Som Energiaren bazkide izatea

[També en: català] [También en: castellano] [Tamén en galego]

Bazkidetzea

Edozein pertsona, enpresa, elkarte, kooperatiba, fundazio edo udal izan daiteke Som Energiako bazkide. Horretarako, Izan zaitez bazkide formularioa bete behar da.

Kataluniako Kooperatiben Legearen arabera, auzo-komunitateak ezin dira izan Som Energiako bazkide. Beraz, komunitate batek argia Kooperatibarekin kontratatu nahi badu, bazkide baten bidez egin beharko du, bazkide bakoitzak gonbidatu ditzakeen bost kontratuen barruan. Halaber, Kooperatibako kide den finka-administratzaile baten bidez kontrata dezakezu.

Bazkide izateko, kapital sozialera 100 euroko nahitaezko ekarpena egin behar duzu (ordainketa formularioren bidez egiten da). Noizbait baja eman nahi baduzu, Kooperatibaren Estatutuen arabera, 100 euro horiek itzuliko zaizkizu.

Som Energiako bazkide izateak hainbat eskubide eta aukera ematen dizkizu erakundearen barruan: argia kontratatzea, Kooperatiban aktiboki parte hartzea, erosketa kolektiboetan parte hartzea eta energia sortzeko proiektuak sustatzea. 

Som Energiako bazkide izateak dituen ondorio eta inplikazio guztiak Kooperatibaren Estatutuetan jasotzen dira. 

Argi %100 berriztagarria Som Energiarekin kontratatzea

Som Energiako bazkide izaki, nahi adina elektrizitate-kontratu (energia elektriko %100 berriztagarria) izenpetu ahal izango dituzu zure izenean (titular gisa) eta, gehienez ere, bost kontratu beste pertsona fisiko edo juridiko batzuen izenean.

Argi-kontratu bat zure izenean gehitzeko, bete Kontrata ezazu argia formularioa. Horretarako, hornidura-puntuko azken faktura eta zure banku-datuak eskura izatea gomendatzen dizugu.

Une honetan, Som Energiara ekarri nahi duzun hornidura-puntuan argirik ez badago, kontsultatu beste esteka hau: Nola eskatu hornidura-puntu berri bat. Une honetan, zerbitzua Espainiako lurralde osoan eskaintzen dugu, Ceutan eta Melillan izan ezik.

Gure prezioak webguneko tarifen atalean daude ikusgai.

Zure lagun edo senide batek, zure bitartez, argia Som Energiarekin kontratatzea nahi baduzu, adierazi zure bazkide-zenbakia eta NANa. Informazio gehiago hemen: Gonbidatu bazkide ez diren pertsonak argia Som Energiarekin kontratatzera.

Kooperatiban aktiboki parte hartzea

Bazkide guztiek dute Batzar Nagusian hitz eta botoarekin parte hartzeko eskubidea. Batzar Nagusia urtean behin egiten da, urteko lehen seihilekoan. Batzarrerako deialdia posta elektronikoz bidaltzen diegu bazkide guztiei.

Horrez gain, Parte hartu tresnaren bidez, bazkide-oinarriak abian diren prozesuen gainean informatzeko, erabakitzeko eta eztabaidatzeko aukera du. Batzar Nagusiak onartutako egutegi demokratikoak ezartzen du noiz eta nola bidera daitekeen parte-hartzea. Bazkideek badute ere Kooperatibaren proiektuan modu aktiboagoan parte hartzeko aukera. Hori bada zure asmoa, egin bat zure eskualdeko Som Energiaren Tokiko Taldearekin edo sortu talde berri bat.

Som Energiaren Tokiko Taldeei eta Kooperatibaren beste partaidetza-guneei buruzko informazio gehiago aurkituko duzu esteka honetan: Parte hartu!

Sorkuntza berriztagarriko proiektuetan parte hartzea

Kooperatibaren helburu nagusietako bat da eredu energetikoa aldatzea eta energia berriztagarriak sustatzea %100 berriztagarria eta parte-hartzailea den eredu bat lortzeko. Horregatik, Som Energiak sorkuntza berriztagarriko proiektuak bultzatzeko aukera ematen die bazkideei.

