Hornidura elektrikoaren baja
[També en: català] | [También en: castellano] | [Tamén en galego] |
Hornidura elektrikoaren baja eskatzen denean, zerbitzua eten egingo da kontratuari lotutako etxebizitzan edo lokalean. Hau da, gunea elektrizitaterik gabe geldituko da eta fakturak sortzeari utziko diogu.
Aurrerago, horniduraren alta berriro ere eskatzea erabakitzen baduzu, enpresa banatzaileek hornidura-puntuen alta egiteko aplikatzen dituzten gastu arautuak zure gain hartu beharko dituzu. Halere, hornidura-puntu bat denboraldi luze batez jenderik gabe edo erabili gabe gelditu behar bada (artikuluaren amaieran informazio gehiago aurkituko duzu), baja eskatzea gomendatzen dizugu.
Bestetik, hornidura-puntua argirik gabe utzi nahi ez baduzu, zerbitzuaren erabiltzaile berriekin titularra aldatzeko kudeaketa egin dezakezu.
Horniduraren baja tramitatu aurretik, gogoan izan:
- Kontratuaren titularrak bakarrik eska dezake hornidura elektrikoaren baja.
- Hornidura elektrikoaren baja eskatzen baduzu, zure kontratuari lotutako hornidura eteteko baimena ematen duzu.
- Hornidura etetea eskatzen duzunetik, ordu batzuk edo lanegun batzuk igaro daitezke hornidura eten arte, banatzaileak 6 egun balioduneko epea baitu baja gauzatzeko. Haatik, banatzaileari kontagailua aztertzen uzten bazaio bakarrik bete ahalko du epea. Hau da, baja gauzatu ahal izateko nahitaezkoa da teknikariek kontagailua aztertu ahal izatea. Arreta berezia jarri horri, horniduraren baja eskatzean kontagailua aztertzeko aukera galtzen baduzu, bermatu behar duzu beste norbaitek teknikariari kontagailua aztertzen uztea. Hori dela eta, ezin dugu zehaztu zein egunetan etengo den hornidura.
- Hornidura-puntu baten baja eskatzen baduzu, azken faktura bat bidaliko dizugu, hornidura eten arte kontsumitu duzun elektrizitateari dagokiona.
Horniduraren baja eskatzeko urratsak
Hornidura elektrikoaren baja eskatu nahi baduzu, sartu Som Energiaren Bulego Birtualean.
Kontratuak atalean, egin klik Hornidura-puntu baten baja ematea aukeran eta, kontratu bat baino gehiago baduzu, aukeratu zein kontraturekin egin nahi duzun eragiketa.
Kontratu-zenbakia eta hornidura-puntuaren helbidea automatikoki agertuko dira. Egiaztatu hori dela baja eman nahi duzun kontratua.
Jarraian, adierazi CUPS kodea, baja-eguna -esan bezala gutxi gorabeherako izango da- eta telefono-zenbakia.
Halaber, onartu Pribatutasun-politika eta Baja-baldintzak.
Baja tramitatutakoan, beheko leihoa agertuko zaizu, non zure posta-elektronikoan sartzeko eskatuko dizugun.
Handik minutu gutxira, konfirmazio-mezu bat jasoko duzu zure posta elektronikoan. Bidaltzen dizugun esteka sakatu beharko duzu eskatutako aldaketa gauzatzeko. Estekak 24 orduko iraunaldia du. Ez baduzu baliozkotze-prozesua egiten, baja ez da gauzatuko.
Beheko irudian ikus dezakezunez, estekak Bulego Birtualera bueltan eramango zaitu baja berresteko.
Azkenik, sakatu “Berretsi baja” aukera eskaera osatzeko.
Baja-eskaera egiten duzunean, Kooperatibak eskaera enpresa banatzaileari helaraziko dio. Tramitea kudeatzen dugunean eta banatzaileak baja noiz gauzatuko den esaten digunean, behar bezala jakinaraziko dizugu.
Gogoan izan, esan bezala, kontratuaren baja gauzatu ondoren, azken faktura bat bidaliko dizugula baja-egunera arte kontsumitutakoari dagokiona.
Noiz da komenigarria baja eskatzea?
Artikuluaren hasieran esan bezala, aurreikusten baduzu, denbora luze batez, etxean edo lokalean ez duzula elektrizitaterik erabiliko, komenigarria izan daiteke baja eskatzea eta, ondoren, berriro ere alta eskatzea. Alta eskatzean enpresa banatzaileek aplikatzen dituzten gastu arautuak (ikus hemen) ordaindu behar direnez, kasu jakin batzuetan bakarrik da komenigarria. Hainbat gako hartu behar dira kontuan: zenbat denboraz utziko diozun hornidura erabiltzeari, kontratatuta duzun potentzia eta, alta tramitatzean, buletin elektrikoa berriro ere egin behar den ala ez.
Beheko koadroak gutxi gorabeherako kalkulu bat egin du jakiteko, 2.0TD tarifarekin, zenbat hilabetez den komenigarria baja ematea, kontratatutako potentziaren eta altaren kostuaren arabera. Kalkulu horiek egitean ez dugu kontuan hartu buletin elektrikoa berritu behar den ala ez. Buletina berritu behar bada (banatzailearen mende dago hori), lokalean edo etxebizitzan elektrizitatea berreskuratzea garestiagoa izango da eta, ondorioz, hilabete gehiagoz izango da komenigarria tramite guztiak egitea.
Som Energian horniduraren baja eta bazkide gisa baja eskatzea
Kooperatiban horniduraren baja eskatzeko eta bazkide gisa baja eskatzeko tramite desberdinak egin behar dira.
Som Energiarekin kontraturik ez baduzu, Kooperatibako bazkide gisa baja eska dezakezu. Zehatz-mehatz azaltzen dugu hori artikulu honetan: Nola utzi bazkide izateari?.