Neurketa-puntuak: kontagailuen ezaugarriak
[També en: català] | [También en: castellano] | [Tamén en galego] |
Erabilitako potentzia nola fakturatzen zaizun eta energia-erabileraren gainean zer informazio jasoko duzun jakiteko, zure kontagailua eta haren ezaugarriak ezagutzea komeni da.
Hala, sistema elektrikoko neurketa-puntuen araudi bateratuak ( 1110/2007 Errege Dekretua) kontagailu elektrikoak hornidura-puntuaren ezaugarrien arabera sailkatzeko irizpideak ezartzen ditu.
Araudiak, halaber, muga-puntua kontzeptua definitzen du, hau da, sistema elektrikoko zati ezberdinen arteko konexio-puntuak. Muga-puntuak dira, esate baterako, energia elektrikoa sortzen duen puntu baten eta garraio-sarearen arteko, garraio-sarearen eta banaketaren arteko eta azken erabiltzailearen eta banaketaren arteko konexioa, besteak beste. Garrantzitsua da kontzeptu hori ezagutzea, muga-puntuak zerikusia baitu kontagailu-motarekin.
Kontagailu-mota hauek ditugu, ohikoenetik hasita:
5. motako kontagailuak
- Etxeko horniduretarako erabili ohi dena.
- Denboraldi guztietan 15 kW-ko edo hortik beherako kontratatutako potentzia duten konexio-puntuak.
- 15 kVA-ko edo hortik beherako potentzia nominala duten sorkuntza-instalazioetako konexio-puntuak.
4. motako kontagailuak
- Denboraldi guztietan 15 kW-tik gorako eta 50 kW-ko edo hortik beherako kontratatutako potentzia duten konexio-puntuak.
3. motako kontagailuak
- Beste kategorietan sailkatu ezin direnak.
2. motako kontagailuak
- Denboraldi guztietan 450 kW-tik gorako kontratatutako potentzia duten konexio-puntuak.
- 450 kVA-ko edo hortik gorako itxurazko potentzia nominala duten sorkuntza-instalazioetako konexio-puntuak.
- Urtean 750 MWh-ko edo hortik gorako energia-trukea duten konexio-puntuak.
1. motako kontagailuak
- Denboraldi guztietan 10 kW-ko edo hortik gorako kontratatutako potentzia duten konexio-puntuak.
- 12 kVA-ko edo hortik gorako itxurazko potentzia nominala duten sorkuntza-instalazioetako konexio-puntuak.
- Urtean 5 GWh-ko edo hortik gorako energia-trukea duten konexio-puntuak.
Kontagailuak eta teleneurketa
Araudiak, kontagailu ezberdinak definitzen dituen bezala, kontagailu-motaren arabera, teleneurketa derrigorrezkoa den ala ez zehazten du.
Hori gogoan hartzekoa da, teleneurketa baduzu, zure energia-erabilerari buruzko informazio xehatuagoa jasoko duzulako. Era berean, merkaturatzaile gisa Bulego Birtualaren bidez eskaini ahalko dizugun informazioa desberdina izango da teleneurketa baduzu edo ez baduzu. Zure energia-erabilera zenbat eta hobeto ezagutu, orduan eta gaitasun handiagoa izango duzu analisiak egiteko eta erabakitzeko.
1. eta 2. motako kontagailuak dituzten instalazioetan, teleneurketa derrigorrezkoa da eta sistemako operadorea, hots, REE, arduratuko da irakurketak egiteaz.
Bezeroen muga-puntuekin bat ez datozen 3. motako kontagailuak dituzten instalazioetan, teleneurketa derrigorrezkoa da baita ere.
Bezeroen muga-puntuekin bat datozen 3. motako kontagailuak eta 4. motakoak dituzten instalazioetan, teleneurketa aukerakoa da. Bestela, teknikari bat joango da kontagailuan neurketa eskuz egitera eta, terminal mugikor batekin, orduko neurketak erregistratuko ditu.
5. motako kontagailuak dituzten instalazioak, 2019tik, telekudeaketa ahalbidetzen duten kontagailu digitalak instalatzera behartuta daude. Bestetik, 3., 4.eta 5. motako kontagailuak dituzten instalazioetan, enpresa banatzailea arduratzen da irakurketak egiteaz. Halaber, banatzaileek orduko erregistroak azken erabiltzaileekin zuzenean partekatu behar dituzte web-atari propio baten bitartez.
Telekudeaketa eta teleneurketa
Kontagailuak teleneurketa ahalbidetzen badu, enpresa banatzaileak, gailu baten bidez, kontagailuak jasotzen dituen energia- eta potentzia-erabileraren gaineko erregistroak eskura ditzake.
Telekudeaketa haratago doa eta, energia eta potentziari buruzko datuak jasotzeaz gain, hainbat parametro (ordutegi-tarteak, kontratatutako potentzia, eta abar) aldatzea ahalbidetzen du.
Kontagailuak eta erabilitako potentziaren erregistroa
Kontagailuen inguruko beste alderdi garrantzitsu bat da nola erregistratzen duten erabilitako potentzia. Bereziki garrantzitsua da hori, maximetroaren arabera fakturatzen bada, potentzia-gehiegikerien ondoriozko zigorra nolakoa izango den baldintzatuko baitu.
1, 2 eta 3 motatako kontagailuak dituzten hornidura-puntuen segimendua ordu-laurdenekoa da eta, beraz, potentzia-gehiegikeriak hilero fakturatzen dira ordu-laurdeneko gehiegikerien arabera. Zera aztertzen da: fakturazio-aldiko ordu-laurden bakoitzean kontratatutako potentzia gainditu den ala ez. Ordu-laurden batean kontratatutako potentzia gainditu bada (behin edo gehiagotan), zigor bakarra fakturatuko da. Ordu-laurden batean ez bada gainditu, ez da zigorrik fakturatuko.
4. eta 5. motako kontagailuak dituzten hornidura-puntuetan, erabilitako potentziaren segimendua 15 minutuero egiten da baita ere, baina, kasu honetan ordu-laurdenean erabilitako potentziaren batezbestekoa kalkulatzen da. Batezbestekoak fakturazio-aldiko denboraldietako baterako kontratatutako potentzia gainditzen badu, zigor bat ezartzen da.