2021eko hasierara arte, parte-hartzea energia berriztagarriak sustatzeko Generation kWh proiektu berritzailearen bidez gauzatu da. Informazio gehiago aurkituko duzue generationkwh.org webgunean.Baina Generation kWh proiektuak behar zuen finantzaketa guztia lortu du dagoeneko. Horregatik, proposamen berri bat prestatzen ari gara, pertsonei energia berriztagarria sortzeko ahaleginak batzen jarraitzeko aukera eman nahi diegulako. 

Autoprodukziorako instalazioen erosketa kolektiboetan parte hartzea

%100 berriztagarria eta parte-hartzailea den eredu energetiko bat lortzeko helburuari jarraikiz, Som Energia autoprodukziorako instalazio fotovoltaikoen erosketa kolektiboak bultzatzen ari da. Erosketa egiten den eskualdeko bazkideek parte har dezakete kanpainetan. 

Erosketa kolektibo horiek Som Energiako bazkideei, enpresa instalatzaile fidagarri batekin, autoprodukziorako instalazio fotovoltaiko bat baldintza onenetan eskuratzeko aukera ematen diete. Horretarako, erosketa kolektiboek eskualde berean bizi diren ahalik eta Kooperatibako bazkide gehien elkartzen dituzte, eta Som Energiak, lehiaketa baten bidez, instalazioen muntaketa egiteko bazkideek kontratatuko duten enpresa aukeratzen du.

Gainera, Som Energiak prozesuko fase guztietan laguntzen du: enpresa arduradunaren hautaketan, izen-emateetan, azterketa pertsonalizatuetan, instalazioetan, segimenduan eta aholkularitzan, bazkidea bere energia propioa sortzen hasten denean, energia-erabilera egokitzeko.

Autoprodukziorako erosketa kolektiboei buruzko informazio gehiago eta aribidean dauden erosketak ikusteko, jo autoprodukzioaren gaineko atal honetara. Zalantzarik baduzu, kontsultatu Laguntza Guneko erosketa kolektiboen gaineko atala.

Kapital sozialera borondatezko ekarpenak egitea

Hainbatetan eman du Kooperatibak kapital sozialera borondatezko ekarpenak egiteko aukera. Halakoetan, bazkide-oinarriak ekarpen ekonomikoak eginda parte har dezake. Batzar Nagusiak onartzen ditu Ekarpenen baldintzak. Eta ekarpenaren urteko interesa Batzar Nagusiak ezartzen du baita ere urtero. 2019ko Batzarrak %1,75ean utzi zuen. 2020eko martxoan, kapital sozialera ekarpenak egiteko epea ireki genuenean, egun bakar batean, aurreikusitako 4,75 milioi euroetara iritsi ginen. Lortutako kapitala energia berriztagarria sortzeko proiektu berriak egiteko eta Kooperatibaren jarduera indartzeko erabiltzen da. 

Kapital sozialera egindako borondatezko ekarpenei buruzko informazio gehiago aurkituko duzu Laguntza Guneko Kooperatibaren kapital sozialera ekarpenak egitea artikuluan.

Herri Ikasgelako ikastaroetan parte hartzea

Gainera, Kooperatibako bazkide izateak  Herri Ikasgelako ikastaroetan parte hartzeko aukera ematen du. Herri Ikasgela, eredu energetiko berri baten oinarria elkarrekin eraikitzeko helburuarekin, ezagutza partekatzeko, sareak ehuntzeko eta ikasteko gune bat da. Herri Ikasgela bazkideentzako zerbitzu bat da; halere, hainbat ikastaro irekiak dira, sektorea gardenago egin eta herritarren ezagutza areagotu nahi baitugu.  

Bazkide izateak dituen arriskuak

Som Energia, beste edozein enpresa bezala, ordainketak etetera irits daiteke. Egoera horretan, zor den dirua itzultzeko ordena hauxe izango litzateke: lehenik, langileekin eta Gizarte Segurantzarekin dituen zorrak eta bermea duten zorrak; bigarrenik, Administrazio Publikoarekin dituen zorrak eta beste hainbat zor; hirugarrenik, partaidetza-tituluak eta borondatezko kapitala; eta, azkenik, nahitaezko kapital soziala (hasierako 100 euroak).

Honek erantzun al dizu zure galdera? Eskerrik asko iritziagatik Arazo bat izan da zure iritzia bidaltzean. Saiatu berriro geroago.

Ez al duzu bilatzen ari zarena aurkitzen? Harremanetan jarri Harremanetan jarri