Energia erreaktiboa: zer da? zein efektu ditu fakturan? eta nola elimina daiteke?

[També en: català] [También en: castellano] [Tamén en galego]

Energia erreaktiboa

Instalazio elektrikoetan energia erreaktiboa agertzen da funtzionatzeko eremu magnetiko eta elektrikoak sortu behar dituzten gailuak erabiltzen direnean, hau da, bobinak eta kondentsadoreak dituzten etxetresna elektrikoak. Adibidez, hozkailu eta izozkailuen motorrak, fluoreszenteak eta transformadoreak, besteak beste.

Energia horrek banaketa oztopatzen du, sare elektrikoetan galera handiagoak eragiten baititu. Horregatik, sarera isuritako gehiegizko energia erreaktiboa zigortzeko errekarguak sortu ziren.

Faktura igotzeaz gain, energia erreaktiboak zure instalazioaren potentzia beheratzen du ere, eta horrek potentzia handiagoa kontratatzera behartzen zaitu.

Instalazioan dituzun gailuen arabera, bi motatako energia erreaktiboa ager daiteke: energia erreaktibo induktiboa edo energia erreaktibo kapazitiboa. Energia horiek elkar konpentsatzen dute; hortaz, mota bateko edo besteko energia bakarrik egongo da.

Energia erreaktiboa kVArh-tan (kilowatt-ampere ordu erreaktibo bakoitzeko) neurtzen da.

Energia erreaktibo induktiboa

Instalazio elektrikoetan energia erreaktibo induktiboa, nagusiki, bobinadun gailuak ditugunean agertzen da. Adibidez, transformadore bat duen edozein etxetresna elektriko, motorrak (hozkailuak eta izozkailuak), konpresoreak (aire girotua), mikrouhin-labeak, hodi fluoreszenteak...

Energia erreaktibo induktiboagatik ezarritako zigorrak

Energia erreaktibo induktiboa sortzearen ondoriozko zigorrak 15 kW-tik gorako potentzia kontratatuta duten behe-tentsioko kontratuetan (3.0TD tarifa) eta goi-tentsioko kontratu guztietan (6.1TD, 6.2TD, 6.3TD eta 6.4TD) ezartzen dira.

Gure instalazioan agertzen den energia erreaktibo induktiboa erabilitako energia aktiboaren % 33 baino txikiagoa bada, ez da zigorrik ezarriko. Hala, % 33ra iritsi arte, ez dugu inoiz ordainduko. Eta, % 33a gainditzen badugu, kVArh gehigarri guztiak ordaindu beharko ditugu.

Lanegunetako goizeko 0:00etatik 8:00etara doan P6 denboraldia, asteburuak eta Estatuko jaiegunak zigor horretatik salbuetsita daude.

Energia erreaktibo induktiboaren kostu ekonomikoa

Gure instalazioan agertzen den energia erreaktibo induktiboa erabilitakoenergia aktiboaren % 33 baino handiagoa bada, 0,041554 euro ordainduko ditugu kVArh gehigarri bakoitzeko.

Gure instalazioan agertzen den energia erreaktibo induktiboa erabilitakoenergia aktiboaren % 75 baino handiagoa bada, 0,062332 euro ordainduko ditugu kVArh gehigarri bakoitzeko.

Hornidura eteteko aukera

Araudiak ezartzen du, hiru hilabetez, energia erreaktibo induktiboak energia aktiboaren erabilera 1,5 aldiz gainditzen badu, hornidura-puntuaren titularrak energia hori eliminatzeko neurriak hartu beharko dituela. Eta, arazoa ez bada konpontzen, enpresa banatzaileak hornidura eten ahalko du.

Nola elimina daiteke energia erreaktibo induktiboa?

Ohikoena da energia erreaktibo induktiboa konpentsatzeko kondentsadore-bateria bat instalatzea.

Halakoetan, komenigarriena da energia erreaktiboa minimizatzeko konponbideak proposatuko dizkigun enpresa espezializatu batekin hitz egitea. Garrantzitsua da aurrekontu bat baino gehiago eskatzea eta argi edukitzea noiz berreskuratuko dugun inbertsioa. Oro har, itzulketa-aldia laburra da eta merezi du aukera hori aztertzea.

Energia erreaktibo kapazitiboa

Energia erreaktibo kapazitiboa ez da hain ohikoa, baina energia erreaktibo kapazitiboa eta kontrako energia erreaktibo induktiboa antzeko moduan agertzen dira instalazio elektrikoetan. Energia erreaktibo kapazitiboa instalazioan kondentsadore-bateriak, LED motako argiztapena, ordenagailuak edo kable lurperatuak ditugunean sortzen da.

Energia erreaktibo kapazitiboagatik ezarritako zigorrak

Indarrean dagoen legeak xedatzen du energia erreaktibo kapazitiboa sortzearen ondoriozko zigorrak goi-tentsioko tarifak (6.1TD, 6.2TD, 6.3TD eta 6.4TD tarifak) dituzten kontratuei bakarrik ezar dakizkiekeela.

Zigor horiek P6 denboraldian (lanegunetako goizeko 0:00etatik 8:00etara doana), asteburuetako ordutegietan eta jaiegunetan bakarrik ezarriko dira.

Energia erreaktibo kapazitiboaren kostu ekonomikoa

Instalazioan agertzen den energia erreaktibo kapazitiboa orduko kontsumitutako energia aktiboa baino % 20 handiagoa bada, zigor bat ezar daiteke. Oraingoz, Merkatu eta Lehiakortasun Batzorde Nazionalak 0 euroko prezioa proposatzen du kVArh gehigarri bakoitzeko eta ateak irekitzen ditu aurrerago zigor bat ezartzeko.

Nola elimina daiteke instalazioko energia erreaktibo kapazitiboa?

Hainbat aukera ditugu gure instalazioan energia erreaktibo kapazitiboa agertzen bada. Horregatik, gomendagarriena da konponbide egokiena bilatzen lagunduko digun enpresa espezializatu batekin hitz egitea.

Honek erantzun al dizu zure galdera? Eskerrik asko iritziagatik Arazo bat izan da zure iritzia bidaltzean. Saiatu berriro geroago.

Ez al duzu bilatzen ari zarena aurkitzen? Harremanetan jarri Harremanetan jarri