Ordutegi-tarteen 2.0TD tarifa

[També en: català] [También en: castellano] [Tamén en galego]

ADI!

Espainiako Gobernuak elektrizitate-fakturaren BEZa % 21etik % 10era jaisteko erabakia hartu du. Neurria 2024ko abenduak 31era arte egongo da indarrean, gehienez, 10 kW-ko potentzia duten kontratuentzat eta aplikatu egingo da baldin eta merkatuko energiaren prezioa nabarmen jaisten ez bada. Merkatuko energia-prezioak nabarmen jaisten badira, ez da aplikatuko. Neurriaren xehetasunak albiste honetan aurkituko dituzue.

Ordutegi-tarteen 2.0TD tarifa eta 2.0TD tarifa indexatua, gehienez, 15 kW-ko potentzia eta behe-tentsioa kontratatuta dituzten kontratu guztientzako tarifak dira. Multzo horretan sartzen dira etxeko hornidura-puntu gehienak, enpresa txikiak, bulegoak, eta beste.  

Kasu hauetarako bi tarifa daude eskuragarri eskualde bakoitzean (Penintsula, Balearrak eta Kanariak):

  • Ordutegi-tarteen 2.0TD tarifa
  • 2.0TD tarifa indexatua 

Artikulu honetan ordutegi-tarteen 2.0TD tarifaren ezaugarriak azaltzen ditugu. 2.0TD tarifa indexatuarenak beste artikulu honetan azaltzen ditugu eta bi tarifen konparaketa bat egin dugu ere. 

Behean, ordutegi-tarteen 2.0TD tarifaren inguruko puntu hauek jorratuko ditugu:

 

Ordutegi-tarteen 2.0TD tarifaren ezaugarriak 

Ordutegi-tarteen 2.0TD tarifarekin, Som Energiak aurreikuspenak egiten ditu eta energia hainbat hilabete lehenago erosten du futuroen merkatuan. Horregatik, prezioak aurrez ezarri daitezke. Energiaren eguneko merkatuak izan ditzakeen goranzko zein beheranzko fluktuazioek ez diete zuzenean eragiten pertsona eta enpresa erabiltzaileei.

 

Energia-terminoa

Beraz, ordutegi-tarteen 2.0TD tarifan, energiak 3 ordutegi-tarte ditu, eta bakoitzak prezio desberdina du:

  • Energiaren sakonunea: 00:00etatik goizeko 8:00etara. Ordu horietan, energia ekonomikoagoa da.
  • Energiaren une arrunta: 8:00etatik 10:00etara, 14:00etatik 18:00etara eta 22:00etatik 00:00etara. Ordu horietan, energia ez da sakonunean bezain merkea, ezta puntako unean bezain garestia ere.
  • Energiaren puntako unea: 10:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 22:00etara. Ordu horietan, energia garestiagoa da.

Asteburuetan (larunbat eta igandeetan) eta Estatu mailako jaiegunetan (Ostiral Santuan izan ezik), ordu guztiak dira sakonunekoak (merkeenak).

Irudi hau begi-bistan izateko inprimatu nahi baduzu, hemen deskargatu dezakezu. 

 

Potentzia-terminoa

Potentziak, oro har, aldi berean aparatu elektriko gehiago edo gutxiago erabiltzea ahalbidetzen du. Ordutegi-tarteen 2.0TD tarifan, potentziak 2 ordutegi-tarte ditu. Horrek esan nahi du, ordutegi-tartearen arabera, bi potentzia ezberdin kontrata daitezkeela:

  • Une arrunt-puntakoa: 8:00etatik 24:00etara (lanegunetan).
  • Sakonunea: 00:00etatik goizeko 8:00etara, eta asteburuko zein Estatuko jaiegunetako ordu guztietan. 

Laguntza Guneko beste artikulu honetan azaltzen dugu nola fakturatzen da potentzia-terminoa

Oraindik ez baduzu egiaztatu kontratatuta duzun potentzia benetan behar duzuna ote den, gomendatzen dizugu zuretzat kontratatutako potentzia egokiena zein den aztertzea eta, jaitsi dezakezula ikusten baduzu, potentzia aldatzeko eskatzea (Bulego Birtualaren bidez egin daiteke). 

Eskuarki ez du merezi sakonunerako kontratatutako potentzia jaistea, ordutegi-tarte horretarako potentziaren prezioa oso merkea denez, oso gutxi aurrezten baita. 

 

Ordutegi-tarteen 2.0TD tarifarekin aurrezteko aholkuak

Energiak hiru ordutegi-tarte eta potentziak bi ordutegi-tarte dituenez, energia elektrikoan gehiago aurrezteko baloratu beharreko kasuistika ezberdin ugari sor daitezke. Gehiago aurrezten saiatzeko, bi gauza egin ditzakezu:

  • Energiak prezio desberdineko ordutegi-tarte ezberdinak izateak elektrizitatea merkeagoa den ordutegi-tarteetan erabiltzen saiatzera bultzatzen gaitu.
    • Adibidez, ur beroko termo elektriko programagarri bat edo, oro har, edozein aparatu programagarri (garbigailua, ontzi-garbigailua...) baduzu, gauean (sakonunean, tarte merkeenean) martxan jartzeko programatu dezakezu.

    • Halaber, komenigarria izan daiteke garbigailua eta beste etxetresna elektrikoak asteburuetan zehar erabiltzea, asteburuak tarte merkeenean, sakonunean, sartzen baitira.

  • Potentzia handia behar duen eta energia edozein ordutan erabil dezakeen aparatu bat baduzu (esaterako, ur beroko metagailu bat edo azkar kargatu nahi duzun auto elektriko bat) gauetarako eta asteburuetarako (sakonunea) potentzia handiagoa kontratatu dezakezu, aparatua orduan kargatzeko. Horrela ez duzu kontratatu eta ordaindu beharko potentzia handiago bat egun osoan zehar.  

 

Ordutegi-tarteen 2.0TD tarifaren prezioen berrikuspena

Som Energiak ezarritako prezioak 30 egun lehenago jakinarazten dira eta prezioak aldatu arte mantentzen dira. Hori hala izango da baldin eta energia kontsumitzeagatik ordaindu beharreko zenbatekoak (adibidez, BEZa, karguak edo bidesariak) aldarazten dituen erregulazio berri bat onartzen ez bada. Kasu horretan, aldaketak berehala aplikatu behar dira eta ezin dugu utzi 30 eguneko marjina.

Honek erantzun al dizu zure galdera? Eskerrik asko iritziagatik Arazo bat izan da zure iritzia bidaltzean. Saiatu berriro geroago.

Ez al duzu bilatzen ari zarena aurkitzen? Harremanetan jarri Harremanetan jarri