen tarifetan:

  • Tarifa indexatuetan, energiaren kostua energiak eguneko handizkako merkatuan duen kostua da. Eguneko handizkako merkatuan, energiaren prezioa egunero eta orduero aldatzen da; horregatik tarifa indexatuak egunero eta orduero aldatzen dira.
  • Ordutegi-tarteen tarifetan energiaren kostua ezagutzea konplexuagoa da. Hurrengo atalean azalduko dugu.

Nola ezagutu dezakegu energiaren kostua ordutegi-tarteen tarifetan?

Energiaren kostua eskuratzeko moduaren eta tokiaren araberakoa da.

Ordutegi-tarteen tarifetako prezioak berrikusten edo eguneratzen ditugunean, energiaren zatia honela lantzen dugu:

Lehenik hurrengo hilabeteetan beharko dugun energiaren aurreikuspen bat egiten dugu, prezio berriek indarrean jarraitzen duten bitartean. Aurreikuspena Kooperatibak duen kontratu-kopuruaren, kontratuek egin ohi duten kontsumoaren eta urtaroaren (eskari handiko hilabete hotzak edo beroak, edota eskari txikiko urtaro arteko hilabeteak) arabera egiten dugu. Eskariaren aurreikuspena egin ondoren, energiaren bila joaten gara. Energia modu desberdinetan eskuratzen dugu:

  1. Zati bat futuroen merkatuan erosten dugu, hainbat hilabete lehenago. Akordioak egiten ditugu handizkako merkatuekin edo energia-ekoizleekin lan egiten duten finantza-erakundeekin. Akordio horien bidez, hurrengo hilabeteetan energia-kantitate jakin bat erosteko konpromisoa hartzen dugu, eta energia zer preziotan ordainduko dugun adosten dugu. Modalitate horri futuroen merkatuan energia erostea esaten zaio, ekoizleak ere barne hartzen dituen arren. Horri esker, Som Energian seguru dakigu energia-kantitate hori ezarri eta itxi dugun prezio ezagun batean eskuratuko dugula, eta hainbat hilabeteren buruan, energiaren kostuak gora edo behera egin arren, prezioa ez dela aldatuko. Energia zein preziotan erosiko dugun adosteak hurrengo aste edo hilabeteetarako prezioa ezartzeko aukera ematen digu, eta, ondorioz, ez ditugu prezioak etengabe aldatu behar.
  2. Energiaren beste zati bat gure ekoizpen-instalazioetatik dator. Instalazioak gureak direnez, badakigu zein den energiaren kostua (instalazioen eraikuntza-, abiarazte- eta mantentze-kostua). Kostu hori ez dago energia-merkatuaren fluktuazio eta espekulazioen mende.
  3. Erosten dugun energia-kantitatea doitu ahal izateko, beste zati bat merkaturatu baino lehentxeago erosten dugu, energiaren eguneko merkatuan. Beraz, prezio berriak ezartzeko unean, oraindik ez dakigu energia zenbat kostatuko den. Horregatik aurreikuspen bat egin behar dugu, hainbat parametro kontuan hartuta, energia zein preziotan erosiko dugun kalkulatzeko. Lehen, prezioa ez zen gehiegi aldatzen. Haatik, 2021eko udatik aurrera, merkaturatzeko erosten dugun energiaren kostua esponentzialki igo da, eta aurreikusi ezineko prezioetara iritsi da. Horiek horrela, egindako aurreikuspenak desfasatuta gelditu dira eta tarifak aurreikusi baino lehen eguneratu behar izan ditugu.

Hiru parametro horiek baliatuta, merkaturatzeko energia zenbat kostatuko den aurreikusiko dugu.

Bi ordutegi-tarteetako bakoitzerako potentziaren prezioa ezartzeko:

  • Araudiak xedatutako bidesariak eta karguak aplikatzen ditugu.
  • Kooperatibaren bideragarritasuna bermatzeko marjinaren beste zatia aplikatzen dugu.

Fakturan

Elektrizitate-fakturetan, energiaren eta potentziaren prezioez gain, gero, araudiak edo banatzaileek ezarritako zergak eta beste kontzeptu batzuk (kontagailuaren alokairua, kontratuak aldatzearen ondoriozko kostuak, eta abar) gehitzen dira. Etxeko kontratu bat eta 15 kW-tik beherako kontratatutako potentzia baduzu, irakurri artikulu hauek: Ordutegi-tarteen 2.0TD faktura ulertzea eta 2.0TD faktura indexatua ulertzea.

Prezioak berrikustea

Egindako aurreikuspenak eta uneko errealitatea etengabe berrikusten ditugu, elektrizitatearen merkatuaren eta aipatutako elementu guztien eboluzioaren jarraipena egiteko. Helburua da Kooperatibaren bideragarritasun ekonomikoa bermatzea eta, aldi berean, sektorearen aldakortasunaren aurrean, tarifa lehiakor eta sendoak mantentzea.

Eskuarki, batzar nagusiak xedatutakoaren arabera, prezioak urtean bitan eguneratzen ditugu, urtarrilean eta uztailean. Batzuetan, kalkuluek diote prezioak igo behar direla, beste batzuetan ez direla aldatu behar, eta beste hainbatetan prezioak jaitsi behar direla.

Alabaina, 2021eko udatik, batzarrak izendatutako Errektore Kontseiluak prezioak sarriago aldatzea onartu behar izan zuen. Merkatu elektrikoaren egoera zailak eta energiaren kostuaren hegakortasunak bultzatuta hartu zuen erabaki hori. Izan ere, tarifak igo izan ez bagenitu, energia erosteko kostua energia merkaturatzeko prezioa baino askoz handiagoa izango zatekeen.

Som Energiak ezarritako prezio-aldaketez gain (horiek 30 egun lehenago jakinarazten ditugu beti), gerta daiteke energia kontsumitzeagatik ordaindu beharreko zenbatekoren bat (adibidez, BEZa, karguak edo bidesariak) aldatzen duen araudi berri bat onartzea eta, ondorioz, prezioak aldatu behar izatea. Kasu horretan, aldaketak berehala aplikatu behar dira eta aldaketak ezin ditugu aurrez jakinarazi.

Honek erantzun al dizu zure galdera? Eskerrik asko iritziagatik Arazo bat izan da zure iritzia bidaltzean. Saiatu berriro geroago.

Ez al duzu bilatzen ari zarena aurkitzen? Harremanetan jarri Harremanetan jarri